Errugbia arnastuko da gaur Donostiako Anoeta estadioko txoko guztietan. Miarritze eta Baiona taldeak nor baino nor gehiago ariko dira, Lehen Errugbi Kopa eskuratzeko. Partida 20:15ean hasiko da, baina aurretik ere giro aparta izango da estadioaren inguruan. Izan ere, euskal taldeen azoka antolatu dute, errugbi zaleek elkar ezagutu eta ondo pasa dezaten.
Euskal Herria Kirolak antolatu du txapelketa berria, eta «euskal talderik onena zein den» erabakitzea du helburu. Horrela, azken urteotan bi taldeen artean banatu duten titulu hori norgehiagoka baten bidez erabakiko da. Partidaz gain, elkarteak gune bat ere antolatu du Anoeta estadioaren kanpoaldean, euskal taldeen azoka moduko bat. Bertan, Bera Bera, Hernani, Donostiako Atletiko, Ustaritz, La Unica, Gaztei, Gernika eta Zarautz taldeek postu bana jarriko dute. Gainera, DJ Bull, Damba eta Xutik musika taldeek girotuko dute errugbiaren festa.
Lapurdiko bi taldeak denboraldi-aurreko prestaketa egiten ari dira, baina lagunarteko partida batzuk jokatu dituzte jada. Baionakoak lehiatu dira gehiago orain arte. Bi partida jokatu dituzte, eta biak irabazi: Stade Francaisen aurka (38-18) eta Montpellierren aurka (26-25). Taldeak entrenatzaile berriak ditu sasoi honetarako, Christophe Deylaud eta Christian Lanta, eta biak «pozik» daude taldeak izan duen «hobekuntzarekin». Baionakoak «gustura» sentitu dira, baina Miarritzeren aurkako partidan ondo ari direla «berretsi» nahi dute.
Miarritzek, berriz, lagunarteko bakarra jokatu du, eta jokalari garrantzitsuenak ez ziren aritu. Hala ere, aise gainditu zuten Agen taldea (42-7). Taldeko entrenatzaileek, Serge Mihasek eta Jack Isaacek, ez zioten garrantzirik eman garaipenean lortutako alde handiari. Dena den,«pozik» agertu ziren jokalariek erakutsi zuten «jarrera eta gogoarekin».
Gaurko partidan, zaleek Matt Berquisten estreinaldia ikusteko aukera izango dute, Miarritzeko taldearen fitxatu berria. Irekitzaileak Agenen aurka jokatu behar zuen, baina beroketa saioan min hartu zuen, eta ez zuen jokatzerik izan. Bi taldeek sasoi berrirako prestaketarekin jarraitzeko baliatuko dute norgehiagoka, baina zerbait gehiago ere izango dute jokoan. Izan ere, euren arteko azken derbiak bizi-bizik izan dira.
Sarrerak, salgai Anoetan
Bi taldeak hamaika txapelketatan aritu dira elkarren aurka orain arte. Top 16 eta Top 14 ligetan jokatutako partidez gain, Ligako Kopan, Frantziako Kopan eta Frantziako Txapelketan neurtu dituzte indarrak, besteak beste. Historian zehar jokatu dituzten partidak, beraz, asko izan dira. Horiei beste bat gehituko diote, gaur estreinatuko den Errugbi Kopa. Lapurdiko bi taldeen neurketa bat izango duen hamabigarren txapelketa da.
Partida ikusteko sarrerak salgai daude elkarte antolatzailearen webgunean —www.ehkirola.org—, eta Anoeta estadioan, 12:00etatik aurrera, seigarren lehiatilan. 10, 20, 30 eta 40 euroko prezioa dute, gunearen arabera. Gainera, Realeko bazkideek %20ko deskontua izango dute sarrerak erosteko.
Errugbi giroa Anoetan
Lehen Errugbi Kopa jokatuko dute gaur Miarritzek eta Baionak, euskal talderik onena zein den erabakitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu