Egun handia iritsi da. Miarritzek gaur arratsaldean buka dezake denboraldia, edo haren historiako lorpen handienaren lehen lerroak idatzi. Donostiako Anoeta estadioan jokatuko dute xuri-gorriek 2009-2010 denboraldiko Heineken kopako finalerdia. Arerioa ere hitzorduaren tamainakoa izanen da. 2006 eta 2008ko Europako txapelduna: Munster Irlandako taldea, hain zuzen ere.
Top14tik kanpo daude Agilerakoak, eta dagoeneko Heineken kopa da haien helburu bakarra. Aste osoan burua Anoetarantz itzulia izan du Jean Mixel Gonzalezek eta Jack Isaacek zuzendutako taldeak, eta 16:00etan hasita historian mugarri izateko aukera izanen du. Tolosak eta Leinsterrek jokatuko dute beste finalerdia, gaur ere, 16:45ean.
Azken unera arte dena ezkutuan gorde izan nahi dute bai lapurtarrek, bai irlandarrek. Asteazkenetik Hendaian (Lapurdi) egon dira Miarritzeko kideak.Munsterrek ere sekretupean prestatu du gaurko finalerdia. Bi taldeen jarrera ulertzekoa da, alde batetik zein bestetik zalantza batzuk zeudelako tartean. Azkenean, baina, biek haien hamabostekoak jakinarazi dituzte, eta zenbait ezusteko daude.
Miarritzeri dagokionez, jakina zen Damien Traillek ezin izango zuela jokatu, aste bat lehenago Clermonten aurkako partidan min hartu baitzuen. Trailleren hutsunea ez da edonolakoa. Ostikada ederra du biarnesak, eta defentsan ere oso segurua da zangoz jotako baloiei erantzuteko. Jack Isaacek onartu egin du kolpe latza dela Traillen falta. «Taldea berrantolatu beharko dugu. Batez ere zango jokoari dagokionez. Hala ere, Damienen ordez ari direnak dena ematera sartuko dira. Daudenekin egin beharko dugu, ez daudenak ahantzita».
Traillen faltaren ondorioz ikusteko zegoen Isaacek nola antolatuko zuen 10-12-13 hirukotea. Alde horretatik ezusteko bat dago, zangoz maisua den Julien Peyrelongue aulkian izanen baita, 10 postua Karmichael Huntek hartuko duelako. Peyrelongue baino askoz jostariagoa da Hunt, eta, ondorioz, zangoaren ardura Dimitri Yachviliren gainean egonen da. Frantziarrak Ian Balshaw izanen du laguntzeko prest.
Gainerakoan, aski garbi dago Isaacek indarraren alde eginen duela apustu gibeleko lerroan. Aspaldian taldetik at egon den Ayoola Erinle hasieratik ariko da 12 postuan. Haren ondoan, Arnaud Mignardi bizia, eta batez ere Jean Baptiste Gobelet egonen dira. Bai Erinle eta bai Gobelet indar handiko jokalariak dira. Isaacek Munsterri giharrekin ihardetsi nahi izan dio, beraz.
Aitzinean ezusteko gutxiago eman du Gonzalezek. Lehen lerroa klasikoa da, eta bigarrena ere bai. Tarteka hirugarren lerroan kokatu duen Trevor Hall aldi honetan bigarren lerrora pasatu du. Baten bat harritu daiteke hirugarren lerroan 21 urteko Wenceslas Lauret gaztea ikusita. Lehen neurketa handia izanen du Lauretek hasi berria duen errugbilari ibilbidean. Gonzalezek hari buruz errandakoak entzunda, alta, ez da hain harrigarria Lauret hasierako hamabostekoan ikustea. «21 urte ditu, baina zaharrak bezala ari da. Azkenaldian bera izan da onena bere postuan. Ondorioz logikoa da hasieratik aritzea, batzuek baino esperientzia gutxiago izan arren». Laureten ondoan Imanol Hariñordoki egonen da. Garaztarrak hautsita du sudurra, baina ez du gaurko norgehiagoka galduko, eta babesteko maskara batekin ariko da.
