Donostiak hartuko du euskal selekzioaren aldeko eguna bihar. Urtero herri batean antolatzen du ESAITek, eta bihar hamalaugarren ekitaldia izango du. Atzo egin zuten prentsaurrekoa ESAITeko kideek Donostian bertan, eta zehaztu zituzten festaren nondik norakoak. Eguerdiko hamabietan ongietorria egingo zaio mendi martxari Konstituzio plazan, ikurrinaren igoerarekin batera. Ondoren Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Ixiar Arratibel ESAITeko kideak hartuko dute hitza. Triki-poteoari ekingo zaio berehala, eta bazkari batekin emango zaio amaiera jaiari. Arratsaldean ez da ekitaldirik egongo, baina festan jarraitu nahi duenak hiriko Parte Zaharrean izango du aukera.
Martxel Toledo ESAITeko kidearen arabera, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzea izango da eguneko helburu nagusia: «Festa xumea egingo dugu, lekuak berak ere ez baitigu askorako aukerarik ematen, baina garrantzitsuena barruan daukagun sentimendua azaltzea da: gure kirolariek euskal selekzioarekin jokatzeko aukera izatea». Horretarako lanean buru-belarri ari direla nabarmendu zuen Toledok: «Olinpiar Jokoak jokoan dira egun hauetan, eta hainbat euskal kirolari ditugu bertan. Ordea, inork sentitzen ez dituen koloreak jantzita, aukerarik ez dutelako. Hori saihesteko, lan handia egiten ari gara azken urte hauetan, baina alferrik». Dena den, ESAITeko kideek nabarmendu zuten lanean jarraitu beharra dagoela helburua lortzeko.
ESAITek euskal selekzioaren aldeko eguna egingo du bihar Donostian
Martxel Toledoren arabera, helburua da euskal selekzioaren ofizialtasuna festa giroan aldarrikatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu