Eskailerako lehen maila

Idoatek eta Pascualek buruz buruko txapelketarako atariko partida jokatuko dute gaur, Lizarran

Mikel Idoate, iazko 2. Mailako lau t'erdiko finala irabazi berritan. J. M. / A. PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketa gaur hasiko da. Eta atariko partidak itzuliko dira, bi urte halakorik jokatu gabe egon eta gero. Iazko zortzi pilotariko txapelketa itxiaren ondoren, eskailera sistema izango duaurtengo manomanistak, hamasei pilotarikoa, eta enpresak zeinek jokatu behar duten aukeratzen ari dira. Zalantza guztiak, baina, ezin dira argitu, eta Aspek partida bat antolatu duIñigo Pascual eta Mikel Idoateren artean erabakitzeko. Biek gaur jokatuko dute, Lizarrako Remontival pilotalekuan (22:15, ETB1), eta irabazlea buruz burukoan ariko da.

Binakako finala jokatuko dutenak izan ezik, ia pilotari guztiak buruz burukora begira ari dira entrenatzen. Aspen, Barriolaren zalantza dute, litekeena baita binakako txapelketaren ondoren ebakuntza egin behar izatea. Hala, ematen du Irujok, Xalak, Gonzalezek, Aritz Lasak —iazko 2. Mailako txapelduna—eta Retegik tokia izango dutela. Zerrendari Merino II.a eta Beroiz gehitu beharko litzaizkioke, eta atarikoaren irabazlea. Laskurain ere ari da txapelketa prestatzen. Beraz, ez litzateke harritzekoa Eibarko enpresak beste atarikoren bat antolatzea.

Asegarcen, Ruben Belokik buruz burukoa jokatzeko aukera izango du. Bi hilabete dira oso gogor entrenatzen hasi zela, eta sistema berriak, pilotari kopuru handiagoarekin, ilusioa piztu dio.Baliteke txapeldun ohiaren azken buruz buruko txapelketa izatea, gainera, eta amu egokia da jaialdi erakargarria antolatzeko. Burlatakoarekin batera Olaizola II.ak, Bengoetxea VI.ak, Olaizola I.ak, Ruizek, Arretxe II.ak, Urrutikoetxeak eta Beginok aritu beharko lukete manomanistan. Norbaitek kale egiten badu, hurrengo hautatua Leiza izan daiteke. Ezin da baztertu, halaber, Asegarcek ere atariko bat antolatzea.

Xalaren entrenamendua

Xalak atzo egin zuen aurreneko entrenamendua Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Barriola gabe aritu zen, Aritz Laskurain eta Jokin Etxanizekin batera. Barriolak datorren aste hasierara arte ez du entrenamendu saiorik egingo pilotalekuan. Olaizola II.ak eta Beginok, bestalde, bihar egingo dute bigarren saioa, eta asteartean azkena finalaren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.