Selekzioa

ESAITek herriz herri zabalduko du futbolarien agiria, eta abenduan "mobilizazio handia" egingo du Bilbon

Euskadiko Futbol Federazioko presidenteari "nork presionatu duen" galdetu diote, izenaren aldaketarekin "atzerapausoa" emateko.

2008ko azaroaren 18a
19:08
Entzun
ESAITek iragan astean 165 euskal futbolarik plazaratu zuten agiria babestu du gaur Bilbon egindako agerraldian. Selekzioaren ofizialtasuna eskatzen duen talde horren arabera, "iazko aurrerapausoa atzerapauso bilakatu da orain". Horrela baloratu du ESAITek iaz erabili zen Euskal Herria izena Euskadi izenarengatik aldatu izana aurten Euskadiko Futbol Federazioak. Gogorarazi dutenez, igeriketan eta atletismoan Euskadi izena duten taldeetatik at geratu ziren Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kirolariak.

Agiria herriz herri azalduko duela iragarri du ESAITek, "azalekoa" baita sortutako eztabaida eta ez ei da agiriak duen "sakontasuna" argitu. Ildo horretan abenduan Bilbon "mobilizazio handi bat" egiteko asmoa agertu dute, egoerak bere horretan jarraitzen badu.

Federazioko presidente Iñaki Dobarani galdetu diote ea "nork presionatu" duen Euskadi izena berriro ere jartzeko. Futbolariak "nork presionatu" dituen galdetu beharrean bera "nork presionatu" duen argitzeko eskatu diote Egoitz Askasibar eta Ritxi Mendiguren ESAIT taldeko kideek. "Inposizio eta blokeo egoera" bezala definitu dute.

ESAITek abenduko futbol partida "gutxienez" Euskal Herria izenarekin jokatzeko eskatu du. Hala ere, urratsik eman ezean, Gabonetan selekzioak jokatzen duen partida "esanahirik gabe" egoten jarraituko duela adierazi dute. Izan ere, euskal futbol selekzioak abenduan jokatzen duen partida "helburu" bilakatu dela, eta ez ofizialtasuna lortzeko "bidea".

Abenduaren 23rako dago aurreikusita Euskadi-Iran lagunarteko futbol partida. Futbol jokalariek, agiri batean, iaz erabili zen Euskal Herria izena erabiltzea eskatu dute, Euskadiko Futbol Federazioaren hartutako erabakiaren aurka. Izena aldatzen ez badute, partida ez dutela jokatuko adierazi dute futbolariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.