Munsterren, berriz, bizpahiru zalantza zeuden. Hamabostekoari behako bat ematean fite ohartzen da bi hutsune oso nabarmen izanen dituela Irlandako taldeak. Nabarmenena bigarren lerroan dago, zalantzarik gabe. Paul O'Connell Munsterreko eta Irlandako kapitainak ez du bere lekua beteko. Aste osoan kili-kolo ibili ondoren, azkenean ez da jokatzeko moduan egonen. Berri ona da, dudarik gabe, Miarritzerentzat. Hala ere, O'Connellen ordezkoarekin argi ibili beharko du Miarritzek. Mike O'Driscollek eskarmentu handia du, eta Irlandarekin jokatzen du maiz.
Gibelean dago Munsterren beste hutsune handia. Doug Howlett All blacks-ak ezingo du zelaian egon. Horrek irlandarren gibeleko lerroaren berrantolaketa ekarri du. Keith Earls, usaian hegalean ari dena, barneko gisa ariko da, eta Lifeimi Mafi tongarrak hegala hartuko du. Hala ere, Munsterrekoek poz bat izan dute. Jean de Villiers springboks-en jokalari enblematikoa ere zalantza zen aste osoan. Hegoafrikarra, zalantzak zalantza, hasieratik ariko da.
Deus ez galtzeko
Bi taldeetan azken orenean egindako aldaketa horiek, hala ere, ez dirudi partidaren faboritoa aldatzeko balioko dutenik. Aste osoan zehar entzun ahal izan den moduan, Munster da finalerdia irabazteko faboritoa. Bi taldeen arteko garaipen zerrenda irlandarren alde mintzo da. Eta Miarritzen barneratuta daukate. «Guk ez dugu deus izanen galtzeko, denek Munsterrek irabaztea espero dute», esan du Yachvilik.
Hala ere, Irlanda aldean zuhur mintzatzea nahiago izan dute gaurko norgehiagokaren aitzinetik. Nahiz eta azken bi urteetako ibilbideak irlandarren aldekoa izan -Miarritzek ez ditu azken bi urteetan Heineken Kopako final-laurdenak jokatu-, Munsterrekoek urrunago eraman dituzte haien oroitzapenak.
Zehazki, 2005eko Miarritzeren eta Munsterren arteko final-laurdena aipatu dute. «Orduan Anoetan jokatu zen partida, eta Miarritzek min egin zigun. Porrot hori oraindik buruan daukagu», dio Anthony Foley hirugarren lerro ohiak eta Munsterreko ordezkariak, 2006an Heineken Kopako finalean Munsterrek Miarritzeri irabazi ziola ahantziz.
Anoeta oroitzapen txarra da irlandarrentzat, iduriz. «Bertan giro aparta sortzen da, eta badakigu Miarritze hazita ariko dela. Hala ere, Anoetan Miarritzeri irabazteak bereziki motibatzen gaitu», zehaztu du Jerry Flannery Munsterreko aztalkariak. Egia da Irlandako taldean aldaketa gutxi izan dela azken urteetan, eta gaur zelaian izanen diren gehienak Anoetan izan zirela 2005ean galdutako final-laurdenean.
Orduan gauzak pareko zeuden, Miarritze Top14ko gailen baitzen. Orain, baina, gauzak aldatu egin dira, dezente gainera. Miarritzek behera egin du pixkanaka, eta Munster, aldiz, Europako erraldoi karguraino hazi. 2006an eta 2008an irabazitako Heineken kopako tituluak dira horren adibiderik garbiena. Serge Blanco Miarritzeko presidenteak oroitarazi duen bezala Munster «Europako talde onena» da, eta Miarritze «txikia» haren parean. Baina, batzuetan txikiak ere handia garaitzen badaki. Eta Anoetan 26.000 zale izanen ditu gibelean Agilerako hamabostekoak. Orduan, nork daki...
ERRUGBIA. HEINEKEN KOPAKO FINALERDIA. Urrats zailena, politena
Miarritzek Munsterri irabazi nahi dio gaur Anoetan, bere historian bigarren aldiz Heineken kopako finala jokatzeko. Irlandako taldea da faborito aurrera egiteko, baina ezustekoa eman nahi dute lapurtarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu