Hobendun bila. Pluralean. Talderen batek partida bat galtzen duenean, deskalabru horren erruduna sutan erretzea ohitura bilakatu da. Gurean eta gureak ez direnetan. Profesionaletan eta haurren partidetan. Realean Bravo erre dute, larunbatean huts egin zuelako. Baina berak bakarrik hutsegin al zuen jokaldi malapartatu hartan? Athleticen, irabazi arren, eztabaida bat baino gehiago dago piztuta, eta denetan, Caparros daukate erregaitzat. Osasunan, ohi bezala, golik ezari bota zaio errua. Eta zorte txarrari. Baina erruduna Javier Aguirre da.
Zutoinak kornerretan. Aldatu egin da joera kontrako kornerretan. Ni jokalari nintzenean, duela urte batzuk, bi jokalari jartzen zituzten entrenatzaileek zutoinetan. Bana zutoin bakoitzean. Orain, ordea, denetarik ikustera ohitu gara. Zutoinak libre-libre uzten dituenik ere bada. Edota batean norbait, eta bestean inor ez. Javier Aguirrek lehengo joerari eutsi zion igandean. Jokalari bat aurreko zutoinean, eta beste bat atzekoan. Eta horregatik ez zituen Osasunak hiru gol sartu hiru jokalditan. Zaragozako jokalariek ateko marraren gainetik galarazi zituzten sarera zihoazen hiru erremate. Aguirre ez beste entrenatzaileren bat izan balitz Zaragozako entrenatzaile, zutoinak libre-libre edo bat betea eta bestea hutsik uzten duen horietako bat, hiru puntu gehiago izango lituzke Osasunak.
Ordezkoak eta jokoa Euskadi Irratikoei entzun nien hau Athleticen partida jokatu berritan. Haritz Gallastegi eta Angel Garitano ari ziren hizketan. Caparrosen aroa bukatu dela azaltzen zebiltzan. Arrazoiak hauek: laugarren sasoia duela, eta taldean ez dela bilakaerarik ikusten jokoari dagokionez. Beti jokalari berek jokatzen dutela, eta talde osoari ez diola etekinik ateratzen. Levanteren aurka ondo jokatu ez izana, eta ordezkoek hiru puntuak eskuratu izana helduleku egokiak dira arrazoi horiei eusteko. Kritika horien hartzailearen ikuspegian jartzea erabaki dut. Sartu naiz Caparrosen buruan, jarri naiz haren baitan, eta litekeena da gogoeta hauek ibiltzea batetik bestera, larunbatekoa aztergai duela: «Ordezko askorekin hiru puntuak irabazi genituen, eta, agian, orain arte baino gehiago hartu beharko nituzke kontuan. Baina irabazi egin genuen arren, etxetik kanpo jokatutako beste partida batzuen aldean, joko eskasa egin genuen». Bi ikuspegiak hor daude, bat neuk sortua izan arren, eta nago Caparrosen aurkako iritzi olatua handitzen ari dela. Nahiz eta emaitza onak lortu dituen Athleticen denetik, eta sekulako lana egin duen taldea eraberritzen.
Hutsak. Bravok eman zion pasea Adurizi, baloia handik urrun jaurti nahian. Eta Adurizek, bikain, gola sartu zuenez, eta gol horrekin irabazi zuenez Valentziak, atezainaren erruz galdu zuen Realak. Baina jokaldi horretan, badira huts gehiago. Jokaldia beste jokaldi batean bilaka zezaketenak. Bat: komunikazio falta. Bravori norbaitek esan behar zion ez jotzeko baloia aurrenekoan, astia zuela kontrola egiteko. Behin Adurizek baloia zuela, norbaitek esan behar zion Mikel Gonzalezi ez joateko itsu-itsu aurrelariaren bila, itxoiteko gehiago, beste aldeko laguntzak laguntza izatera hel zitezen. Bi: hegaleko atzelariak zelai-erdikoen parean daude Mikel Gonzalezek baloia hartzen duenean. Oso goian. Atzerago egon izan balira, erdiko atzelariak pasea emateko aukera gehiago izango zituen. Eta Adurizek aurkari gehiago izango zituen area ingurura iritsi aurretik. Horra errudun bakarra errudun asko bihurtua. Inoiz ez baita errudun bakarra izaten galtzen denean. Ezta garaile bakarra ere irabazten denean. Futbola taldeko kirola.
Aulkitik begira
Errudunak aurkitu behar eta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu