Igor Makazaga. Orioko entrenatzailea

«Erronka handia da Orio entrenatzea»

Arrauna aldi baterako uztera zihoan, baina Orioren deiari ezin izan dio ezetz esan. Urtebeterako sinatu du, eta lanean hasteko irrikaz dago. Ardura hartzeko prest ikusten du bere burua.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Zarautz
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Pertsona lasaia da Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972), eta nekez galtzen du burua. Orioko entrenatzaile izendatu berritan ere, lasai dago. Badaki erronka handia izango duela, baina bere buruarekin konfiantza handia dauka.

Arrauna aldi baterako utzi behar zenuela iragarri eta gero, Orioren eskaintza onartzea erabaki duzu. Nolatan?

Erabat erabakita neukan tarte baterako arrauna uztea, garbi neukalako San Juaneko zikloa bukatuta zegoela. Lau denboraldi egin ditut bertan, eta eman beharreko guztia emanda zegoen; ikusten nuen ezin niola taldeari etekin gehiago atera, eta akaso, ni neu ez naizelako gai horretarako.

Beste eskaintza batzuei ere uko egin diozu?

Bai. Izan dut aukeraren bat edo beste, baina ez nuen garbi ikusten. Uzteko aukera ikusten nuen garbien. Baina erabakia hartu eta gero sortu zen Orioren aukera.

Eta Oriori ezin zaio ezetz esan...

Bi gauza daude hor: batetik, nire egoera pertsonala, hamar urte direlako Orion bizi naizela. Emaztea eta seme-alabak oriotarrak ditut. Baina egoera horren gainetik dago beste hau: Orioko entrenatzailea izatea erronka handia da; aitortu beharra dago hori. Nahiz eta liga onenean ez egon orain, sekulako baliabideak dauzka, materialari eta pertsonei dagokienez. Orduan, Orion lan egitea oso erakargarria da. Aukera aztertu nuen, eta klubeko zuzendaritzaren egoera argitu denean, lanerako prest nago.

Hurrengo denboraldiko helburua San Miguel ligara igotzea da?

Zuzendaritzak ez digu helburu jakinik jarri. Helburu nagusitzat har daiteke igoerako kanporaketara sartzea, KAE 1 ligan lehen bien artean sailkatu eta gero. Baina garbi daukagu gure baliabideengatik lehiaketa guztietan egon behar dugula: aulki mugikorrean, eta ontzi txikietan ere, lehiakorrak izan behar dugu. Helburu nagusia zein den galdu gabe, talde handia izango dugunez, denean erakutsi behar dugu burua. Ezingo gara denetan ahalegin bete-betean atera, baina aurpegia emango dugula garbi daukat.

Maila galdu eta gero, nolako animoa aurkitu duzu klubean?

Denetarik ikusi dut. Klub guztietan urteko hilabeterik txarrena urria izaten da; nahiz eta kanpotik begiratuta atseden garaia ematen duen. Oso gogorra izaten da, jendeak oso nekatuta bukatzen duelako, eta oso zaila izaten delako jendeari ilusioa berriz sartzea. Orion denetarik aurkitu dut. Batzuk ilusioz gainezka daude, baina beste hainbat azkeneko denboraldiko zama gainetik kendu ezinda ikusi ditut, eta logikoa da hori. Hala ere, laneko asteak pasatu ahala, iragana ahaztuz joango da jendea, eta piztuko zaizkie motibazio berriak.

Taldea indartu duzue Mikel Portularrume, Miguel Angel Millares, Unai Amenabar eta Arkaitz Goñi fitxatuta. Gehiago ekarriko al dituzue?

Lehen helburua izan da aurtengo taldeari eustea, eta lortu dugu ia gehienean. Oso garrantzitsua da hori. Bigarren helburua izan da Orion ibilitako arraunlariak berreskuratzea, eta batzuk lortu ditugu: Amenabar, Goñi —lehen fitxa Orion dauka—. Kanpokoren bati ere ez genizkion ateak itxi nahi, eta Carballedaren fitxaketa hor sartu dugu; baina ez genuen txoratu nahi kanpoko jende asko ekarriz. Beste batzuei ez etortzeko esan diegu, arraunlari asko izango garelako.

