ERRUGBIA. Miarritzek lasai hartuko du atsedena; Baionak ez

Frantziako Top 14 Ligak etenaldia ukanen du otsailaren 17a arte; heldu den larunbatean Sei Nazioetako Torneoa hasiko da

2006ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Frantziako Top 14ak etenaldia ukanen du otsailaren 17a arte, asteburuan jokatzekoa bazen ere 16. jardunaldia. Jardunaldi hori martxoaren hamaikara gibeleratu dute, eta, ondorioz, otsailaren 17an hamazazpigarren jardunaldia jokatuko da. Bestalde, larunbatean gizonezkoen Sei Nazioetako Torneoa hasiko da partida hauekin: Irlanda-Italia eta Ingalaterra-Gales (larunbatean); Eskozia-Frantzia (igandean).

Miarritzek ez zuen Perpinyan irabazi azken urteetan, baina hautsi egin zuen bolada txar hori larunbatean, 3-17 irabazita. Lapurtarrak ongi kokatu ziren zelaian, zangoko joko zehatza egin zuten, eta, aitzinean, langile eta erabakigarriak izan ziren. Johnstonek lehen partida jokatu zuen eta Brusquek 200. partida; 59 entsegu egin ditu guztira.

Miarritze sailkapenburu da, eta beheraldirik ukaten ez badu, finalerdiak eskura ditu. Hamaika partida geratzen zaizkio. Bost etxean jokatuko ditu Agen, Castres, Tolosa, Baiona eta Montpellierren aurka. Kanpoan, berriz, Brive, Stade, Clermont, Bourgoin, Paue eta Narbona ukanen ditu aurkari. Pentsatzekoa da 44 puntuetatik, 32 lortuko dituela, eta kopuru horrekin ez luke arazorik izango sailkatzeko.

Miarriztarrek bi eguneko egonaldia egingo dute ostegun eta ostiralean Cauteretsen (Frantziako Pirinioak). Asteburuan atseden hartuko dute.

Baionak otsailaren 18an partida aski erabakigarria jokatuko du Pauen, han irabaziz gero urrats garrantzitsua egingo lukeelako mailari eusteko. Hortaz, ez du atsedenerako aukera handirik izango. Bestalde, Lafaiali'ik ez du gauza larririk, tentsio beheraldia izan baitzuen Bourgoinen aurkako partida amaituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.