Toulon 30. Miarritze 5

Eskarmentu eta indar falta

Miarritzek Munduko Kopako jokalarien hutsunea nabaritu du, eta Toulonen aurka ezin izan du ezer egin

Paul Couet-Lannes, Trevisoren aurkako partidan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Toulon. Lewis-Roberts, Genevois (Bruno, 63. min.), Hayman (Tussac, 72. min.); Chesney, Schofield (Suta, 33. min.); Missoup, Armitage (El Abd, 57. min.), Tawake; Tillous-Borde, Dumora; Smith, Messina, Bastareaud (Sinzelle, 75. min.), Loamanu; Lapeyre.

Miarritze. Marconnet (Buckle, 56. min.), Hegi, Johnstone (Coetzee, 45. min.); Thion (Roidot, 45. min.), Taele; Lund, Guyot, Faure (Gray, 56. min.); Lesgourgues (Roussaire, 53. min.), Baby (Barraque, 44. min.); Caprice, Burotu, Gimenez, Couet-Lannes; Balshaw.

Markagailua. 3-0; 10-0; 17-0; 20-0; 20-5 (atsed.) 23-5; 30-5.

Epailea. Patrick Pechambert.

Miarritzek ez du molderik hoberenean hasi 2011-2012ko Top14a, Toulon indartsuaren etxean indar erakustaldia jaso baitu. Ikusteke zegoen munduko kopako hutsuneek nola eragingo zioten Agilerako taldeari, eta atzoko emaitzak argi utzi zituen gauzak. Yachvili, Traille, Lakafia edo Ngwenya gabe ez da talde bera Miarritze. Parean, gainera, munduko kopa hor egon arren bere blokeari eutsi dion Toulon izan zuen euskal taldeak, eta bien arteko aldea berehala igarri zen.

Azken egunetan harrabots anitz sortu zuen Mediterraneoko taldeak, Philippe Saint Andre haren entrenatzaile nagusiak Frantziako selekzioa gidatuko duela jakin ondotik. Hala ere, datu horrek ez zuen sobera nahasi Toulon, eta bere indar fisikoa hasieratik inposatu zion Miarritzeri.

Partida hasiera, alta, orekatua izan zen, eta Toulonek ederki baliatu zituen lapurtarren petoak entseguak sartzeko. Dumora gaztea bizi jardun zen, eta bere ostikoak zutoina jo ondoren, Smithek sartu zuen lehen entsegua.

Miarritzek ez zuen asmatu zorte txarra iraultzen. Dumoraren zangoak eta Armitagen entseguak zuloa sortu zuten markagailuan (20-0). Lehen zatia bukatzear zela, Dannie Caprice ingelesak aldea gutxitu zuen, baina ordurako kolpe handia jaso zuen Miarritzek: 20-5.

Baby, min hartuta

Markagailua alde izanik, Toulon harrotu egin zen. Bere hirugarren lerroak min handia egin zion Miarritzeri, plakaketa txikitzaileak eginez. Bortizkeria horren ondorioz, Benoit Baby aldageletara joan behar izan zen, betazala irekita zuela. El Abd eta Missoupek min egin zuten, eta Lesgourguesen saihetsak ederki gorrituta utzi zituzten.

Partida norabide horretan zela, nabaritu zuten zuri-gorriek eskarmentuzko jokalarien falta. Zorigaitzez, taldeko jokalari garrantzitsu anitz Munduko Kopa prestatzen dabiltza, eta, segur aski, haiek zelaian egon balira gutxiago jasango zuen Miarritzek Toulonen indarra.

Gauzak horrela, Miarritzek burua apaldu beharko du eta lana latz egin, hurrengo asteetan sufritzea egokituko zaiolako, Munduko Kopa bukatu bitartean. Toulonek, aldiz, Top14an urrun joateko eta min egiteko moduko taldea duela erakutsi du. Iragan sasoian gaizki hasi ziren gorri-beltzak, baina aldi honetan beste aurpegi bat emateko asmoz hasi dira. Konfiantza gora badago, kontuan hartzeko taldea izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.