Etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratu nahi zuen Osasunak Xixonen, baina ez du lortu. Une askotan partida kontrolatu badu ere, Sportingek jaso ditu azkenean partidako hiru puntuak, Lora eta Carlos Castroren golei esker.
Norgehiagokaren laugarren minutuan aurreratu da Sporting, Miguel Flañoren kanporatze bat berreskuratu eta gola sartu duenean Lorak. Hortik aurrera, ordea, Iruñeko taldeak ez du amore eman, eta partidaren lehen zatia kontrolatu du arriskuko jokaldiak sortuz, baina ate aurrean asmatu gabe.
Bigarren zatia berdinduago hasi da, baina 75.minutuan Kodrok gertu izan du berdinketaren gola. Cuellar Sporting-eko atezainak gelditu du bere jaurtiketa. Geroxeago ere Ansarifardek Osasunarentzat gola sartzeko aukera izan du, baina kanpora joan zaio buruz egindako jaurtiketa. Partida 1-0 markagailuarekin amaituko zela zirudienean, Carlos Castrok sartu du Sportingen bigarren gola, 92. minutuan, partida erabat erabakita utziz.