IGERIKETA SINKRONIZATUA

Errusiako neskek irabazi dute urrea igeriketa sinkronizatuan

Jakina zen Errusiako selekzioak beste maila batean ari zela, eta, gaur, beste behin, bere nagusitasuna erakutsi du taldekako finalean; izan ere, banakakoan ere lan fina eginda zintzilikatu zuten urrea lepotik. Zilarra Txinak eskuratu du, eta brontzea Espainiak. 

2012ko abuztuaren 10a
09:49
Entzun

Ur hotzeko arrainak balira bezala eraman dute Errusiako bederatzi neskek urrea etxera, bigarrengoz. Banakako proban perfekzioaren isla izan ziren Natalia Ischenko eta Svetlana Romashina, eta taldekakoan ere lan fina egin dute errusiako neskek. 197.030 puntu eskuratu dituzte —98.100 puntu saioa teknikoan, eta 98.930 librean—. Ezustekorik ez.

Lehia estua bigarren eta hirugarren postuetan izan da: Txina eta Espainiaren artean. Banakako lehiaketan bigarren gelditu ziren espainiarrak, eta, gaur, zilarrezko arrainen gisa atonduta agertu dira igerilekuan, berriro ere marka hori lortu nahian. Baina Txinako taldeak ez zuen brontzearekin konformatzeko asmorik, eta atzoko saio teknikoan eman zuten abisua; bigarrren postuan gelditu ziren 97.000 punturekin. Saio librean Espainiak lan txukuna egin du, baina ez da nahikoa izan. Indarra falta izan zaie. 

Gaur, banakako txapelketan beste 97.100 puntu lortu ditu Txinak, eta bigarren postuan igo da podiumera, 194.010 punturekin. Espainia, hirugarren postuan, 193.120rekin.

Oro har, atzoko saioko emaitzak berretsi dituzte onenek, eta ez da aldaketarik izan goiko postuetan. Laugarren amaitu du Kanadak (189.630), eta bosgarren Japoniak (187.630). 

Sailkapena

1. Errusia. 197.030
2. Txina. 194.010
3. Espainia. 193.120
4. Kanada. 189.630
5. Japonia. 187.630

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.