Atzo baieztatu zenez, hilaren 23an ez da jokatuko gizonezkoen euskal selekzioaren eta Iranen arteko lagunarteko partida, eta gaur ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak salatu du "kirol eremutik kanpo" hartu dela erabakia. Emakumezkoen Galizia-Euskadi ere bertan behera geratu da.
Iaz EAEko Federazioak eta jokalariek akordioa lortu zutenean, "nazioartean euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko urratsak ematea eta Euskal Herriko kirolarientzat egitura nazionalak martxan jartzearen aldeko konpromisoan oinarritzen zen", adierazi du Martxel Toledo ESAITeko kideak, eta orain "atzera" egin dela. "Jokalariekin hitz egin gabe hartu dute erabakia. Futbolariek ez dute errurik, euren esku zegoen dena egin dutelako".
Jokalariak "txalotu" egin ditu ESAITek, "selekzioaren ofizialtasunaren etorkizunerako eredu bihurtu direlako". Futbolariak esparru batzuetatik "benetako egurra" jasotzen ari direla salatu du Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak, eta babesa agertu die.
ESAITek ezker abertzalea, EA, Aralar eta ABren babesa jaso du. Aralar ez beste alderdietako ordezkariak elkarte hark gaur Donostian emandako prentsaurrekoan izan dira.
Iaz 'Euskal Herria' izena hartu zuen euskal futbol selekzioak -EAEko Federazioak eta jokalariek adostuta-, aurtengorako federazioak 'Euskadi' jarri zuen, baina jokalariak ez dira ados azaldu, 'Euskal Herria'-rekin segitu nahi zutelako, eta, azkenean, ez da izango aurten lagunarteko partidarik.
Herenegun egin zuten bi parteek azkeneko bilera, eta federazioak Jose Ramon Garai Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari eta EAJko kidearen babesa eduki zuen.
ESAITek lehengo astean deitu zuen hilaren 27rako manifestazio nazionala, eta gaur berriro eskatu du bertara joateko. Bilbon izango da ekimena, eta gizarteko beste 27 kolektibok ere deitu dute. Manifestazioari babesa eman diotenen artean, ELA, LAB eta EILAS sindikatuak daude, baita Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Eguzki talde ekologista ere. Xedea nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko Euskal Herriak duen "eskubidea" eskatzea da. 'Euskal Herria' izendapenaren alde agertu dira.
Gaur ezker abertzalea, EA, Aralar eta ABk ere 27rako dei egin dute. Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat, federazio bat leloa izango du manifestazioak.
Euskal selekzioak 1937tik 2006ra 'Euskadi' izenarekin jokatu zuen eta 2007an, futbolariek eskatuta, 'Euskal Herria' izendapenagatik.
Jokalarien agiria
Azaroaren 13an 165 futbolarik eta futbolari ohik agiria atera zuten 'Euskal Herria'-ren alde.
"Euskadiko Futbol Federazioak ez ditu aintzat hartzen Nafarroa Garaia, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan dauden futbol taldeak. Halere, ustez pausoak emateko borondateak bultzaturik, gaur- gaurkoz nazio mailan aritzen den gizonezkoen selekzioa osatzerakoan zazpi euskal lurraldeetako futbolariak hartzen dira kontutan. Gaur egun euskal kirolariak batuko gaituzten federazio nazionalik ez egoteaz gain, egungo Euskal Autonomi Erkidegoko federazioetatik ez dago borondate eta asmorik norabide horretan pausoak emateko", diote agiri horretan.
Abenduaren 3an 830 kirolarik babesa adierazi zieten, beste agiri baten bidez.
Selekzioaren "izen historikoa" 'Euskadi' dela azpimarratu izan du Eusko Jaurlaritzak, eta Federazioari dagokiola erabakia hartzea.
Futbola
ESAITek dio "kirol eremutik kanpo" hartu dela selekzioaz erabakia
Txalotu egin du jokalariek azaldutako konpromisoa. Ezker abertzalea, EA, Aralar eta ABren babesa jaso du euskal selekzioaren aldeko taldeak, eta hilaren 27ko manifestaziorako dei egin dute. Atzo baieztatu zen datorren asteartean ez dela jokatuko Iranen kontrako lagunarteko partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu