«Erronka polita daukagu»

Hamabost egunotan jokalariek «oso ondo» lan egin dutela onartu du Montanierrek, eta Zaragozaren aurka jokatzeko irrikan daudelaGriezmannekin hitz egin duela aitortu du frantziarrak, eta «pazientzia» eskatu du

Philippe Montanier Realeko entrenatzailea, atzo goizean, Zubietan emandako prentsaurrekoan; baikor mintzatu zen frantziarra. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Denboraldiko lehen momentu zaila da, baina erronka polita daukagu taldearen erreakzioa ikusteko». Jokalarien antzera, Athleticen aurkako porrota ahazteko irrikan dago Philippe Montanier Realeko entrenatzailea. Hamabost egun igaro dira kolpe hura jaso zutenetik, eta taldearen dinamika aldatzeko gogoa dauka frantziarrak. «Oso ondo lan egin dugu hamabost egunotan, eta guztiok ezinegonik gaude Zaragozaren aurka jokatzeko. Partida zaila izango da, baina taldea prest dago, eta motibazioz gainezka».

«Taldea lehiakorra izatea eta partidak erregulartasunez irabaztea», horixe da frantziarraren helburua. Baina Realak arlo horretan huts egin zuen Bartzelonaren eta Athleticen aurkako lehen zatietan. «Galdera marka bat daukagu hor. Entrenatzaileak jokalariak lasaitu egin behar izaten ditu normalean horrelako partiden aurretik, gehiegizko oldarkotasuna alboratzeko. Baina ez dakit zergatik aritu zen taldea lehen zatian beharrezko oldarkortasunetik behera. Azken aldia izatea espero dut».

Antoine Griezmann. Beste izenik ez da entzun aste honetan Donostia aldean. Udako zalapartaren ondoren, denboraldia amaitzean beste talderen batera joan nahi duela esan du frantziarrak, berriz ere, bere herrialdeko egunkari batek egindako elkarrizketa batean. Montanierrek giroa lasaitu nahi izan zuen, ordea, atzo. «Griezmannen eta nire arteko elkarrizketa bulegoan geratuko da. Niretzat oso garrantzitsua da Antoine zelaian soilik kontzentratuta egotea, bere maila berreskuratzeko. Ez dezala hitz egin, edo hitz egin dezala hankekin».

Entrenatzaileak ez zuen zehaztu bihar Zaragozaren aurka hasierako hamaikakoan sartuko duen edo ez. «Agian bai, eta agian ez. Oraingoz sentsazio onak dauzka, ez dago nekatuta, eta beretzat garrantzitsua da selekzioarekin ondo aritu izana». Zelaitik kanpo indartsu dabil Griezmann, baina zelaian oso gorabeheratsu ari da. «Munduko Txapelketa baten ondoren ez da erraza jokalariek aurreko sasoiko maila onari eustea», argitu zuen Realeko entrenatzaileak. «Pazientzia behar da Antoinekin. Jokalari gazte batentzat zaila da denboraldi guztian maila ona ematea. Baina niretzat jokalari interesgarria da». Athleticen aurkako derbia erabili zuen Montanierrek adibide gisa. «Ez genuen partida ona jokatu, Antoinek ere ez. Baina gola sartzeko aukera ona eduki zuen. Talentua dauka, eta bere maila hobetzeko lan egingo dugu».

Behin Griezmannen inguruko eztabaida guztia alboratuta, buruan «Zaragozaren aurkako partida soilik» daukala azpimarratu zuen Montanierrek. «Aurkari zaila da bere zelaian. Oso ondo antolatuta egoten da, eta oso bizkor erasotzen du». Ez zuen eman hamaikakoari buruzko argibide handirik. «Baina ahal dudan hamaikakorik onena osatuko dut». Hamaikako horretan oraingoz ez dauka lekurik Carlos Velak. «Oraindik ez da sartu taldearen dinamikan, baina hobeto dago. Datorren astean deialdian sartzeko moduan egotea espero dut». Gorka Elustondo urrun dago oraindik. «Entrenamenduen zati bat bakarrik ari da egiten taldekideekin». Eta Ruben Pardo Reala B-rekin ariko dela argitu zuen frantziarrak.

Illarramendiren ordezkoa

Nork beteko du orduan Asier Illarramendik zelai erdian utziko duen lekua? «Asier jokalari garrantzitsua izaten ari da sasoi hasieran, baina beste jokalari batzuk ere badauzkagu. Taldean dago Realaren indarra. Asier galdu dugu, baina hor daude Markel, Aranburu, Mariga, Zurutuza... Lau bat aukera dauzkagu postu horretarako, eta maila ona daukate guztiek. Markelen egoera gehiago zehaztu zuen Montanierrek. «Osasunaren aurkako lagunarteko partidaren ondoren erakutsi du fisikoki oso ondo dagoela, nahiz eta erritmo pixka bat falta zaion. Hamabost egunotan maila ona daukala erakutsi du, bai fisikoki eta baita teknikoki ere».

Zelai erdian bezala, aurrealdean ere aukera bat baino gehiago dauka entrenatzaileak. Diego Ifran «ondo» dagoela zehaztu zuen. «Eta Josebak [Joseba Llorente] lan asko egiten du beti. Gustatzen zait haren jarrera, eredugarria da. Hobetuz doa, eta egonezinik nago Josebarik onena berreskuratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.