Frantziako Top16ko 28. jardunaldiko partidak jokatuko dituzte Miarritzek eta Baionak, bihar eta etzi. Miarritzek Clermont-Ferrandi egingo dio bisita (20:30). Miarritzek ez du oraindik ziurtatu finalerdietarako txartela, eta horregatik bihar irabazi behar du, azken orduko estutasunak ez izateko. Lapurtarrek duten hamabosteko onena zelairatuko dute, bost hutsune dituztela aintzat hartuta. Hiru laurdenetako lerroan dituzte arazo nagusiak, Marlu, Gobelet, Bidabe eta Martin-Aranburu ez direlako ariko (Bernart Salles berriz ariko da eta Traille ezkerrean izango du tokia, postu arrotza berarentzat). Hori gutxi balitz bezala, Betsenek ere ez du jokatuko.
Baionak, berriz, etzi jokatuko du, etxean, Auchen aurka (19:30). Baionak irabazi behar du, 12. postura igo eta jaitsiera jokatzeko kanporaketa saihesteko. Taldeari dagokionez, Stoltzek ez du jokatuko eta Milford zalantza da.
ERRUGBIA. Miarritzek duen hamabosteko onena zelairatuko du bihar Clermont-Ferranden
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu