Hego Euskal Herriko errugbiaren gorakada

Errugbi zelaian dago etorkizuna

Ordizia, Kopako txapeldun; hiru euskal talde, ligako finalerdietan; eta lau, maila nagusian datorren sasoian. Hego Euskal Herriko errugbia garai gozoan da.

Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Errugbia gero eta ezagunagoa da gizartean. Gero eta jende gehiago animatzen da kirol hori egitera. Gero eta gehiago dira errugbi partidak ikustera joaten direnak. Beti egin izan diren kiroletatik ezberdina baita. Eta ezberdintasun horrek egiten du berezi, hain zuzen ere. Talde izaerak beste inon baino garrantzi handiagoa du errugbian. Lagunarte sendoak sortzen dira. Eta horrek jendearen zaletasuna areagotu du nabarmen azken urteetan.

Emaitza onek horretara laguntzen dute, gainera. Nabari da. Azken urteetan Ipar Euskal Herriko taldeak nabarmendu dira, baina Hego Euskal Herriko hiru euskal taldeek maila polita erakutsi dute oraindik amaitu ez den denboraldian. Batzuen ibilbidea zuzena eta besteena gorabeheratsuagoa izan den arren, azken kanporaketako lau onenen artean dira hirurak, eta bat, behintzat, final handian ariko da.

Ordizia ibili da hiruretan txukunen. Bigarren postuan amaitu zuen lehen fase erregularra Axio Arañak zuzendutako taldeak, eta, ondorioz, zuzenean sailkatu zen azken kanporaketako finalerdietara. Gernika izango du aurkari. Duela pare bat aste, gainera, taldearen historiako lehen titulu garrantzitsua eskuratu zuen, Espainiako Kopa irabazita. Aitor Araña taldeko presidentea (Beasain, Gipuzkoa, 1969) gogobeteta dago. «Urte askoan egindako lana fruitua ematen ari dela ikusten dugu; horrek erakusten digu hartu dugun bidea egokia dela, eta jarraitzeko gogoa eta ilusioa ematen digu» Lortutakoa sinesteko ez du beta handirik izan. «Oso pozik» dago taldeak orain artean egin duen denboraldiarekin. Ligako finalera ez sailkatuta ere, sasoi borobila egin duela esateaz ez da aspertzen. Harro dago, eta badu horretarako arrazoirik. «Gazte zirela entrenatzen nituen batzuk, lehen taldean dabiltza orain. Pentsa dezakezu zer esanahi duen horrek niretzat».

Zertxobait beheraxeago, sailkapeneko bosgarren postuan amaitu zuen Getxo Arteak lehen fase hori. Maila berreskuratu ondorengo lehen sasoia izan da Bizkaiko taldearentzat, eta Jon Etxebarria presidentea (Getxo, Bizkaia, 1961) «nahiko gustura» dago egindakoarekin. «Ligako kanporaketako final-laurdenetara sailkatu ginen hiru urtez beheko mailan ibili ondoren. Historikoki beti goian ibili izan gara, eta goranzko bidean gaude berriz. Hori da garrantzitsuena». Denboraldia borobiltze aldera, azken kanporaketako finalerdietara sailkatu ziren joan den igandean, La Vila iazko ligako txapeldunari aise irabazita (3-33). Datorren igandean, finalerako borrokan, Quesos Entrepinares lehen faseko txapelduna izango dute aurkari.

Zapore gazi-gozoagoarekin dago Marcos Larrauri Bizkaia Gernikako managerra (Bilbo, 1954). Fase erregularra seigarren postuan amaitu zuen taldeak Getxo Artearekin puntutan berdinduta, eta ozta-ozta sailkatu zen azken kanporaketara. Larrauriren esanetan, «denboraldi hasieran jarritako helburuen erdiak baino ez ditugu bete. Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatzea espero genuen, eta ligan laugarren postuan amaitzea zen helburua. Azken partidetan huts egin dugu, eta ezin izan dugu laugarren postu hori mantendu. Horregatik diot helburuak erdizka bete ditugula». Joan den igandean, baina, kanporaketako final-laurdenetako partida irabazi zuten Santboiren aurka (14-18). Partida estua izan zen, baina bizkaitarrek ez zuten amore eman, eta orain arteko helburuak bete ez arren, finalerdietako partida jokatuko dute igandean, Ordiziaren aurka.

