Iruñera ailegatu zenetik gora egin du Albert Rocas eskuin hegalekoaren jokoak. Funtsezko jokalari bilakatu da Portlanden, eta golekin eskertu du kataluniarrak entrenatzailearen konfiantza.
Ciudad Realen kontrako partidaren ondoren txapeldun izanen zarete?
Ikusiko dugu. Halako partidetan zaila da aurretik erratea zer gertatuko den.
Ligako azken txanpa oso gogorra egokitu zaizue.
Hala da, baina Liga lortu nahi duzunean halako partida gogorrak irabazi egin behar dira. Berdin gertatzen da Txapeldunen Ligan.
Gaurko partidak ekar dezakeena ahaztu nahi duzue jokalariok, nolabait, ahalik eta lasaien ateratzeko pistara; zaleen artean, ordea, nabari da Liga irabazteko gogoa.
Bai, baina jokalariok argi dugu edozer gauza gerta daitekeela. Ezin dugu txapela irabazitzat jo oraindik, dirudiena baino zailagoa izanen baita Liga eskuratzea.
Modu berezian prestatu duzue asteon Ciudad Realen kontrako partida?
Bideo gehiago ikusi ditugu. Eta sumatu da giroan tentsio gehiago. Partida jokatzeko irrikan gaude denok. Portlandek lehen mailako jokalariak ditu, halako partidak jokatzen ohituta daudenak. Nabari da gogo hori.
Bi partida falta dira. Kontent zaude taldeak aurten egindako lanarekin?
Bai, nik uste dut taldeak oso lan ona egin duela arlo guztietan. Lan ona egin arren, ordea, bi partida besterik falta ez direnean oraindik ezin dugu erran txapeldun garenik. Horrek erakusten du Ligaren gogortasuna.
Urte osoko lana saritzen du Ligako txapelak, finean.
Bai, eta, alde horretatik, agian Txapeldunen Liga baino gogorragoa da. Zorteak zerikusi handiagoa izan dezake Txapeldunen Ligan Asobalen baino. Horregatik, oso garrantzitsua da guretzat txapela lortzea.
Oso urte ona izan da aurtengoa, halaber, zuretzat; golegile nagusia zara Portlanden, eta Espainiako selekzioarekin irabazi duzu Munduko Txapelketa. Pozik?
Oso kontent nago. Iruñera etorri nintzenetik dena oso ongi atera zait, nik uste baino askoz hobeki. Asko jokatzen ari naiz, eta entrenatzaileak konfiantza handia erakutsi dit. Hori oso garrantzitsua da jokalariontzat.
Zure kalitatea berretsi duen denboraldia izan da aurtengoa. Zuk zer uste duzu?
Ez dakit. Horrelako gauzak, egia erran, ez ditut buruan. Finean, besteek erran behar dute nire lana nola ikusten duten. Ni lan hori ahalik eta ongien egiten saiatzen naiz. Azken bi edo hiru denboraldiotan gauzak oso azkar gertatu dira. Valladoliden ia ez nuen jokatzen, Iruñera etorri, eta asko jokatzen ari naiz. Espainiako selekzioarekin aritu naiz. Eta hori guztia 22 urte dituzunean barneratzea ez da erraza.
Richardsonek agur erranen dio taldeari, Iruñean bost urtean aritu ostean. Nolakoa izan da harekin jokatzea?
Edozein jokalarik izan dezakeen esperientziarik onenetako bat da Jacksonekin aritzea. Iruñera etorri nintzenean uste nuen giro arraroa aurkituko nuela taldean; lehen mailako jokalari asko zegoen, eta beldur nintzen haien jarreraz. Jackson izan da aurkitu dudanaren adibiderik argiena. Gizon apala eta langilea da. Eredutzat har daitekeen jokalaria eta gizona da. Sekulakoa da. Jokatzeko gogoa ez du galdu, eta partida bakoitzean barruan duen guztia ematen du.
Zaleek Ciudad Realen kontrako partidan erranen diote agur; partida berezia izanen da, alde horretatik, eta berezia, noski, jokoan dagoenagatik. Nolako giroa espero duzu?
Ziur naiz partida handia izanen dela. Pabiloia lepo beteta egonen da, eta tentsio handiko norgehiagoka izanen da. Tentsioa sumatuko da, eta hori da halako partiden benetako xarma. Denok jokatu nahi ditugu halako partidak.
Zer-nolako partida espero duzu gaur?
Berdintasun handikoa, dudarik gabe. Azken minutura arte berdintasuna izanen da nagusi. Asko sufritu beharko dugu txapeldun izateko. Iaz, alderantzizkoa gertatu zen. Ciudad Realera joan, eta hango taldeak gure kontra berdindu edo irabaziz gero, txapela lortzen zuen. Oraingoan guk dugu irabazteko aukera.
ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA. PORTLAND. ALBERT ROCAS. PORTLANDEKO JOKALARIA. «Ezin dugu pentsatu txapela irabazita dugunik; zaila izango da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu