Ertzaintza Bruselan izango da ostegunean, Athleticek eta Anderlechtek jokatzekoa duten partidan, Athleticeko zaleak babesten. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Herrizaingo sailburua bera, Rafael Iturriaga, Belgikan izango dela, ertzainen lana koordinatzen. Hartara, iragan astean San Mamesen izandako istiluen gisakoak gertatzea saihestu asmo du Eusko Jaurlaritzak.
Belgikara joatekoak diren zaleei gomendioak ere eman dizkie Ertzaintzak, liskarretan sar ez daitezen. Eskatu die talde handietan ibiltzeko, eta hiriaren erdigunean. Eta bereziki eskatu die zuzen jokatzeko, "talde erradikalen probokazioetan erori gabe". Partidan batere liskarrik izan ez dadin eta Athleticeko zaleek arazorik izan ez dezaten, nola jokatu aztertzeko harremanetan ari dira Ertzaintza eta Belgikako Polizia.
Europako Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partida jokatuko du ostegunean Atheticek Anderlechten aurka. Joanekoan bana egin zuten bi taldeek. Partida hasi aurretik eta ondoren liskar gogorrak izan ziren, eta Ertzaintzak bost pertsona atxilotu zituen, haietako lau Anderlechteko jarraitzaileak. Gainera, Athleticek behin-behinean egotzi egin du harmailetatik behera Anderlechteko jarraitzaileei pixa egin zien bazkidea.
FUTBOLA
Ertzaintza Bruselan izango da, Athleticeko zaleak babesteko
Herrizaingo Sailak jarraitzaileei eskatu die talde handietan eta hiri erdialdean ibiltzeko. Belgikako Poliziarekin harremanetan da Ertzaintza, istiluak nola saihestu erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu