Esandakoa bete dute

Arsenalek buelta eman dio norgehiagokari lau minutuan bi gol sartuta, eta itzulikoan erabakiko da kanporaketa

enekoitz telleria sarriegi
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Izaten dira partidak iragarri beharraren iragarri beharraz azkenean hutsean gelditzen direnak. Jokoa eta ikusgarritasuna agindu bai, baina esperotakorik batere ematen ez dutenak. Arsenalek eta Bartzelonak, ordea, esandakoa bete zuten atzo. Ez zuten inor engainatu. Ez dute futbola ulertzeko beste modurik eta ulertzen duten modu bakar horretan jokatu zuten, partida ikusi zuten guztien gozamenerako. Futbolaren mesederako. Baloiaren bila etenik gabe, presioan arriskatuz etenik gabe, eta jokoaren eta jolasaren mugan, etenik gabe. Izan zituen partidak gorabeherak inten- tsitatean. Bartzelonak patxada eman nahi izan ziolako lehiari aurreratu zenetik aurrera, baina patxadan erosotu zen uneka, eta Arsenalek bi jokalditan eman zion buelta partidari.

Hastez etxekoak hasi ziren oldarkorrago kanpokoak baino lehen minutuetan. Wallcotten abiadura eta Van Persieren bolada ona baliatzea zuten helburu, eta lortu zuten, apika. Haienak izan ziren lehen aukerak, baina Messirena garbiena, Szcesny atezain gaztearen aurrean bakarrik gelditu eta gainditzen asmatu ez zuen hartan (15. minutua zen).

Izan ziren minutuak Bartzelonak atzean sartuta aurrera egin ezinda egin zituenak, baina pixkanaka joan zen baloiaren jabe egiten eta zirrikituak topatzen. Arsenalek kontraerasoan sortzen zuen arrisku zipriztinen bat —Walcott eta Whilshere artistak dira horrelakoak bideratzen—, baina Bartzelonak apurtu zuen indar berdinketa. Messik topatu zuen zirrikitua defentsan eta Villak atean (0-1). Min egin zion golak Arsenali. Partidari patxada emanda, baloia ukitu eta ukitu hasi zen Bartzelona eta haren atzetik etsitzen hasi zen Arsenal.

Esana zuen Wengerrek oraingo Arsenal ez dela joan den denboraldian Bartzelonaren kontra galdu zuen hura. «Helduagoak» direla orain, «indartsuagoak». Uneka, ordea, joan den denboraldiko partidaren antza hartu zuen partidak. Bartzelona markagailuari begira hasi zen jokatzen kontrarioak presaren presaz noiz huts egingo zain. Uko egin zion erritmo biziari eta desagertu egin ziren Messi eta Iniesta. Baloiak lapurtzen eta defentsan nabarmendu zen gehiago bigarren zatiko lehen minutu horietan, erasoan eta arriskua sortzen baino. Arsenalek ez zion sekula bere jokoari uko egin, eta gutxien espero zenean sartu zen partidan. Van Persiek jo zuen lehen kolpea jokoz kanpokoari ihes egin eta Valdesen lehen zutoinean utzitako zirrikitua baliatuta. Bizitu egin zen partida. Bizitu Bartzelona eta bizitu Arsenal. Erritmoa eta jokoa bueltatu ziren lehiara, baina Bartzelonak erreakzionatzerako sartu zuen bigarrena Arsenalek: Nasrik gidatutako kontraeraso bikaina Arxavinek amaitu zuen jaurtiketa bikain batekin. Eta ez zen partida hor amaitu. Agertu zen Messi, agertu zen Alves, baina ez ziren ezkutatu Wilshare, Van Persie eta Walcott. Berriz ere esandakoa betetzen badute, partida ederra izango da itzulikoa ere.

Xaktarren urratsa

Txapeldunen Ligako final-laurdenetan aritzeko moduko urratsa egin zuen atzo Xaktar Donetsken Erroman (2-3). Ukrainako talde apala sekulako balentria ari da egiten. Inork espero ez zuela sailkatu zen final-zortzirenetarako, eta ezustean harrapatu zuen atzo Erroma. Etxekoak jarri ziren aurretik Perrottaren golari esker, baina iragarpen guztiak hankaz gora jarri zituzten gero Jadsonek, Costak eta Luiz Adrianok. Atsedenaldira 1-3 joan ziren ukrainarrak aurretik. Bigarren zatian emaitzari eustera jokatu zuten kanpotarrek eta nola edo hala hura txukuntzera italiarrek. Menezen golak eman zien itxaropen apur bat, baina gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.