ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak adierazi du Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzeko baliatuko duela Espainiako Vuelta bertatik igarotzea, betiere txirrindulariei zor zaien errespetua urratu gabe.
Iruñetik abiatuko da aurtengo Vuelta, hilaren 18an, ESAITek "nazio eskubideen aldeko" kalejira bat egingo du egun horretan han. Santo Domingo kaletik abiatuko da, 12:30ean. Halaber, bi egun beranduago, txirrindulari martxa bat antolatuko du Arrateko tontorrera (Eibar), lasterketaren hirugarren etapa bertan bukatuko delako.
Espainiako Vueltaren ibilbidean dauden herrietako biztanleei dei egin die ESAITek inoren aurka ez doazen ekimen ezberdinen bitartez "nazio errealitatearen aitortza" eskatzera, "zilegi izateaz gain, beharrezkoa delako".
Gainera, taldeak salatu du erakunde publiko batzuek Euskal Herriko Itzuliari edota Donostiako eta Lizarrako klasikoei diru laguntzak murrizten dizkieten bitartean, Vueltari "alfonbra gorria" jartzen diotela.