Zergatik ekarri dituzu lau arraunlariak?

Taldearen barruan lehia sortzeko. Fede handia daukat lehian. Neguan lehia badago, askoz lan hobea egiten da. Lehiarekin entrenatzea oso garrantzitsua da. Lan handiagoa emango digu, arraunlari asko izango ditugulako, baina funtsezkoa da lehia edukitzea arraunlarien artean.

Kanpokoak ekartzeagatik, norbaitek pentsa lezake etxekoak ez direla balekoak?

Ez, ez, inondik ere ez. Aurtengo lehen bi taldeak ia osorik lotu eta gero hasi gara jende bila, eta aurtengo taldeko arraunlariak etxekoak izan dira. Bertako jendea da lehentasuna, eta garbi daukagu arraunlariak egin egin behar ditugula. Gazte mailan ere onak daude, balekoak, eta horiekin ere lan egin behar da. Etxekoen aldeko datua emango dizut: 40 bat arraunlarirekin hasiko gara entrenatzen, eta Carballeda eta ni neu izan ezik, gainerako denak aurretik Orion arraun egindakoak dira. Etxean badago nahiko gai, eta etxekoa jorratu behar dugu.

Zein izango da lanaren filosofia?

Batik bat, estropada eta modalitate guztietan lehiatu nahi dugu. Oriok aurpegia eman behar du edonon, nahiz eta gerta daitekeen uneren batean ondo ez egotea. Beti azaldu behar dugu, nahikoa talde handia daukagulako. Estropada non, Orio han; horrek izan behar du gure filosofia.

Arraunean egingo al duzu?

Entrenatzen hasiko naiz, eta hartara, entrenamenduak gogorrak direla kexatzen badira, erakutsiko diet nik neuk egiteko modukoak direla [barrez]. Espero dut estropada asko lehorretik ikustea. Aldaketa da niretzat, baina noizbait heldu behar du. Datorren urtean bertan izan daiteke. Nire lehentasuna entrenatzailea izatea da, eta arraun egiteak asko kentzen dio entrenatzaileari. Hori neurtu egin behar da: merezi al du arraun egiteagatik entrenatzaile lana ondo ez egitea? Egoerak eskatzen badu, hala beharko du. Baina taldearen egoerak eskatzen badit entrenatzaile soilik izan behar dudala, arraunlari izateari utziko diot.

San Juanen entrenatzaile hasi zinenean egoera jakin batean zegoen kluba, maila galduta eta berriz hasi beharrean, nolabait esateko. Orain, Orio ere antzera dago. Parekotasun handiak al daude?

San Juanen taldea hartu nuenean, azken 20 urteetako egoerarik txarrenean zegoen kluba, eta Orio ere halaxe dago, kirol arloari dagokionez. Antzekotasuna hori da. Baina, akaso, hala izan ez balitz, egoera onean baleude, ez lukete nire aldeko apustua egingo, eta beste entrenatzaileren bat hartuko zuketen.

Orioko entrenatzaile izateak beste nonbaiteko entrenatzaile izateak baino erantzukizun handiagoa al du?

Ezetz esango nuke. Presioa handiagoa izango dut, Orion denak duelako garrantzia, eta denak kezkatzen direlako. Baina erantzukizuna, azken batean, nik hartzen dudan arduraren araberakoa izango da. Erantzukizuna bera da Orion, San Juanen edo beste edonon, neuk jartzen diodalako presioa neure buruari.

Ez zara oriotarra, baina Orion bizi zara...

Emazteak esan dit Zarautzen denbora gehiago egon beharko dugula [barrez]. Jende asko ezagutzen dut Orion, baina ez da konfiantzazko harremana, eta ez zait inor etorriko presioa egitera edo gauzak esatera. Errespetua dago, eta errespetatua sentitzen naiz; gero, ikusiko dugu zer gertatzen den... Ez nau kezkatzen horrek. Garbi daukat gauzak nola egin behar ditudan, eta ondo edo gaizki, aurrera joango gara. Emaitzak onak badira, ez naiz txoratuko jendearen txaloekin, eta gaizki badoaz, badakit zer egin behar dudan oreka ez galtzeko. Arriskua bi aldeetara dago, eta prest egon behar du norberak orekari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.