«Esklusibotasun» bila

Efren Vazquezek bere taldeko pilotu bakarra izan nahi du hurrengo sasoian, eta bi eskaintza ditu mahai gainean

Herri Torrontegi eta Efren Vazquez, Koikili Lertxundi Itzarriko arduradunarekin, atzoko agerraldian. M.R.  / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Efren Vazquezek beste pauso bat eman nahi du bere ibilbidean (Bilbo, 1986). Heldu den urtean Moto 3 maila berrian lehiatuko da,125 cc-koa ordezkatuko duen horretan, eta anbizioz ekin nahi dio. Pilotuak bi talderen eskaintzak ditu; hala esan zuen atzo Bilbon eginiko denboraldiaren balorazioan. Eta haren lehentasuna «esklusibotasuna» da; alegia, taldeak berarentzat bakarrik lan egin dezala, eta motorraren zein osakinen fabrikazio prozesua gertutik jarraitzea. Bere asmoa betetzeko babesle bila dabil, eta 600.000 euro behar ditu. Bakarrik egingo du bidea, gainera, Herri Torrontegiren laguntzarik gabe ariko den lehen denboraldia izango baita.

Vazquez zazpigarren izan da aurten jokaturiko 125 cc-ko munduko txapelketan, eta hirugarren izan da bi Sari Nagusitan —Frantzian eta Motorsport—. 2010eko emaitzak hobeak izan ziren, eta taldez aldatzea erabaki du. Pilotuak bi eskaintza ditu, eta berak ziurtatu ez duen arren, dagoeneko zabaldu da La Glisse talde espainiarrarena eta Ioda Raing italiarrarenak direla. Azken horretan eman dituzte lehen pausoak azken hamarkadetako pilotu italiar entzutetsuenek. Vazquezek buruhaustea du. «Eskaintza bakoitzaren aldeko eta kontrako arrazoiak aztertzen ari gara. Nirekin bakarrik lan egingo duen talde bat lortzen saiatuko gara. Goian egon nahi duen pilotu batek behar duen esklusibotasuna nahi dut, eta motorraren zein osakinen fabrikazio prozesutik ahalik eta gertuen egon».

Pilotua babesle bila dabil egunotan, eta lehenbizikoz bere gain hartu beharko du ardura hori, Torrontegiren gidaritzarik gabe.Denboraldiko aurrekontua ixteko, 600.000 euro behar ditu, eta, pilotuak zehaztu duenez, halako kontuak «arrotzak» egiten zaizkio, «pilotuena bainoago bulegoetako jendearena delako». Pilotua baikorra da alde horretatik, baina oraindik lotzeke ditu. «Itxarotea baino ez zait gelditzen, baikorra izatea eta hariak ahalik eta hobekien mugitzea dena hezurmamitu dadin».

Atzera begira jarrita, Vazquezek ez du uste Aki Ajo taldeak «huts egin» dionik, eta azken urtean asko ikasi duela nabarmendu zuen. Era berean, logikotzat jo zuen azken lasterketetan taldeak Johann Zarko taldekidearen alde «argi eta garbi» egin izana. «Azken lasterketara txapeldun izateko aukerarekin iritsi zen».

Herri Torrontegi ere mintzatu zen agerraldian, eta zorte ona opa zion Vazquezi. «Lortu duen guztia oso ona izan da. Hemendik aurrera berak hartu du lema, eta polita litzateke bere ibilbidearen bukaeran nirean baino garaipen gehiago agertzea». Torrontegik bi lasterketa irabazi zituen; Vazquezek, oraingoz, bat ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.