Frantziako Tourra Pirinioetan sartzear dago, eta, azken hamar urteetan bezala, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak hara joateko asmoa dauka. «XI. egonaldia izango da aurtengoa, eta jada guretzat urteroko ekintza bilakatu da, baita euskal txirrindulari zaleentzat ere», esan zuen atzo Mikel Uzkudun ESAITeko bozeramaileak. Aurten bi eguneko egonaldia egingo dute; iaz hiru egunekoa egin zuten. Urtero bezala, aurtengo egonaldian ere bi izango dira ESAITen helburuak: nazioarteari begira, Euskal Herriaren naziotasuna eta Euskal Federazioaren ofizialtasuna aldarrikatzea, eta txirrindulariei animatzea, bereziki euskaldunei.
Iazko arazoak atzean utzita, aurten ere indartsu aritu dira irteera antolatzen. Izan ere, prestatua zuten gunea kentzea behartu zieten jendarmeek. «Sarkozy joan zenez, segurtasun neurriak handiagoak izan ziren, eta horietako bat gure gunea kentzea izan zen. Hori kasualitatea izan zen, orain arte ez dugulako arazorik izan», aitortu zuen Uzkudunek.
Lehenengo aldiz joango dira Luz Ardiden mendatera, eta hango etaparekin bukatuko dute egonaldia. Egitarauarekin bihar hasiko dira, arratsaldeko bostak aldera antolatu duten euskal festa batekin. Egun horretan, afaltzeko paella bat izango dute, eta 200 lagun ingururentzat prestatuko dute. Hori da aurtengo egitarauan izango duten berritasun bakarra, eta bost euroren truke dastatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Horrekin batera, urteroko jakiak ere izango dira: txistorra, gazta, irasagarra, garagardoa eta sagardoa, besteak beste. Beti bezala, musika izango dute lagun girotzeko. «Urtero, guk jartzen dugu musika hasieran, baina gero hainbat musikari hurbildu ohi dira gure gunera, eta haiek une hori atseginagoa izatea laguntzen dute», esan zuen Uzkudunek.
Bigarren egunerako bizikleta martxa bat antolatu dute, eta09:30ean abiatuko dira, Luz Saint Sauver hiritik, Luz Ardiden mendatearen hasieratik, alegia. Martxa 13-14 kilometrokoa izango da, mendatean dagoen eski geltokiraino. Malda gogorra denez, eta tropela elkartzeko, geldiuneren bat egingo dute. «Martxa lasai batean igoko dugu, ahalik eta jende gehien biltzeko, izan ere, helburua Euskal Herriaren naziotasuna eta ofizialtasuna aldarrikatzea da», azpimarratu zuen Uzkudunek. Igoeran, inguruan dagoen jendeari paper bat banatuko zaio, haien aldarriak helarazteko. Testua lau hizkuntzatan idatzia egongo da, ahalik eta gehienek uler dezaten. Tourra Luz Ardidenetik pasatu ondoren amaituko da egonaldia.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
ESAIT, Tourreko aldarrirako prest
Luz Ardidenen bihar eta etzi egonaldia egingo du selekzioen aldeko iritzi taldeak, eta hara joateko deia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu