Soilik Ingalaterrako Saracens talderen aurka galdu du Miarritzek jokoan den Heineken Kopan, eta hori lehen jardunaldian izan zen (22-10), urriaren 22an. Harrezkero, ordea, Miarritzek hobetu egin du, gorabehera batzuk izan ondoren. Hain justu, hobekuntza hori agerian geratu zen joan zen ostiraleko partidan, eta lehen aldiz irabazi zuen Irlandan, Ulster menderatuta (8-24).
Ondorioz, itxaropenez ekingo dio heldu den larunbateko azken partidari, Saracensen aurka. Gainera, ingelesek espero baino lan handiagoa egin behar izan zuten Treviso (It.) menderatzeko (35-30). Halere, ez da ahantzi behar jokalari aipagarriak dituela Saracensek; besteak beste, Castaignede (Fr.), Randell (Z.B.), Raulini (Fi.), Vyvyan eta Yates.Miarritzek ezin du galdu larunbatean. Berdinduz gero, berriz, final-laurdenetarako txartela lortuko luke, baina ez luke ziurtatuko lau onenen artean sailkatzea, hori baita aukera bakarra final-laurdenak etxean jokatzeko. Sailkaturiko zortziekin zerrenda egingo dute, eta horren arabera erabakiko dira kanporaketak.
Olivier Rieg da Miarritzeren prestatzaile fisikoetako bat, eta eginiko plangintza ongi ateratzen ari dela adierazi du: «Urtarrilean sasoiko egoteko egin genuen plangintza, eta Belfasten erakutsi zuten emaitza, bigarren zatian gora egin baitzuten». Lievremont kapitaina ere mintzo da: «Ongi antolatu ginen defentsan eta denek erantzun genuen ongi; hori ezinbestekoa izango da ingelesen aurka ere».
ERRUGBIA. HEINEKEN KOPA. Sailkatzeko itxaropena bai, baina neurrian
Miarritzek zaleen bultzada ukanen du larunbatean Saracens gainditzeko, baina irabazi egin behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu