ESAITek bat egin du Donostiako Udalaren eta Foru Aldundiaren eskaerarekin

Etorkizunerako aurrekontua egungo egoerara egokitzeko eskatu die iritzi taldeak antolatzaileei

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak egin zuten moduan, ESAITek ere bat egiten du Euskal Herriko Itzulia desager ez dadin egindako laguntza eskaerarekin». Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) Euskal Herriko txirrindularitza proben aldeko aldarrikapena egin zuen atzo, Donostian. «Euskal Herriak merezi du Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa edo Miguel Indurain Sarien gisako probak antolatzea». Hori bai, krisiak eraginda, etorkizunera begira «aurrekontuak egungo egoerara egokitzeko» eskatu zieten antolatzaileei. «Zaleen auzolana onartuz. Ez da erraza ulertzen erakundeek herritarrengandik jasotako dirua kirol profesionalari laguntzeko bideratzea. Eztabaida sakona behar da».

Ixiar Arratibel ESAITeko ordezkariak gogora ekarri zuen iaz ere salatu zutela Espainiako Vuelta Euskal Herrira iritsi izana. «Jaurlaritzak Euskal Herrirako diseinatutako kirol estrategia politikoak zekartzan ondorioen arriskuak nabarmendu genituen orduan». Mugimendu horrekin Euskal Herriko proba nagusiak galtzeko arriskuan zeudela azaldu zuen iaz ESAITek. «Eta zazpi hilabeteren ondoren lehen ondorioak jasotzen hasi gara. Laudio, Lizarra, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa...».

Jaurlaritzaren datuen aurka

ESAITek zalantzan jarri zituen atzo Jaurlaritzak emandako datuak. «Iaz Vueltako bi etapa amaitu ziren Euskal Herrian, eta orduan, ofizialki, 200.000 euro inguru gastatu zituen Jaurlaritzak. Aurten, lau etaparekin, nola liteke euro bakar ere ez gastatzea? Krisiaren mirarietako bat izango da, agian». Arriskuan Euskal Herriko Itzuliaren ordez Espainiako Vuelta balego, Arratibel ziur dago Jaurlaritzak «harri azpitik ere» aterako zukeela dirua. «Baina Euskal Herriko ekimenez ari garenez hizketan, horretarako, jakina, ez dago dirurik».

ESAITek bat egin du herritar talde batek hasitako Kontuz 1 euro ekinbidearekin. «Ziur gaude denon artean lortuko dugula. Euskal Herriak merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.