Kamerun-Brasil (1-4)

Erronkak, hemendik aurrera

Brasilek Kameruni irabazi beharra zeukan aurrena izateko eta ez du hutsik egin. Txile izango du aurkari final 1/8etan, A multzoan gailendu eta gero

Brasilgo jokalariak, final zortzirenetara igaro izana ospatzen. SHAWN THEW / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 24a
00:08
Entzun

Brasilek ez dio ezusteari tarterik txikiena ere eman, eta aurretik eraman du Kamerun txapelketan aurrera jarraitzeko. Berdinketa nahikoa zuen final 1/8etara sailkatzeko, baina astindua eman dio Afrikako selekzioari: 1-4. A multzoko lehen lekuan bukatu du, eta Txile du zain, buruz buruko aurreneko kanporaketan.


Nagusitasuna ezartzera atera da Scolariren taldea, goian presioa eginez eta erasoa azkar antolatuz. Baina eraginkortasun txikiarekin. Eta aurreneko 15 minutuetan, golik ez. Gainera, Kamerun bera ere lotsak aldagelan lagata atera da, eta ezer galtzeko ez zuela eta, besteetan baino erosago ibili da hasiera horretan. Nahikoa erraz hautsi du Brasilen presioa, eta Julio Cesarren atera heltzea lortu du.


Baina Brasilek zerbait badu, joa da. Gola. Eta presio altuak emandako baloi bati, etekin ona atera dio Neymarrek. 17. minutua zen. Ematen zuen zapaldu egin behar zuela Brasilek Kamerun, baina ez. Berean segitu dute afrikarrek, eta saria jaso 26. minutuan. Matipek berdindu egin du.


Emaitzak emaitza, ez da inor bere onetik atera Brasilen. Bere joari Kamerunen defentsako lan kaskarra gehituz gero, ez da harritzekoa gero gertatu dena. Neymar berak sartu du bigarrena 35. minutuan. Bigarren zatian, aldaketa gutxi. Brasil eroso, indarrak neurtuz eta burua final 1/8etan. Hala ere, beste bi gol sartu ditu: Fredek 49. minutuan (jokoz kanpo zegoela) eta Fernandinhok 84. ean.


Lehen fasean egin du egin behar zuena Brasilek. Multzoko buru sailkatu da. Jokoan, aldaketa gutxi. Scolari ez da aldatuko. Benetako erronkak orain hasiko zaizkio selekzioari eta berari. Aurrenekoa, potoloa: Txile deserosoa: larunbat honetan, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.