Errezeta berria, eltze zaharrean

Miarritzek jokalari gutxi fitxatu ditu, eta Lagisqueten itzulerarekin aurreko urteetako zapore ona berreskuratu nahi duJokoan mugimenduaren alde eginen du, usaiako indarrezko jokoaren ordez

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Azken egunetan Agileran itzuli bat egin duenak garai zaharretako airea ikusi du. Nostalgia pizten duten larrazkeneko arratsalde horietan bezala. Zuri-beltzeko filmen zaporea eta garai bateko egun zaharren usaia darie 2011-2012ko sasoiko Miarritzeri. Laurent Rodriguez hor da, 1950eko hamarkadako txapela eta gabardina sekula urrun ez dituena. Taldearen buru, 1990eko hamarkadan bezala, Serge Blanco ikus daiteke hortik hara. Eta, berritasun gisa, aspaldiko Patrice Lagisquet ere aldageletatik ezker-eskuin ari da berriz. Ados, Jean Mixel Gonzalez kanboarra ez da gehiago egunerokoan Agileran ikusiko, baina aurpegi klasiko anitz ditu egungo Miarritzek.

Jokalarien aldetik ere, betiko aurpegiak hor daude: Jerome Thion, Philippe Bidabe, Benoit August eta Julien Peyrelongue dekorazioaren parte dira dagoeneko. Haien ondoan, Eduard Coetzee, Iain Balshaw eta Zi Ngwenya zakur zaharrak gurutza daitezke. Denboraldi berri honetako Miarritzek, dudarik gabe, klasikotik anitz izanen du. Eta hori, Imanol Hariñordoki, Dimitri Yachvili eta Damien Traille Munduko Kopan daudela jakinda. Egia da Benoit Baby, Dan Caprice eta Seremaia Burotu iritsi direla Lapurdiko kostaldera, baina horrela ere, zaharretik du gehiago taldeak berritik baino.

Hori hala izatea ez da bortxaz txarra, urtez urteko egonkortasunaren ordez, berehalako aldaketak eta iraultzak nahiago dituen kirol profesionalean. Urteak aitzina doaz, baina Miarritzek badaki nora doan.

Eta hori ikusiz, xuri-gorrien zaleak pentsa dezake Miarritzeren betiko estiloak sasoi honetan ere berean jarraikiko duela. Aitzinean indarra, uztartze erdi bizi eta argia, zango joko eraginkorra eta jokaldiak bukatzeko hegaleko zaluak. Errugbi klasikoa eta joko pragmatikoa, hori da Miarritzeren izenpedura.

Hori pentsatzen duena harrituta utziko zuten Agilerako taldeak jokatutako hiru lagunarteko partidek. Prestaketa partida horietan ikusi den hautua erabat beste norabide batekoa izan da. Lagisquet taldera itzuli denetik aspertu arte ari da errepikatzen honako hau esperientzia berri bat dela, 1997 eta 2008 artean entrenatzaile gisa izan zuenarekin alderatuta. Zaleei hori sinestea kostatu zaie, baina erran horiek kontuan hartzen hasi beharko dute.

Lagisqueten gidaritzapean, Miarritzeren jokoa eraldaketa fasean dago. 2000ko hamarkadan hainbeste arrakasta eman dizkion errezeta aldatzen ari da miarriztarren errugbi zuzendaria.

Begi bistakoa izan da orain arte Miarritzek erakutsi duen joko bizi eta haizetsuaren aldeko parioa. Pase bakarreko jokaldiak eta dortoka bukaezinak dogma aldaezina ziren lehen, baina salbuespen bihurtu dira. Kontsigna berria argi dago: jokoa fite transformatu behar da, baloia zelai erditik harago eramanez eta gibelekoen artean abilezia eta abiadura bultzatuz. Aitzinekoak jada ez dira uztartze erdiaren inguruan egoten, baloia hartu eta jokalari pilaketa bat egiteko. Hamarraren eta erdikoen gibelean kokatzen dira, hegalean garbiketa egiteko, edo pasea jasotzeko zain.

Gazteen garrantzia

Miarritze talde klasikoa da, baina hamabosteko jostaria izan nahi du. Neurri horretako aldaketa, noski, ez da bi arratsaldetan gauzatzen, eta oraindik zalantza batzuk ikusi dira pario berri horretan. Agenen aurka galdutako partidan lapurtarren partida norabiderik gabeko errugbi total bat izan zen. Bristolen aurka zailtasunak izan zituen etxeko taldeak, parean Ingalaterrako Bigarren Mailako aurkaria izan arren. London Irishen kontrako azken partidan ikusi zen joko aukera hori gorpuzten ari dela. Hegalen aldeko parioa ez da gehiago hil edo biziko hordago eroa. Aitzinean bi-hiru jokaldirekin hasten dira jokaldiak, gero gibelean koordinazio gehiago dago, eta zangoa ere behar denean erabiltzen da.

Orain, zailena ments zaio Miarritzeri: norabide berrian jarraitzea eta, kolpeak jaso arren, aitzina segitzea. «Badakigu ikasten ari garela eta batzuetan burua jaisten ikasi beharko dugula», onartu du Lagisquetek.

Norabide berri horretarako ezinbestekoa izanen du Agilerako taldeak jokalari gazteen ekarpena. Badira bi urte pixkanaka lehen taldera gazteak igotzen ari dela Miarritze. Ez da kasualitatea, beraz, Lagisquetek bere jokoa gazte horien dohainetara egokitzea. Wenceslas Lauret, Benoit Guyot, Paul Couet-Lannes, Jean Pascal Barraque eta Yann Lesgourgues jokalari biziak dira, txispa handia dutenak. Aitzinean ala gibelean jokatu, mugimenduko jokoa egiteko aproposak dira. Urtez urte taldera sartzen joan dira, eta sasoi honetatik aitzina garrantzia hartuko dute. Joko estiloa aldatuz joanen da haien mesederako, eta orain haiek ere hartu beharko dute ardura. Hurrengo urteetako Miarritzeren arrakasta edo porrota bide berri horretan asmatzean datza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.