Zonakako defentsa

'Eskatu, eta emango zaizue'

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Sermolariak. Itxura hori hartzen ari dira Pablo Laso eta Dusko Ivanovic, Lagun Aro eta Baskoniako entrenatzaileak. Eskatu eta eskatu egiten dute, baina ez dute nahi duten erantzunik jasotzen jokalarien eskutik. Ebanjelioko esanetan fedea edukitzea beste erremediorik ez zaiela geratzen dirudi. 'Eskatu, eta emango zaizue', zioen Ebanjelioko berset batek (Mateo 7, 7-12). Jesusek bere dizipuluei esandakoa omen, 'eskatzen duenak jaso egiten duelako'. Ivanovic kexu da bere jokalari batzuek duten garaipen grina eskasagatik. Laso, aldiz, bere agindupean jokatzen dutenek defentsan sufritzeko borondate gutxi dutelako. Erremediorik gabeko gaitza bilakatzeko bidean daude kexa horiek, ligako bigarren herena betetzeko gutxi falta dela. Katsikarisek ere otoitz egin zuen Koparen ondoren, taldeak liga erregularra bukatu aurretik jokatuko dituen sei partidak irabazteko, eta bat irabazi du. Denen laguntzarekin. 'Eskatu, eta emango zaizue', esan die Katsikarisek Laso eta Ivanovic lankideei.

Sinesgarria. Bilbo Basketek Valladoliden aurka lortu zuen garaipena. Ez zelako markagailuak erakusten duena bezain erraza izan. Hotz kantxaratu zen Bilbo Basket, ohi bezala, eta hamar puntuko aldea lortu zuen Valladolidek. Bigarren laurdenean, ordea, esnatu egin ziren bizkaitarrak, eta erabakigarria izango zen partziala lortu: 25-10. Madrilen, Kopan, minutu askotan Vasileiadis eta Jacksonen une gozoari esker mantendu zen partidan Bilbo Basket. Bi horiek lan ona egin zuten igandean, baina Mumbruk ere bai. Warrenek ere bai. Janis Blumesek ere bai, eta Hernandez-Sonsecak ere bai. 113 puntuko balorazioa lortu zuen Katsikarisen taldeak, eta hori oso puntuazio altua da. Gauzak ondo egin zirela erakusten duen datua.

Inertzia. Baskoniak sentsazio on-onik helarazi gabe jarraitzen du. Nahi baino gehiago ahalegindu behar izan zuen sailkapeneko azkenaren aurka, eta bigarren zatiraino itxaron behar izan zuten zaleek bere taldeak partida hauts zezan. Lehen 20 minutuak aspergarri samarrak izan ziren, eta azken asteetako gabeziak errepikatu ziren: Huertasen bakardadea, Loganen iaiotasuna erasoan, eta nagikeria defentsan, Baracek epaileekin tematuta jarraitzen duela... Bjelicak hobera egin du, eta Teletovicek ere patxada handiagoarekin jokatu zuen, partida hasieran aulkian geratu ostean. Bi egoera horiek kapitainak belaunean duen minarekin izan dezakete zerikusia, baina min hori Teletovicek bere jarrera aldatu behar duela konturatzeko baliagarria baldin bada, ez dadila aste batzuetan sendatu.

Internet sarearen indarra. Baskoniarekin jarraituz, nabigatzaileren batek argazki bitxia sareratu zuen www.acb.com webgunean: jokalariak umoretsu, parranda giroan, Atenasko txokoren batean, Panathinaikosen aurka jokatu ondoren. 22:00ak aldera iritsi omen zen taldea hotelera, eta iratzargailua goizaldeko 04:30ean zuten, hegazkina hartzeko. Irabazi balute, ulergarriagoa izango zen parranda, baina galdu egin zuten. Ez saiatu argazkia bilatzen webgunean. Baskoniaren agintea handia da, eta argazkia desagertu da, dagoeneko.

Hamar minutu on, 30 txar. Lagun Arok Madrilen egin zuena. Sinestea kosta egiten zen, Lagun Aro hain ondo ikustea. Salgado eta Miralles egurrean, Panko ere txukun, defentsan intentsitate ikaragarria... 15-25 eta 19-31 aurreratu zen Lagun Aro. Eustea zen gakoa, baina ez zion eutsi. Besteak beste ordezkoak ez zirelako hasierakoak bezain piztuta kantxaratu: Kone, Uriz, Doblas, Tskitixvili... haiek kantxan zeudela egurra eman zuen Estudiantesek, batez ere trantsizio azkarren bitartez. Lasok zonakako defentsa bat agindu zuen bukaeran, ernegatuta, baina Ty Ellisek alferrikako egin zuen ahalegin oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.