Errugbia izaten ari den eraldaketaren adibide aparta da ligari ezarri dioten azken kanporaketa. Ez da Espainiako Ohorezko Ligan halako zerbait egiten den lehen aldia. Etxebarriak gogoan du duela urte asko halako lauko final bat egin zutela. «Saskibaloian egiten den antzera, asteburu bakar batean jokatu zen kanporaketa hura. Hala ere, oraingo formatua berriagoa da, sei talde daudelako liga irabazteko borrokan». Egitura berriaren alde agertu da Araña ere. Formatu berria jartzeko egin ziren bileretan egon zen goierritarra. «Haren aldeko apustu sutsua egin nuen hasieratik. Ikuskizun handiagoa ematen dio, eta erakargarriagoa da jarraitzaileentzat, taldeentzat, babesleentzat…». Larraurik ere ez du inongo zalantzarik. «Behar zen halako eredu bat. Munduko beste liga batzuetan jada ezarrita dago play-off-a. Emaitza onak eman ditu, gainera».

Etorkizuneko kirola izateko bidean dago errugbia. Duela pare bat aste jokatu zen Espainiako Kopako finala da horren adibiderik garbiena. 7.000 zale inguru bildu ziren Palentziako errugbi zelaian. Inoizko gehien. Larrauriren esanetan, «komunikabideek zerikusi handia izan dute gorakada horretan. Gero eta tarte handiagoa eskaintzen diote errugbiari. Azkenean ikusi dute etorkizun izugarria daukala». Azken hilabeteetan izan duen oihartzunak, halere, ez du askorik harritu Larrauri. «Errugbia aspalditik dago osasuntsu». Etxebarriaren esanetan ere, «beti egon izan da goiko puntan». 90eko hamarkadan, esaterako, Getxo Arteak sekulako maila erakutsi zuen. Taldearen historiako urterik onenak izan ziren. Liga bat, hiru Espainiako Kopa... Hark lortutakoak izan dira orain arteko titulurik gehienak.

Azken sasoietako poza Goierri aldetik etorri da, ordea. Errugbiak izan duen gorakadaren errudun handienetako bat da Ordizia. Arañak argi du datozen belaunaldiak ziurtatzean dagoela etorkizuna. Hori dela eta, gazteekin egiten ari diren lana azpimarratu nahi izan du beasaindarrak. «Nagusien taldea lortzen ari den emaitzekin, gero eta gazte gehiago gerturatu da gurera. Etorkizuna bermatzeko, oraingoen ordezkoak lehenbailehen bilatzea da gure eginbeharra». Gernikan ere, norabide berean ari dira lanean. «Ikastoletara joaten gara gazteei errugbia erakustera. Gernika inguruko gazte guztiek izan dute errugbia ezagutzeko aukera», azaldu du Larraurik.

25 urteren ondoren, Hernani

Ordiziari, Getxo Arteari eta Gernikari laugarren euskal talde bat gehituko zaie datorren sasoian. 25 urteren ondoren, Espainiako Ohorezko Ligara itzuliko da Hernani. Lau urtean mailaz igotzeko zorian egon dira hernaniarrak, eta aurten iritsi zaie saririk gozoena. Gozoena eta ederrena izaten delako hainbeste borrokatutako hura lortu ondorengo unea.

Joan den asteburuan lortu zuen berriz ere onenen artean aritzeko txartela, igoera faseko kanporaketan Alcobendasi irabazita. Joaneko partidan 18-19 irabazi zien espainiarrei etxean. Abantaila txikia izanik, argi zegoen itzuliko partidan erabakiko zela guztia. Eta hala izan zen. Neurketa estua izan zen, baina gipuzkoarrak gehiago izan ziren, eta aurreko astean lortutako abantaila areagotu zuten (6-8). Juantxo Rodriguez taldeko presidentearen arabera, «Gipuzkoako iraganeko herri txikietako kirola» bihurtzen ari da errugbia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.