«Hainbeste kostatu zaigu hona iristea, orain lau partidatan ez dugu ilusio guztia galduko». Ez zaio arrazoirik falta. Jokalari saiatua da Goikoetxea, eta horri esker lortu du Bigarren Mailan jokatzea. «Bigarren B Mailan nengoenean,beti esaten nuen nire erronka Bigarren Mailara iristea zela, eta ametsa, berriz, egunen batean Lehen Mailan jokatzea». Erronka bete du. «Eta amets egitea libre denez...». Horixe nahi du: egunen batean handienen artean golak sartzeko aukera izatea.
Baina, etorkizunean aukera gehiago izango dituen esperoan, dagoeneko badaki zer den handietan handiena txikitzea, Real Madrili umiltasun ukitua ematea. Bi une dauzka bereziki gogoan, eta Real Madrilen aurkako Espainiako Kopako partida da horietako bat -joan den denboraldian Bigarren Mailara igo ziren eguna bestea-. «Ikaragarria izan zen Madrilekoa». Irunen 3-2 irabazi zuen Real Unionek. «Eta gogotsu joan baginen ere, aukerarik ez genuela izango uste genuen». Handia egin zuten, ordea. Eneko Romok sartu zuen 4-3koa, 89. minutuan, eta Real Madril Kopatik kanpo utzi zuten. «Han, Madrilen, ez ziguten elastikorik eman, ez baitzeuden umore onean. Baina Irunen bai, Irunen trukatu genituen, egunen batean bilobei kontatzeko ere...».
Hala ere, Lehen Mailako futbola nolakoa den erakutsi zion partida hark. Atzelariekin borrokan aritu behar izaten du beti Goikoetxeak, eta ohituta dago atzelarien joko zikinera. «Baina Heinze Real Madrileko atzelaria benetan zikina iruditu zitzaidan orduan. Zapaldu, argentinarrez denetik esan... Pertsona txarraren itxura hartu nion, nahiz eta gero ez dakidan nolakoa izango den zelaietatik kanpo». Baloia sareetara bidaltzea baino zerbait gehiago da futbola. «Baina, tira, horrelakoa da gure ofizioa».
Bururik galdu gabe, behetik gorako ibilbide lasaia egin du debarrak. «Gehienak bezala, lagunekin hasi nintzen futbolean jokatzen, herriko plazan eta hondartzan». Eta ez omen zeukan futbol jokalari izateko itxura handirik. «Ez neukan ikuspuntu hori behintzat». Baina hain gaizki ere ez zela moldatzen ikusita, pausoak ematen hastea erabaki zuen: Amaikak Bat («herriko taldea, betikoa»), Aurrera Ondarroa («futbolean zerbait egiten hasteko aukera polita»), Athletic B («askorik jokatu ez banuen ere, oso-osorik futbolean sartzeko aukera»), Barakaldo («berriz futbola bizitzeko pausoa»), Lemoa («Iñaki Alonsoren deiari jarraituz egindako urratsa») eta Real Union («Iñaki Alonsok ekarri ninduen, berriz ere, berekin, eta elkarrekiko erabateko konfiantza lortu dugu»).
Real Unionen amaitu da oraingoz Debako herriko plazan hasitako ibilbidea. Real Unionen, Iñaki Alonsoren ondoan. «Lemoara eraman aurretik, uda guztietan deitzen zidan bere taldera joan nahi ote nuen galdezka». Bizkaitarraren jokalari kutuna da Goikoetxea. Ondo ezagutzen dute elkar. Eta nabari da debarraren hitzetan. Oso zehatz azaldu du Alonso nolakoa den. «Partida asko ikusten ditu, asko pentsatzen du, eta aste osoan dauka futbola buruan. Futboleko zoro horietako bat da». Baina gustura dago zoro horren ondoan. Denboraldi baterako kontratua dauka oraingoz.
Lotura berezia sortu da bien artean, eta jokalariak udan hartutako erabakian ere nabaritu zen hori. Salamancak fitxatu nahi zuela, Gironak, Herculesek... Bigarren B Mailan oso denboraldi ona egin ondoren, eskaintzaren batzuk eduki zituen. «Baina, batez ere, entrenatzailearengatik geratu naiz Irunen. Urte asko daramatzat bere ondoan, eta konfiantza handia dauka nigan. Etxean nago, gustura, eta talde honekin Bigarren Mailara igota, jarraitzeko gogoa neukan. Politena eta egokiena hemen jarraitzea zela pentsatu nuen».
Giro euskalduna aldagelan
Entrenatzailearen babesa baino zerbait gehiago aurkitu baitu Goikoetxeak Irunen. «Oso giro ona dago aldagelan». Edozein lan saio ikusita nabari da hori. «Aurreko denboraldiko ia hogei jokalarik jarraitzen dugu taldean, elkar ezagutzen dugu, eta etorri diren jokalari berriak ere ondo barneratu dira taldean». Etxekoak dira gehienak, hala ere. «Oso giro euskalduna daukagu, eta entrenatzean-eta euskaraz hitz egiten dugu. Horrek lagundu egiten du. Gauzak kontatzeko-eta askoz errazagoa da guretzat».
Deban bizi da Goikoetxea, gurasoekin. «Eta egunero egiten dut joan-etorria». Horretan egoera ez zaio gehiegi aldatu. Entrenamenduak ere «aurreko denboraldikoen antzekoak» direla onartu du. Baina gauza batzuk dezente aldatu dira. «Gironara joateko, adibidez, 8-9 orduko bidaia daukagu autobusez, eta kexatzeko motiborik ez badaukagu ere, asteburu guztia etxetik kanpo pasatu beharko dugu». Mailaz igotzen ari diren seinale.
Baina bidaia luzeez gain, aurkarien maila ere hazi egiten da mailak igo ahala. «Bigarren Mailan edozein momentutan sartzen dizute gola, nahiz eta taldeek ez duten hainbeste arriskatzen. Horrek harritu nau gehien. Taldeak ez dira hainbeste aldiz joaten aurrera. Atzelariak ondo kokatuta egoten dira, eta ondoren aurrekoen kalitateak erabakitzen du partida». Real Union ez dago ohituta jokamolde horretara. «Oso oldarkorrak gara gu, orain aurrera, gero atzera... Lasaiago egin beharra daukagu presioa, bestela ezustean harrapatzen baikaituzte atzean». Baina oso baikor dago Goikoetxea. «Mantentzeko taldea badaukagu, eta liga nahiko lasai amaituko dugula uste dut. Denboraldi polita izango da».
Nortasun agiria
Izena. Iñaki Goikoetxea.Jaioteguna. 1982ko maiatzaren 6a.
Jaioterria. Deba (Gipuzkoa).
Garaiera. 1,80 metro.
Pisua. 78 kilo.
Postua. Aurrelaria.
Ibilbidea. Amaikak Bat, Aurrera Ondarroa, Athletic B (2001-2004), Barakaldo (2004-2006), Lemoa (2006-2007) eta Real Union (2007tik).