Portlandek Granollersen bisita jasoko du gaur Iruñean (18:00, Sportmania). Bi puntuak irabaztea dute nafarrek helburu, are gehiago Bartzelonaren aurka Palaun nagusitu ondoren. Asobal Ligako lider bakarra da orain Iruñeko taldea, eta horrela jarraitu nahi du denboraldia amaitu arte.
Gaurko partidarako taldea osatzeko hainbat aldaketa egin beharko ditu Francisco Javier Zupo Ekisoainek, hainbat jokalari min hartuta baitaude. Aldaketek defentsari eraginen diote, batez ere, Juantxo Perezi ebakuntza egin berri baitiote ezker eskuko hatz txikian. Jorgensen, halaber, ezin izanen da aritu, bizkarreko minez baitago. Carvajal da partida harmailetik ikusiko duen hirugarren jokalaria, orkatila ez baitzaio oraindik erabat osatu.Egoera horren aurrean, Portlandek «aurrera egin» beste erremediorik ez duela azpimarratu du Ekisoainek: «Gelditzen den norgehiagoka bakoitza final baten gisakoa da; kontzentrazioari eutsi behar diogu». Ekisoainek argi du Palaun Portlandek Liga irabazteko urrats oso handia egin zuela, baina ez du garaipena ziurtzat eman nahi.
Alcobendaseko orbana garbitzera
Arratek Valladoliden pistan jokatuko du gaur (18:30). Joan den asteazkenean Alcobendasen aurka erakutsitako irudia zuritu nahiko dute Eibarko jokalariek, Jorge Dueñas entrenatzaileak berak onartu baitu azken hori «azken urteotako partidarik txarrena» izan zela.
Valladolid ez da aurkari erraza, are gutxiago bere etxean, baina Arrate puntuak lortzeko irrikan da, eta gogor saiatuko da.
ABF Superligan Akaba Bera Berak eta Itxakok etxean jokatuko dute. Donostiarrek Gijon hartuko dute Bidebietan (19:30), eta lizarratarrek Elda (18:30). Itxakok du lan zailena, Elda Ligako txapelduna baita.
ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA. Portlandek Granollers hartuko du, lider segitzeko asmoarekin
Arratek lan ona egin nahi du Valladoliden, asteazkeneko porrota ahazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu