Iragan sasoian Agilerako hamabostekoak lortutakoa denen burutan dago oraindik, eta aho zapore on horrekin ekingo diote miarriztarrek gaur Heineken kopari. Joan zen maiatzean Heineken kopako finala jokatu zuen Miarritzek, Tolosaren aurka. Lehenago, multzoetan maisu agertu ziren Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaacen jokalariak, eta bi partida gogoangarri jokatu zituzten final-laurdenetan eta finalerdietan, Ospreys eta Munsterren kontra, hurrenez hurren.
Horiek, baina, iraganeko kontuak dira dagoeneko, eta abiatu berri den denboraldian dena berriz hastapenetik hasi beharko du Miarritzek. Alde horretatik, berebiziko garrantzia izanen du lehiaketa ongi hasteak: «Multzoetako lehen partida irabazteak anitz laguntzen du. Aurreko sasoian Glasgown irabazi genuen, eta abiada horri eutsi genion gero», dio Laurent Rodriguez Miarritzeko kirol zuzendariak.
Erran behar da, final-laurdenetara sartzea oso garesti dagoela Heineken kopan. Orotara, sei multzotan jokatuko da lehen fasea. Final-laurdenetarako txartela multzo bakoitzeko lehen sailkatuak lortuko du. Sei talde horiekin batera, multzo guztietako bigarren sailkatutako bi talde onenek osatuko dute zortzikotea. Lehen postua lortzea, beraz, kasik derrigorrezko baldintza da aitzina egiteko.
Bide horretan, baina, pisuzko aurkariak izanen ditu Miarritzek. Ingalaterratik Bath egokitu zaio Lapurdiko taldeari, eta harekin batera Ulster ere ariko da final-laurdenetara iristeko asmoz. Belfasteko hamabostekoak aurreko sasoian jada lortu zuen txartela, eta denboraldi honetan ere balentria hori errepikatu nahiko du: «Ulsterren jokatzea oso zaila da. Sekulako giroa egoten da, eta zaleek estutu egiten dute. Talde sendoa dauka Ulsterrek, eta sasoi honetan anitz gehitu du indar fisikoa, Hegoafrikatik ekarritako jokalariei esker. Oso kontuan hartzeko taldea izanen da», dio Dimitri Yachvili uztartze erdiak irlandarrei buruz.
Belfasteko taldeak Irlandako selekzioarekin ari diren jokalari batzuk baditu, Best, Wallace, Ferris eta Humphreys, adibidez. Eta dezente indartu du taldea uda honetan. Hegoafrikako Ruan Pienaar, Botha edo Smithekin beste dimentsio bat hartu du taldeak. Aironiren aurka irabazteak (30-6) argi utzi du Belfastekoen indarra.
Irlandarren aurka aritu baino lehen, baina, Miarritzek Bathen jokatuko du ligaxkako lehen partida. Ingalaterrako ligako talde klasikoa da Bath, hainbat alditan liga irabaztea lortu duena. 2004an, gainera, Heineken kopa irabazi zuen. Azken bi-hiru urteetan agian pattalago dabil, baina suspertze bidean da. Bide batez, aspaldiko ezagunarekin gurutzatuko da berriz ere Miarritze: «Denok dugu gogoan 2006ko finalerdian zenbat kosta zitzaigun Bathi irabaztea. Ingalaterrako taldeen iduriko, indar handia dauka, eta oso zorrotza da. Jokatzea ere anitz maite du», aztertu du Imanol Hariñordoki lapurtarren kapitainak.
Gaur arratsaldean jokatuko du Miarritzek, Euskal Herrian 14:00ak direnean -Ingalaterran 13:00ak-. Ordu berezi xamarra izanen da lapurtarrentzat, arratsalde bukaera aldean jokatzeko ohitura gehiago baitute Top 14an. Lehen minututik esna egon beharko dute, ordea, ingelesek ezingo baitute barkatu multzoko lehen postua lortzeko.
Lehia gogorra espero da
Bathek oso serio hartu du Miarritzeren aurkako partida: «Aurreko sasoiko finalista da, oso talde ona. Alde batetik, ez da kalterako Miarritzerekin hastea, gure maila zenbatekoa den ikusten ahalko dugulako», adierazi du Luke Watson ingelesen kapitainak partidaren bezperan. Oso lehia gogorra espero da Ingalaterran, eta Miarritzek emaitza ona lortzea du helburu. Irabaztea litzateke onena, batez ere ikusiz Ulsterrek erasoko puntuarekin irabazi diola Aironi italiarrari. Baina, galduta ere, miarriztarrek ez dute esku-hutsik itzuli nahi Bathetik. Laugarren multzo honetan gauzak estu joanen dira seguruenik, eta bukaerako emaitza hartutako erasoko zein defentsako puntu gehigarriek erabaki dezakete.
Hori guztia kontuan hartuta, ezusteentzat tarte txikia utzi dute Miarritzeko entrenatzaileek. Lapurtarren taktika arerioaren zain egotea izanen da seguruekin, Yachviliren zein Peyrelongueren zangoa erabiliz. Aipatzekoa da, halaber, aspaldiko partez Damien Traille deialdian sartu duela Isaacek. Sasoi hasieran min hartuta egon da, eta partida ongi badoa minutuak izanen ditu Traillek.
BATH-MIARRITZE
Bath. Catt, Dixon, Wilson; Hooper, Grewcock; Beattie, Taylor, Watson (kap.); Claasens, Vesty; Banahan, Barkley, Hapa, Carraro; eta Abendanon.
Miarritze. Coetzee, Terrain, Johnstone; E. Lund, Carizza; M. Lund, Lakafia, Hariñordoki (kap.); Yachvili, Peyrelongue; Balshaw, Bond, Gimenez, Ngwenya; eta Haylet-Petty.
Epailea. James Jones.
Lekua. Batheko The Recreation Groun zelaia (11.600 ikusle).
Orena. 14:00etan.
Multzoko beste partida. Ulster-Aironi: 30-6.
Partida atariko iritziak
«Finalera heldu nahi dugu berriz, baina oraingoan irabazteko»
Laurent RodriguezMiarritzeko kirol zuzendaria
«Heineken kopa hasteko gogo biziz gaude. Finalera heldu nahi dugu berriz, baina oraingoan irabazteko. Harrokeria eman dezake, baina ditugun jokalariekin horrek izan behar du helburua. Irabazteko ari gara».
«Heineken kopa lehiaketa sendoa da; xarma berezia du»
Serge BlancoMiarritzeko presidentea
«Beste multzo batzuekin alderatuz, gureak errazagoa dirudi, baina ez da hala. Heineken kopa lehiaketa sendoa da; xarma berezia du, laburra da, eta exijentea. Final-laurdena Anoetan jokatu nahi nuke».
«Bathen jokatu beharreko lehen partida oso gogorra izanen da»
Dimitri YachviliMiarritzeko uztartze erdia
«Partida zail anitz jokatu ditugu azkenaldian, eta lehiaketa zaila datorkigu. Ulster eta Bath izango dira bereziki zaindu beharreko taldeak. Bathen jokatu beharreko lehen partida oso gogorra izanen da».
«Lehen partida irabazteak sekulako garrantzia izanen du»
Imanol HariñordokiMiarritzeko hirugarren lerroa
«Zuhur ibili behar dugu. Ulster eta Bath oso talde sendoak dira. Lehiaketa honek ez du barkatzen, eta lehen partida irabazteak sekulako garrantzia izanen du. Lehen postua garesti izanen da denentzat».