«Erronka da niretzat»

ACB ligan jokatzea «aukera bikaina» dela esan du Adrien Moerman Gescrapeko jokalariak aurkezpenean

Pedja Savovic Gescrap Bizkaia taldeko presidentea eta Adrien Moerman, atzo, aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Adrian Moermanek atzo jantzi zuen lehen aldiz Gescrap Bizkaia taldearen elastikoa. 23 urte eta 2,03 metroko hegal-pibot frantziarra da Bilboko taldeak datorren denboraldirako fitxatu duen lehen jokalaria. Hiru denboraldirako kontratua sinatu du.

Moerman «pozik» azaldu da Gescrapek ACB ligan jokatzeko aukera eman diolako, «Europako ligarik onenean» jokatzekoa. «Frantzian sasoi ona egin ostean, beste erronka bat nahi nuen. ACB ligan aritzea da erronka aproposena. 23 urte ditut; nire ustez, adin onena jauzia egiteko. Esperientzia ona da, Bilbo hiri egokia da eta entrenatzaile eta taldekide onak izango ditut», esan zuen atzo Moermanek aurkezpenean.

Bilboko taldearen jarraitzaileek bazuten Nancyko jokalari izandakoaren berri, talde hori izan baitzuen aurkari Gescrapek Euroligako lehen ligaxkan. Frantzian jokatutako partidan, Moermanek hamabost puntu sartu zizkion euskal taldeari. Itzulikoan, puntu bat gehiago lortu zuen: hamasei. Bi norgehiagoka horietan eman zuen bere dohainen berri. Atzo ere haren ezaugarriak gogorarazi zituen Pedja Savovicek, Gescrapeko presidenteak. «Jaurtitzaile ona da, ondo sortzen du jokoa eta ondo moldatzen da baloia eskuetan duenean».

Gescrapeko jokalari berriak «lehenbailehen» egokitu nahi du taldera zein hirira. «Energia eta presentzia» eskaini nahi ditu. Zaleei, berriz, «guztia» emango duela agindu die, hori eginda haien «estimua irabazteko».

Fabien Causeur ere, begiz jota

Moermanek herrikide eta lagun min bat izan dezake taldean. Izan ere, Gescrapek Fabien Causeur Cholet taldeko eskolta frantziarra fitxatu nahi du (23 urte eta 1,93 metro luze). «Nire lagun onena da, eta oso harreman estua dugu. Asko hitz egiten dugu elkarrekin. Baina ez dakit zer gertatuko den. Nik etortzea nahi dut. Bi lagun izango ginateke, eta biak frantziarrak. Oso ondo legoke», adierazi zuen Moermanek. Causeurrek, hala ere, eskaintza bat baino gehiago du mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.