Emakumeen Birako antolatzaileek kolpe gogorra jaso zuten Marianne Vosek lepauztaia hautsi eta Euskal Herrian lehiatzeari uko egin zionean. Zorionez, ez da gaitzik onik ez dakarrenik, eta txirrindulari herbeheretarra Biran ez egoteak probari mesede ere egin dio. Hura gabe, parekotasun handiagoa dago, eta azken egunera arte egongo da borroka gogorra garaipena lortzeko. Vos lehian egon izan balitz, zaila izango zen horrelakorik gertatzea, euren nagusitasuna hasi eta bukatu erakusten duten txirrindulari aseezin horietako bat baita herbeheretarra.
Baina Vos ez dago Biran, eta Urduñan hasi eta Iurretan amaituko den etapa bakarrik falta dela, lau txirrindulari k dute irabazteko aukera: Emma Pooley ingelesak (AA Drink), Judith Arndt alemaniarrak (Greenedge), Emma Johansson suediarrak (Hitec) eta Annemiek Van Vleuten herbeheretarrak (Rabobank). Pooley da lider, baina segundo bakarrera du Arndt, zortzira Johansson eta hamaseira Van Vleuten. Urrutiago dago Alena Amialiusik bielorrusiarra (Be Pink), 40ra.
Atzo Urduñan jokatutako erlojupekoak are gehiago estutu zuen sailkapen nagusia. Linda Villumsen (Greenedge) zeelandaberritarra nagusitu zen, baina ez zen ia alderik izan faboritoen artean. Urduñatik Iurretara bidean igaro beharreko hiru mendateek zehaztuko dute, gaur, Birako irabazlea nor izango den.
Eskerrik asko, Vos
Azken etapa dute gaur Emakumeen Biran, lehen lau sailkatuak hamasei segundoren tartean daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu