Irribarretsu dator hitzordura Josune Bereziartu (Lazkao, 1972). Berarekin da Rikar Otegi, azken hogei urteotan bere bikote eta eskalada laguna. "Agian, ez da normalena, afizioan eta ofizioan elkarrekin aritzea, baina beti gustatu izan zaigu haizearen kontra joatea", dio eskalatzaileak barrez.
Txikitatik gustatzen omen zitzaizun zuhaitzetara igotzea.
Beasain inguruko mendietara joaten nintzen aitonarekin. Bide koxkorrak hartzen genituen, eta, bai, zuhaitzetara igotzen ibiltzen ginen bai lehengusuak eta baita ni ere.
Aitona errudun orduan.
Beti besteak errudun. Kar-kar.
Orduan ere gonek traba egiten omen zizuten.
Bueno, nik pitxiak ibiltzen nituen, eta, amaren arabera, gainera, nahiago hilda soila baino, edo hori esaten zuen behintzat. Kar-kar.
Pinpirina ere bazinen, orduan.
Ni ez, ama. Nik orduan 9 urte edo izango nituen, eta ez nintzen asko ohartzen. Leotardoak jartzen zizkidan, eta beti zulatuta bukatzen zuten. Baina azkenerako ama ohartu zen, eta uda iritsitakoan neguan ibilitako prakak mozten zizkidan belaunak baina apur bat goragotik. Ondo neurtua zuen tamaina. Kar-kar.
Eta noiz egin zenuen jauzi zuhaitzetatik hormetara?
17 bat urterekin ezagutu nuen kirol eskalada, telebistan, Al filo de lo imposible saioaren bitartez. Verdoneko arroiletako batean ari ziren Miriam [Garcia] eta Monica [Serentill]. Ez dut gogoan zehazki zer kontatzen zuten dokumentalean, baina txundituta geratu nintzen, eta hura probatu behar nuela erabaki nuen. 1990 edo 1991 urtea izango zen. Orduan, mendira joatea nahiko arrunta zen, baina kirol eskalada eta alpinismoa gerrara joatearen parekoa zen. Pirinioetara iristea bera ere ez zen gaur bezain erraza, ez zegoelako ez autobiderik ez ezer, beraz, hara iristea bera arrakasta zen. Baina nire ahizpa oso mendizalea zen mutil batekin irteten hasi zen, eta haren bitartez elkar ezagutu eta taldetxoa osatu genuen. Eta gero Jesus Leundarekin hasi nintzen. Bere matxinsalto txikia nintzen. Hala, denborarekin, bananduezin bihurtu ginen biok, eta horrela ikasi nuen nik ere eskalatzen.
Etxean zer esan zizuten?
Amak nahiko askatasun eman izan dit beti. Zorrotz hezi gintuzten, baina lagunekin irteteko ere nahiko askatasun ematen zidan. Nitaz fidatzen zen. Ohartu zen asko erakartzen ninduela mundu horrek. Adibidez, nire gelan ez zidan posterrik jartzen uzten, baina eskaladarekin lotutako bat jarri nuenean ez zidan ezer esan. Agian, begiradan ilusioa antzematen zidalako edo... baina ohartu zen gustuko nuela hura. Aitak ere ez zuen ezer esaten, baina nik azaltzen nien hura segurua zela eta ez zegoela arriskurik. Eta nik uste dut gauzak azalduta ez dagoela arazorik. Nik uste dut arraroagoa egiten zitzaiela garai hartan, 17 urteko neska bat izanik, Jesusekin bakarrik mendira asteburu-pasa joatea. Baina pertsonak ezagutzen badira, eta konfiantza baldin badago, ez du zertan arazorik izan.
Eta barruraino sartu zitzaizun eskaladarako grina.
Bai, erabat. Beste mundu bat ezagutu dut, nire tokia aurkitu dut; aske sentitzen naiz. Hori baino lehen bazirudien denek bide berari jarraitu behar geniola, eta hortik ihes egiteko bidea eman zidan horrek. Bide nagusitik joan beharrean, guztiz aurkako norabidea hartzea bezala izan zen. Askoz ere indibidualagoa sentitzen zara, benetan zure bizitzaren jabe zarela sentitzen duzu; erabakitzeko ahalmena zurea da. Horretaz gain, niretzat oraindik deskubritzeko zegoen mundu bat aurkitzea bezala izan zen, eta erabat txundituta eta maiteminduta geratu nintzen. Tokiak eta gauza politak ezagutzeko aukera ere ematen zuen, eta baita bidaiatzeko ere. Gero kirola bera ere oso zaila da, pentsa zure orekatik ateratzen zaituztela, eta horma batean zintzilik jartzen zaituztela, eta hortik ateratzeko zure gorputz atal guztien gaineko kontrola behar duzu. Hori dena kontrolatzeko boterea lortzea oso erakargarria da.
Halakoetan zer da garrantzitsuagoa gorputza edo burua?
Hasieran, dudarik gabe, gorputza oso garrantzitsua da, eta baita teknika ere. Baina limitera iristen ari zarenean buruak bi puntu gehiago ematen dizkizu. Edozer gauzetan onena izateko beharrezkoa da burua, borondatea eta jarrera; buruak nahi ez badu, ezin duzu eman %100, ezta eguneko 24 orduak horretan pentsatzen igaro ere. Burua eta borondatea izateko, bihotzak ere parte hartu behar du; beraz, egiten ari zarena bihotzera heltzen ez bazaizu, ez duzu lortuko muga hori gainditzea. Fiskikoki beti duzu aukera urrunago joateko, baina nahi izan behar duzu, eta, horretarako, hunkitu egin behar zaitu.
Burugogorra izatea ere ondo etortzen da?
Nik beti diot muturreko jarrerak arriskutsuak direla: izua txarra da, baina beldurra izatea ona; burugogorra izatea eta obesionatzea txarra da, baina gauzetan apur bat tematzea ona. Ni banaiz burugogorra, baina aldi berean ikasi ditut zenbait gauza. Pertsona guztiok badugu eremu edo jarrera jakin bat eroso sentitzen garena, eta oso zaila da handik mugiaraztea. "Zertarako aldatuko naiz? Ni oso ondo nago horrela; aldatuko dira besteak", pentsatzen du hark. Hobetzeko, ordea, pertsona horrek ahalegina egin behar du aldatzeko, eta hori egiten duenean eboluzionatu egiten du. Baina ez bakarrik ekintza jakin bat egiteko, baita pertsonalki ere. Zu ohartzen zarenean egiten dituzun eta pentsatzen dituzun gauzak ez direla egokiak, aldatu egin beharko duzu, eta aldatzeko beti dago denbora; ez du balio esateak "40 ditut, eta nik ezin dut aldatu". Ni konturatu nintzen, ingurukoek begiak ireki zizkidatelako, aldatu egin behar nuela, une batzuetan burugogorregia nintzelako. Eta orain ikusten dut askoz ere hotzagoa naizela eta gehiago kontrolatzen dudala, bai hori eta baita genioa ere.
Inoiz gertatu izan zaizu bide edo horma batekin obsesionatzea?
Bai, noski obsesionatzen zarela, ez bakarrik horma batekin, baita argazki batekin edo beste edozerekin ere, baina halakoetan hoberena da denbora batez alde batera uztea. Zergatik? Gorputzak ikasten duelako gauzak asimilatzen, eta hala denbora ematen diozulako mugimendu, pentsamendu eta emozio horiek bere egiteko. Horiek naturalizatu dituenean, bide horretara edo bizitzako une horretara itzultzen zara, eta ohartu gabe zure erreakzioa baikor bilakatzen da, edo bide horretara joan beharrean beste bat aukeratzen duzu. Baina beti denbora hartuta, eta obsesionatzen zaituen gai hori baztertuta.
Zenbat aldiz entzun duzu "ez, eskalada ez da emakumeentzat"?
Zuzenean, gutxitan. Jendeari asko kostatzen zaio gauzak aurpegira esatea, baina halako tonu berezi bat erabili izan dute. Agian, ez horrenbeste nirekin. Askotan gertatzen zen eskalatzen ikusten nindutela eta esaten zutela: "Josune ez da, baina, neska bat, eskalatzaile bat da". Baina demostratu ere egin behar izan dut, eta hori eskalada modalitate berria izanda nahiko kirol liberala dela. Baina gizartearen isla ere bada, eta gizarte hau oso lehiakorra da, eta neska izateagatik lehiakideen erdiak paretik kentzeko aukera baldin badut, baliatu egingo dut. Pentsatzeko modu txoroa da, baina agian batzuk horrela uste dute. Badiotsut niri ez zaidala askotan gertatu, gehiago izan dira loreak, baina, aldi berean, aho batzuk itxiaraztea ere egokitu zait. Niri beti esaten didate: "Mendizaleak beste mundu batekoak zarete, elkartasun handiagoa dago zuen artean". Bai, agian, bai, baina mendian ere denetarik dago, eta lehiatzen ari zarenean, zure aldamenekoa lehiakidea da, eta halakoetan denak balio du.
Horregatik utzi zenituen lehiaketak?
Agian bai, ni ez naiz batere lehiakorra. Agian ez du hala ematen, baina nahiko bakartia eta barnekoia naiz; ez zait gustatzen jende askoren aurrean egotea eta eskalatzea. Bai, abailduta sentitu nintzen, eta neure buruarekin borroka latza izan nuen, eta erabaki nuen munduko kopako lehenengo bost emakumeen artean sartzen nintzenean lehia utziko nuela, eta hala egin nuen.
