Frantziako Federal 1eko azkenaurreko jardunaldia (21.a) jokatu zen atzo, eta Donibane Lohizunek final-hamaseirenetarako txartela lortu zuen, Gourdoni 35-0 irabazita Pabilioi Urdinean. Hortaz, azken urteotako lorpena errepikatzea erdietsi dute lapurtarrek. Gourdon aitzinetik zuen Donibane Lohizunek sailkapenean, puntu bateko aldea zuela, baina atzo erabat nagusitu ziren donibandarrak; laugarren dira sailkapenean (42 p.).
Hirugarren multzo horretan, Maulek 21-17 irabazi zion Gaillac bigarren sailkatuari, eta mailari eusteko urratsa egin zuen. Izan ere, Millau eta Maule 37 punturekin jarri dira 7. eta 8. postuetan, eta, Marmande, Mazamet, Lourdes eta Isle Jourdain 36 punturekin dira behealdean. Zuberotarrek La Testen jokatuko dute azken partida. Oso partida gogorra jokatu zuten Maukek eta Gaillacek. Lehen zatian 6-11 zen gibeletik Maule, baina gero bi entsegu egin zituen.Laugarren multzoan, Nafarroak 11-3 galdu zuen Saint-Paulen aurka, Akizen. Ondorioz, azken partida irabazi beharko du maila ez galtzeko kanporaketa saihesteko; Lavaur eta Lombez ukanen ditu kontrario erronka horretan. Bokalek, berriz, 12-17 galdu zuen Olorue liderraren aurka, larunbatean, eta Federal 2ra jaitsi da bi sasoi ondoren.
Miarritzeko Gaitan hutsune izan daiteke Parisen
Partida handia ez egin arren, Miarritzek Top 16ko hamazazpigarren partida irabazi zuen Briven (18-24), herenegun, eta tinko hasiko da heldu den larunbateko partida handia prestatzen gaurtik. Heineken Kopako finalerdiko partida jokatuko du Stade Françaisen aurka, Parisko Printzeen Parkean (16:00).
Herenegungo partidak ondorio txarrak utzi zituen. Izan ere, Martin Gaitanek zelaia utzi behar izan zuen 45. minutuan ezker belauneko bihurdura batengatik, eta gaur azterketa sakonagoa egingo badiote ere, aski zaila izango du Parisen jokatzea.
Apirilaren 30ean jokatuko da 26. jardunaldia. Miarritzek Castres hartuko du, eta Baiona Perpinyan ariko da. Baionak 13-24 galdu zuen Montpellierren aurka, herenegun, eta 13. postuan dihardu; maila ez galtzeko kanporaketa jokatzeko arriskua du. Halere, Mentieres entrenatzaileak Pauera joango dela esan du.
Ordizia lehen aldiz ariko da Espainiako Maila Nagusian
Espainiako Ohorezko Mailan aritzeko txartela lortu dute gipuzkoarrek, urte askoko lanaren fruitua jasota. Atzo 17-3 irabazi zioten Liceori itzuliko partidan. Joanekoan, bi puntuko aldeaz galdu zuten ordiziarrek.
ERRUGBIA. Donibane Lohizune sailkatu egin da; Bokale, Federal 2ra
Federal 1ean partida bat falta dela, Maulek badu mailari eusteko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu