Errusiako Munduko Kopa

Errusiak kanporatu egin du Espainia, penaltietan

Partida makala izan da, eta Errusia hobeto aritu da penaltietan.

Errusiarrak garaipena ospatzen Espainiaren aurrean. JAVIER ETXEZARRETA
2018ko uztailaren 1a
23:10
Entzun

Bere Munduko Kopan lan txukuna ari da egiten Errusia. Ez dauka beharbada beste selekzio batzuen distirarik, baina sendoa da, badaki bere mugak zein diren, badaki bere bertuteei zukua ateratzen. Gaur Espainia zuen aurkari final zortzirenetan, kontrario gogorra begiratu batera, baina kanporatu egin du.

Partida maldan gora jarri zaio Errusiari, hasi eta berehala Ignashevitxek bere atean sartutako golarekin aurreratu egin baita Espainia, ezer askorik egin gabe. Jabetza bai, paseak eta nagusitasuna bai, baina motel, abiadarik eta erritmorik gabe, ia arriskurik sortu gabe. Errusiak, galtzen joan arren, nahiago zuen baloia aurkariak izatea, kontraerasorako aukerak aprobetxatzeko. Lehen zatia amaitzear zela, Dzyubak buruz egindako erremateak Piqueren besoan jo du, penalti garbia, eta Dzyubak berak jaurti du banakoa egiteko. Halaxe bukatu da lehen zatia.

Bigarren zatia are motelagoa izan da. Errusia defentsan sendo, Espainia erasoan makal, ia batere gol aukerarik gabe joan da zati luzea. Espainia aldaketak egiten hasi da orduan, eta Iniesta sartu duenean aldatu da pixka bat partida, erritmo aldaketa bat edo besterekin, baina ezer askorik ez hala ere. Saiatu da Espainia azken minutuetan areara hurbildu eta arriskua sortzen, baina ezin izan du golik egin eta banakoarekin bukatu da.

Ordura artekoa errepikatu da luzapenean ere. Espainia nagusi, jabetzan alde izugarriarekin, baina arriskurik sortu ezinean. Errusia eusten, nola edo hala penaltietara iristea helburu.

Eta penaltietan Errusia bikain. Bereak botatako guztiak sartu ditu, eta Espainiari bi gelditu. Halaxe bukatu da partida, errusiarren zoramenarekin. Espainia kalera, eta Errusia aurrera. Kroazia ala Danimarka izango du aurkari final laurdenetan, gaurko bigarren partidako irabazlea, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.