Ez duzu haren falta sumatzen?
Ez, batere ez. Asko ikasi nuen, bai lasaitzen, bai ondo arnasten, baita nerbioak kontrolatzen ere. Baina ez zait gustatzen, mundu hori oso lehiakorra da. Hor ez dago kiderik, denak dira lehiakideak. Ez da berdin gozatzen. Ez nago mundu honetan besteekin alderatzeko, neure burua garatzeko baizik.
Asko entrenatu behar da maila horretara iristeko?
24 ordu. Gorputza landu behar da gutxienez egunean lau orduan, baina hori da gutxienekoa. Garrantzitsuena burua da, eta buruak 24 ordu egiten ditu horretan pentsatzen. Izan ere, gorputza forman mantentzeko burua oinarrizkoa da; fisikoki lan egin baduzu, hori kanpora ateratzeko burua beharrezkoa da. Askotan, tenis partida batean esaten denean, "alde egin du partidatik", hori da gertatzen dena, kontzetrazio hori galdu duela.
Zure bikotea, Rikar Otegi, ere eskalatzailea da. Bazkaltzera elkartzen zaretenean, beste gairik izaten al duzue?
Mendian ez dugu inoiz eztabaidatzen, eta, beraz, horretarako etxean gauden denbora aprobetxatzen dugu. Kar-kar. Ez, egia esan, biok oso ondo moldatzen gara. Agian, ez da normalena, afizioan eta ofizioan elkarrekin aritzea, baina beti gustatu izan zaigu haizearen kontra joatea. Hogei urte baino gehiago elkarrekin egotea ere ez da oso normala, batez ere orain, mundu guztia banantzen denean.
Ez diozue modari jarraitzen.
Ez, batere ez. Kar-kar. Nik beti diot zerbaitek edo norbaitek ondo sentirazten zaituenean horri eusteko ahalegina ez egitea txoroa izatea dela. Bikote batean —eta hau asko ikasten da mendian, muturreko uneetan ikasten duzulako bizitzen—, oinarrizkoak dira komunikazioa eta enpatia. Mendian, bizitzan bezala, besteari dena eman behar diozu bera ondo senti dadin, eta, hala, zu gaizki zaudenean lagundu zaitzan, azkenean, horrek badu berekoikeria puntu bat, hormatik irteteko bestearen laguntza beharko duzulako. Askotan, eztabaidak txorakeriengatik pizten dira, eta, halakoetan, besteari entzuten ikasi beharra dago, bai bikoteari, bai seme-alabei, edo beste edozeini. Askotan, bizitza guk zailtzen dugu, berez, askoz ere errazagoa da, nahikoa da aldamenekoari entzutea.
Zer sentitzen da horrenbeste denboran prestatzen aritutako bidea amaitzen duzunean?
Askotan ez da iristen espero zenuen hori, hori bera bizi izan duzulako bidea prestatzen ari zinenean. Prestaketan bizitzen dira gehienetan gauza politenak, zuk fantasia bat duzulako buruan eta horrek ilusioa pizten duelako. Ez dut, hala ere, gezurrik esango, helmugara iristea poz handia da, baina pozik handiena hori lortzeko egindako bidea izan ohi da. Gauza bera gertatzen da zure ametsetako tokirako bidaia prestatzen ari zarenean ere, zure fantasia betetzera zoaz, eta horrek ilusio berezi bat pizten du edonorengan, nahiz eta gero hara iritsitakoan ez izan zuk hasieran espero zenuena.
Eskalatzeko adinik badago?
Bai, noski, kirol guztietan bezala. Gorputzak ere mugak ditu, eta ez da gauza bera 16 edo 20 urterekin izugarrizko ariketa fisiko gogorrak egitea, edo adinez aurrera zoazenean egitea. Goma elastiko bat bezalakoa da: berria denean, asko luzatuta ere beti itzuliko da bere tokira, baina, zahartzen doan heinean, gero eta gehiago kostako zaio. Beraz, eliteko kirolerako beti dago adin bat, baina kirolak berak ez du adinik, plazer bat denean. Gainera, beharrezkoak ere badira erronka horiek, ilusioz bizitzen laguntzen dutelako. Aldiz, alpinismoan, gorputza ere garrantzitsua bada ere, esperientziak gehiago balio du, eta hori adinak ematen du. Baina horrek ez du esan nahi 80 urterekin eskalada alpinoan ibili ahal duzunik!
Oraintxe baduzue proiektu jakinik esku artean?
Ez. Gure helburua, orain, mendira joatea da, eta oso gutxi egindako bide bat aurkitzen dugunean, hura egiten dugu. Baina ez dugu aurrez prestatutako proiektu handirik, unean unekoa aukeratzen dugu. Indartsu mantentzen gara, eta egunero entrenatzen gara.