Eskailera mailak ez daude alferrik

Manchester Unitedek aurrea hartu dio Arsenali Txapeldunen Ligako bigarren finalerdian

Aitor Manterola Garate.
2009ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Herrialde bereko bi talde elkarren aurka lehiatzen direnean Europako txapelketaren batean, berdintasuna aipatzen da aldez aurretik kanporaketa definitzerakoan. Manchester United eta Arsenal aurrez aurre jarri dituen Txapeldunen Ligako bigarren finalerdia ere berdindua izango zela aurreikusten zen. Biak Ingalaterrakoak direlako, batez ere. Baina baita bi talde handi direlako ere. Baina egun, Manchester gehiago da Arsenalen aldean. Eskailera maila bat edo bi gorago dago, eta atzo erakutsi zuen. 1-0 irabazi zuen, eta arazo handirik gabe menderatu zuen Londresko taldea.

Gorago dagoela erakustera atera zen hasieratik. Bizi-bizi jokatzera. 2. minuturako sekulako geldiketa egin behar izan zuen Almunia euskal herritarrak Rooneyren burukada batean. Etxekoek goian presionatzen zuten, eta baloia berehala berreskuratzen. 17. minutuan, berriz ere Almuniak atera zizkion babak heltzetik bere taldeari, Tevezen errematea urrunduz. Baina segituan, korner bateko bigarren jokaldian, O'Shea atzelariari heldu zitzaion baloia. Bakar-bakarrik zegoen, eta baloia indartsu astinduz, 1-0ekoa sartu zuen. Ordurako, etxekoek utzia zioten presioa egiteari, eta balorik gabeko lanean, atzerago zegoen taldea. Baina golaren eraginez edo, presionatzen hasi zen berriz. 28. minutuan beste bi aldiz azaldu zen Almunia, Ronaldoren bi erremate urrundu eta gelditzeko.

Bien bitartean, irauten ari zen Arsenal. Doi-doi zegoen partidan eta kanporaketan sartuta, eta Almuniari esker zen hori. Baloia oinetan zuela ez zuen jokorik sortzen. Ezin zuen baloia ukitu, ezin zuen bere estiloa ezarri. Deseroso zebilen Cesc, eta Adebayorrengandik gertu baloirik ukitzen ez zuenez, bi euskarrien albora jaisten hasi zen. Baina Songen eta Nasriren ondoan jokatuta, Togoko aurrelaria bakar-bakarrik utzi zuten goian, eta ez zegoen loturarik zelai-erdikoen eta Adebayorren artean. Futbolean baloia ukituz aurkariaren areara iristeko, ezinbestekoa da eskailera mailak bezala egotea kokatuta, goranz egiteko. Manchesterrek baloia eman zion Arsenali, baina kanpokoek oso makal eta horizontalean mugitzen zuten. Eskailera falta zen, Van der Sarren atera begira jokatzea. Hala ere, atsedenaldira joan aurreko azken minutuan, aukera ona kareletik behera bota zuen Walcottek. Area ertzetik sartu zen, eta Adebayor bakarrik zen erdirago. Baina pasea atzelariaren gainetik ematen hasi zen. Dotoretu nahi izateagatik, aukera paregabea galdu zuen.

Bigarren zatian, kontraerasoan jokatzera atera zen Manchester. Berriz ere baloia eman zion Arsenali, baina lehen zatiko gabezia bera izan zuen: makal eta horizontalean mugitzen zuen. Lotura falta zuen Adebayorrekin. Hala ere, lehen zatian baino gehiago puskatu zuten Songek eta Nasrik, eta baliabide gehiago eman zioten mugimendu horiek Wengerren taldeari. Baina ez min emateko adina. Bigarren zatiko lehen 15 minutuetan ez zen aukerarik egon; ez area batean, ez bestean. Hurrengo 10 minutuetan bizitu zen partida. Manchesterrek kontraerasoa baliatzeari ekin zion, baina kalterako ere izan zuen. Izan ere, lehen zatian ez bezala, erdiko hirurek-Carrick, Fletcher eta Anderson- lekua galtzeari ekin zioten, eta kontraerasoa baliatzen ez zuenean, Arsenal zen eraso mota hori baliatzen zuena. Baina etxekoen zorionerako, minik egin gabe.

Ronaldoren jaurtiketa latza

Bizitu egin zen partida minutu horietan, eta ematen zuen Manchesterrek bigarren gola gertuago zuela Arsenalek banako berdinketa baino. Langak eragotzi zuen hori hala izatea. 68. minutua zen, eta Ronaldok sekulako jaurtiketa bota zuen, baloia bikain eraman eta gero. Langak urrundu zuen. Hortik bukaerara arte ere joera bera izan zuen partidak, baina etxekoek ez zuten asmatu kontraerasoan. Hala ere, eskailera maila pare bat gorago daude.



Manchester United 1

Arsenal 0

Manchester United. Van der Sar; O'Shea, Ferdinand (Evans, 87. min.), Vidic, Evra; Carrick, Anderson (Giggs, 66. min.), Fletcher; Ronaldo, Tevez (Berbatov, 66. min.)eta Rooney.

Arsenal. Almunia; Sagna, Toure, Silvestre, Gibbs; Walcott (Bendtner 70. min.),Song, Nasri, Diaby; Cesc; eta Adebayor (Da Silva, 82. min.).

Epailea. Claus Bo Larsen (Danimarka). Txartel horia Manchesterreko Tevezi.

Bestelakoak. 68.000 zaleek goraino bete zuten Old Trafford zelaia. Giro bikaina izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.