Golak. 1-0: Gazinskik (12. min.); 2-0: Txerixevek (42. min.); 3-0: Dzyubak (72. min.); 4-0: Txerixevek (92. min.); 5-0: Golovinek (94. min.).
Errusia da Munduko Kopako antolatzailea, eta irribarrez ekin dio festari. 5-0 irabazi dio Saudi Arabiari lehen partidan. Historia gutxiko norgehiagoka izan da, Errusia askoz gehiago izan da, eta Saudi Arabiak ia ez du estutu. Garaipen baliotsua da errusiarrentzat multzoko beste bi selekzioak Egipto eta Uruguai direla kontuan hartuta.
Partida hasieratik ikusi da Errusia talde hobea zela. Irudi sendoa eman du, baloia hartu eta aginduz. Atzean, aldiz, erraz gelditu ditu arabiarren eraso traketsak. Errusiak asmatzea denbora kontua zen, eta Gazinskik sartu du 1-0ekoa (12. min.), buruz, erdiraketa batean. Saudi Arabiaren atzeko lerroak erraztasun handiak eman ditu golean.Emaitza alde, Errusiak are erosoago jokatu du, pauso bat atzera eman eta kontraerasoa bilatuta. Horrela sartu du 2-0ekoa, jokaldi bizi batean. Txerixevek sartu du, bi atzelariri kalitate handiz izkin eginda (42. min.).
Bigarren zatia are motelagoa izan da. Partida txarra izan da. Errusiak gol asko sartzeko aukera zuen, baina ez du estutu. Jarrera horrek hautatzailea ernegatu du, eta Dzyuba aurrelari indartsua zelairatu du taldea pizteko. Lehen minutuan lortu du bere helburua (70. min.), Dzuybak 3-0ekoa sartu duelako, buruz.
Partidako golik ederrenak falta ziren baina, Txerixevek 4-0ekoa sartu duelako 92. minutuan, eta Golovinek 5-0ekoa 94.enean. Txerixevek area ertzean baloia lapurtu eta oinaren kanpo aldearekin astinduz sareetara bidali du baloia. Golovinek, aldiz, falta jaurtiketa dotore batean.