Une onean hasiko dute miarriztarrek Heineken Kopa. Iaz, denboraldia gaizki hasita ekin zioten Europako lehiaketari, eta Gloucesterren etxean galdu eta gero, krisian sartuta jarraitu zuten. Aurten, aldiz, gauzak desberdinak izanen dira miarriztarrentzat: «Une onean dator guretzat Heineken Kopa. Bolada onean gaude, eta pixkana-pixkana hobetzen jarraitzeko balio behar digu». Jerome Thion Miarritzeko kapitainak ederki laburbildu zuen atzo lapurtarren espiritua Glasgowren aurkako lehen partidaren atarian.
Miarriztarrek, final-laurdenak jokatzea dute helburu, eta horretarako sailkapeneko lehen postura iritsi beharko dute. Baina sasoi hasierako emaitza onak, azken finean, erlatiboak dira, Heineken Kopa ez baita Top14a, eta testuingurua desberdina delako arrunt: «Heineken Kopa zinez aparte dagoen lehiaketa bat da. Kontaktuak gogorragoak dira. Taldeguztiak dira onak, eta hori erritmoan nabari da, batez ere kontuan hartuta multzoetatik ateratzeko barkatzerik ez dagoela», gaineratu zuen Thionek.
Lehiaketaren berezitasuna
Miarritzeko kapitainaren hitzek Heineken Kopa lehiaketa berezia dela argi uzten dute. Izan ere, Frantziako eta britaniar uharteetako errugbiak desberdinak dira oso, eta Top14ra ohituta dauden taldeak, tartean Miarritze, jokora egokitu behar dira. Urteroko gaia, adibidez, epaileena da. Top14ko taldeak usu kexu dira epaile britainiarren epaitzeko maneraz. Izan ere, Top14an (talde handientzat bereziki) epaileek falta batzuk ez dituzte adierazten, uztartze erdietan batik bat. Inon idatzita ez dagoen tolerantzia bat dago, jokoaren hobe beharrean.
Baina, Heineken Kopan horrelakorik ez dago gehiago, eta epaitzeko irizpide berrietara egokitu beharko du Miarritzek lehendabiziko partida honetan: «Epailearen jarrerara egokitu beharko gara, batez ere uztartze irekietan, plakatzaile-plakatu fase horretan», esan zuen atzo Jack Isaac Miarritzeko gibelekoen entrenatzaileak. «Egia da Top14an lege batzuek ez direla oso aintzat hartzen eta gero Europan nabaritzen dela. Jokalariek ohitura txarrak hartzen dituzte, eta horiek aldatzea ez da batere erraza». Isaac australiarraren begiak urrezko balioa du, urtero Top14ko klubek polemika pizten baitute epaileen aurka. Baina hego hemisferiotik dator Isaac, eta epaitzeko orduan kriterio aldaketa hori ederki ikusi du, frantziarrek aipatzen duten britaniarren konplotetik urrun.
Gaurko partida bereziki bihurria izanen da, Glasgowren helburu nagusia Heineken Kopa delako. Eskoziarrek, galesek eta irlandarrek Liga Zelta deritzon txapelketa jokatzen dute urtean zehar. Baina haien egiazko helburua ez da orain urte gutxi sortutako lehiaketa hori. Heineken Kopa eta Sei Nazioen Torneoa dira zelten helburua. Liga bazterrean utzi, eta horiek prestatzen dituzte hil edo bizi.
Azken urteetan emaitza onak eman dizkie politika horrek, azken bi Heineken Kopak Irlandako bi taldek irabazi baitituzte, eta Sei Nazioetan ere Gales eta Irlanda txapeldunen artean kokatzen hasiak dira jada. Testuinguru horretan, Glasgown ez dute partida errazik izanen miarriztarrek, Glasgowk bere txapelketa nagusia jokatuko baitu.
Azkenik, gaurko partidak Miarritzeren sasoiari buruz anitz erranen du: «Top14an etxean sei partida jokatu ditugu, eta etxetik kanpo gutxi aritu gara. Glasgown ikusiko dugu Agileratik urrun emaitza onak lortzeko gai garen», azpimarratu zuen Thionek. Egia da Glasgown txapelketa hasteak presioa ematen diola Miarritzeri, baina edozer gerta ere, sasoi honetan, Miarritzetik kanpo emaitza on bat ateratzeko beharrarekin jokatuko duen lehen partida izanen da gaurkoa.
Oinarriari eutsiko dio
Jokalariei dagokionez, Miarritzek azken asteetako oinarriari eutsiko dio. Gibelean, Erinle osatu da, eta hasieratik ariko da. Baina joan zen asteko irudi bitxia errepikatuko da, Brusquek hegalean jokatuko baitu berriz ere. Perpinyaren aurka partida ona jokatu zuen biarnesak, eta postu berri horretan ariko da berriro. Horrez gain, aitzinean, azken asteetan Barcella, August eta Johnstonen alde egin arren, lehen lerroan aldaketak eginen ditu Gonzalezek, eta Coetzeeri eta Terraini hasieratik aritzeko aukera emanen die.
GLASGOW-MIARRITZE
Glasgow. Welsh, Hall, Low; Barker, Kellock (kap.); Vernon, Barclay, Beattie; Cusiter, parks; Evans, Dewey, Mc Call, Van der Merwe; Stortoni. Ordezkoak: Mac Arthur, Tkatxuk, Kalman, Turner, Mc Millan, Gregor, O´Hare, Brown.
Miarritze. Coetzee, Terrain, Johnstone; Thion (kap.), Taele; Lund, Faure, Hariñordoki; Yachvili, Peyrelongue; Brusque, Traille, Erinle, Ngwenya; Bosch. Ordezkoak. August, Barcella, Moala, Carizza, Lauret, Lesgourgues, Courrent, Tranier.
Epailea. WayneBarnes (Gales).
Lekua. Glasgowko Firhill estadioa. (11.000 ikusle).
Orena. 16:45ean.
Partida atariko iritziak
«Boladan onean gaude, baina Heineken Kopan hutsetik hasiko gara»
Jean Mixel GonzalezMiarritzeko entrenatzailea
«Bolada onean gaudeTop14an, baina Heineken Kopan hutsetik hasiko gara. Jokalariek serio hartu dute partida. Glasgow talde ederra da. Cardiffen irabazi berri du, eta iaz erakustaldia eman zuen Tolosan».
«Heineken Kopaketa Top14ak ez dute inolako antzik»
Jack IsaacMiarritzeko gibelekoen entrenatzailea
«Heineken Kopak eta Top14ak ez dute inolako antzik. Heineken Kopan beste intentsitate bat dago. Goraka goaz, eta horretan jarraitu behar dugu. Glasgowk konfiantza handia du. Bere puntu azkarretan sinesten du».
«Gogorra izanen da gaurko partida,borroka handikoa»
Jerome ThionMiarritzeko kapitaina
«Bolada onean gaude, eta horrek presioa ematen digu, jendeak emaitza ona espero baitu. Baina Glasgown hastea ez da erraza. Orain bi urte han galdu genuen, eta badakigu borroka handiko partida izanen dela».
«Gure multzoa oso zaila da, oreka handia dagoelako»
Eduard CoetzeeMiarritzeko harroina
«Heineken Kopako multzo zailenak aipatzean, hirugarrena edo bosgarrena askotan aipatzen dira, baina gure multzoa ere oso zaila da, oreka handia dagoelako. Partidak irabazteko, sekulako borroka izanen da».