OLINPIAR JOKOAK

Errusiako atletismo taldea, Olinpiar Jokoetatik kanpo

Nazioarteko Kirol Epaitegiak ez du aintzat hartu Errusiako Atletismo Federazioak aurkeztutako helegitea. Nazioarteko Atletismo Federazioko presidenteak txalotu egin du erabakia, baina gaineratu du gaurkoa ez dela egun pozgarria.

Ielena Isinbaieva pertika jauzilaria, 2013an. KERIM OKTEN / EFE
2016ko uztailaren 21a
17:24
Entzun

IAAF Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkarteak atleta errusiarrek Rioko Jokoetan parte hartzeko debekua ezarri zuen, eta 68 atletek horren aurkako helegitea jarri zuten. Ielena Isinbaieva pertika jauzilaria dago horien artean, eta hark hitz egin zuen guztien izenean asteartean. Errusiako atletek bi eskakizun aurkeztu zituzten: TASen erabakia abuztuaren 21era arte atzeratzea, eta positibo emateagatik zigortu ez dituzten kirolarien egoera berrikustea. Horrek Rion parte hartu ahal izatea ahalbidetuko lieke. TAS asteartean bildu zen Errusiako atletek euren kanporatzearen aurka jarritako helegitea aztertzeko, baina ez du aintzat hartu, IAAFen erabakia berretsiz.

Atletismo taldeari eragiten dio erabaki horrek, baina kolokan dago oraindik Errusiako olinpiar talde osoaren parte hartzea. Izan ere, Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoetan dopin sistema bat erabili izana egotzi dio Errusiari WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak eskatutako McLaren txostenak.

NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak asteburuan erabakiko du Errusia Rioko Olinpiar Jokoetatik kanporatuko duen ala ez, baina esana du TASen erabakiak eragina izan dezakeela berean: "NOBk kontuan izango du TASen erabakia, baita Dopinaren Aurkako Munduko Kodea eta Olinpiar Kodea ere".

Txapeldun ugari kanpoan

IAAFek txalotu egin du TASen erabakia. Ohar batean argudiatu du atleten arteko berdintasuna ekarri duela. Sebastien Coe presidenteak esan du, ordea, gaurkoa ez dela egun pozgarria atletismoarentzat: "Ni ez naiz etorri kirol honetara atletei lehiatzea debekatzeko. Gure federazioaren berezko desioa atletak gehitzea da, ez kanporatzea", esan du ohar horretan. TASen erabakiaren ondorioz hainbat izarrek ezingo dute parte hartu Rioko Olinpiar Jokoetan. Isinbaieva ikurra da, munduko errekor ugari lortu baititu. Ez da, ordea, Riora joan gabe geratuko den izar bakarra. Segidakoak dira batzuk:

Sergei Xubenkov: egungo txapelduna 110 metroko hesidunetan, Europako txapelduna 2012an eta 2014an.

Maria Kutxina: Iazko munduko txapelketan gorako jauzian txapelduna.

Denis Kudriavtsev: Iazko munduko txapelketan txapeldunordea 400 metro hesidunetan.

Anna Txitxerova: gorako jauzian brontzezko domina eskuratu zuen iaz munduko txapelketan, eta egungo olinpiar txapelduna da.

Vera Rebrik: xabalina jaurtiketan munduko txapelduna da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.