Datorren asteazkenean Txapeldunen Ligako partida jokatuko du Realak Manchester United taldearen kontra, Ingalaterran. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 6.000 zale inguru joango dira Manchesterrera, eta ertzain talde bat ere hara joango da datozen egunetan, Erresuma Batuko Poliziarekin elkarlanean aritzeko.
Aholku ugari eman dizkio Erresuma Batuko Poliziak EAEkoari, Realeko zaleei helarazteko. Old Trafford estadio inguruko kaleetan alkoholik ez edatea eta zelaitik gertu dauden tabernak saihestea —bertan Manchesterreko zaleak egon ohi direla eta— dira horietako batzuk.
Halaber, oroitarazi dute zelaira sartzean zaleak arakatuko dituztela eta poliziek zakurrak izango dituztela bengalak sartzea saihesteko. Horrez gain, estadio barruan ezingo da alkoholik edan ezta erre ere. Bandera eta pankarta "egokiak" baimenduta daude, gehienez bi metro luze eta metro bat garai direnak. Handiagoak jar daitezke aurreko ilaretan, baina partidaren bezperan baimena eskatu beharko da horretarako.