ESKUBALOIA. ASOBAL LIGAREN HASIERA. Eraberritu edo hil

Arratek eta San Antoniok gaur eta bihar ekingo diote lehiari. Biek erabat aldatu dute taldea, eta helburu apalagoak ezarri. Dena, iragan sasoian diru eskasiak eragindako kalbarioa atzean uzteko.

Julen Etxeberria.
Donostia
2009ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Eraberritu edo hil. Horixe dio esaldi ezagunak. San Antoniok eta Arratek ez dute zalantzarik izan, eta lehenbizikoaren alde egin dute gaur hasiko den Asobal ligari begira. Biek ala biek gorriak ikusi zituzten iragan denboraldian sasoia amaitu ahal izateko. Gehiago borrokatu behar izan ziren bulegoetan, pistan baino. Dena, ez desagertzeko. Azkenean, nola edo hala lortu zuten sasoia amaitzea, garesti ordainduta, hori bai, pistatik kanpoko arazoek eragina izan baitzuten taldearen jardunean. Sailkapena ikusi besterik ez dago: San Antonio laugarren izan zen Ligan, eta ez zen sailkatu Txapeldunen Ligarako. Arratek, berriz, 11. postuan bukatu zuen Liga, eta aurreko bi denboraldietan hasitako gorako bidea eten. Ez batak ez besteak ez du berriz ere horrelako gurutze bidea bizi nahi, eta krisiak bere horretan jarraitzen duela kontuan hartuta, taldeak goitik behera aldatu eta euren buruei helburu apalagoak jartzea beste aukerarik ez zaie geratu.

Iraultza da maila nagusiko bi euskal taldeetan gertatutakoa ondoen definitzen duen hitza. Ez da gutxiagorako, bai San Antoniok, bai Arratek antz gutxi baitute iragan denboraldikoekin. Pistan zein pistatik kanpo izan dira aldaketak, aldaketa sakonak. Krisiaren garroak luzeak dira, eta toki guztietara iristen dira. Galde diezaietela iruindarrei eta eibartarrei. Biek zuten eraikuntzari loturiko babeslea -Portland porlan enpresa San Antoniok, eta Isolux eraikuntza enpresa Arratek-, eta biak geratu dira gabe. San Antonioren kasuan, Nafarroako Gobernua izango da orain babesle nagusia, eta horren truke taldeak Nafarroako Erresuma izena hartuko du. Portlandek babesle izaten jarraituko du, baina sinbolikoki. Reprysen enpresak ere diruz lagunduko du taldea, baina diru kopuru handirik eman gabe. Ondorioa: taldeak bi milioi euro inguruko aurrekontua izango du, iragan denboraldikoa baino heren bat gutxiago. Beste horrenbeste gertatu zaio Arrateri. Haren kasuan, Kirolgi izango da klubaren babesle nagusia. 1,1 milioi euro inguruko aurrekontua izango du Eibarko taldeak, iragan denboraldikoa baino %30 gutxiago.

18 jokalari joan, eta 16 etorri

Horrek guztiak, noski, izan du eraginik kirol arloan, eta, guztira, San Antonio eta Arrateko hemezortzi jokalarik utzi dute taldea.Batzuek euren ekimenez egin dute, baina beste batzuek taldeak behartuta, gastuak murrizteko.

Zortzi jokalarik utzi dute Iruñeko taldea, horietako asko oinarrizkoak izandakoak: Juantxo Perez, Kristian Kjelling, Tomas Svensson, Renato Vugrinec, Danjel Saric, Lars Jorgensen, Claus Jakobsen eta Josep Masachs. Hutsune horiek betetzeko bederatzi fitxaketa egin ditu San Antoniok. Ez dago izarrik horien artean, klubaren egoera ekonomikoak ez baitu horretarako aukerarik eman. Hala, Chechu Villaldea entrenatzaileak jokalari borrokalarien alde egin du fitxaketak egiterako orduan. Profil hori dute Jon Belaustegi eskuin alboko donostiarrak, Victor Alvarez erdiko espainiarrak, Mariusz Jurkiewicz ezker alboko poloniarrak, Malik Besirevic atezain bosniarrak, Radivoje Ristanovic atezain serbiarrak, Alberto Agirrezabalaga eskuin alboko zarauztarrak, Arkaitz Vargas ezker alboko irundarrak, eta Gedeon Guardiola eta Eloy Gonzalez pibot kataluniarrek.

Arraten, berriz, hamar jokalarik utzi dute taldea, eta San Antonion bezala, funtsezko jokalari asko daude tartean: Iñaki Malumbres, Gojko Vuçinic, Unai Arrieta, Mariusz Jurkiewicz, Ivo Diaz, Arkaitz Vargas, Iñigo Salaberria, Bojan Stefanovic, Viatxeslav Kobin eta Novica Rudovic. Julian Ruiz entrenatzaileak ere jokalari borrokalarien alde egin du, baina San Antoniorekin alderatuta, Arratek egindako zazpi fitxaketetatik bakarrak du eskarmentua Asobal ligan: Sergio Cid ezker hegalekoak. Blaz Vocina atezainak, Toro Szabolcs ezker hegalekoak, Ivan Obrvan eta Viktor Hersanyi ezker albokoek, Istvan Redei eskuin albokoak eta Tin Tokic pibotak ez dute inoiz jokatu Espainiako Ligako maila nagusian, eta hori zama handia izan daiteke. Julian Ruizek, baina, espero du jokalariok eskubaloian izen bat izateko duten gogo biziarekin estaltzea gabezia hori.

Asobal ligako beste taldeei dagokienez, bi nabarmentzen dira: Bartzelona eta Ciudad Real, txapela irabazteko faboritoak. Koska bat beherago daude Valladolid eta Ademar. San Antoniok maila horretan egon nahi du, baina kostako zaio, eta normalena koska bat beherago egotea litzateke, CAI Aragoi, Logroño eta Granollersekin batera. Iruñeko taldeak, halere, lan ona egin dezake Europako Errekopan. Arrate, berriz, koska bat beherago ariko da Ligan, hamaika talderekin lehian. Eibarko taldeak Logroñori egingo dio bisita gaur (20:00), eta San Antoniok Toledori bihar (19:15).



Zenbakia

11

Euskal jokalariak beste taldeetan. 11 euskal jokalari ari dira San Antonio eta Arrate ez diren taldeetan. Ciudad Realen, Julen Aginagalde; Bartzelonan, Iker Romero; Valladoliden, Eduardo Gurbindo, Asier Antonio eta Gonzalo Vicente Porras; Ademarren, Mikel Agirrezabalaga; CAI Aragoin, Iñaki Malumbres; Logroñon, Unai Arrieta eta Gurutz Aginagalde; Pilotesen, Yeray Lamariano; eta Alcobendasen, Pablo Ganboa.





Julian Ruiz.Arrateko entrenatzailea

«Jendeak uste duena baino taldehobea gara. Ez gara lagun koadrila bat»

J. Etxeberria. Donostia

Bigarren denboraldia du Julian Ruizek Arraten (Santander, Espainia, 1960). Estreinako sasoia ez zen nahi bezalakoa izan, arazo ekonomikoek sasoi osoa baldintzatu baitzuten. Denboraldi honetan «lasai» egin nahi du lan, burua «pistan bakarrik» izan.

Iritsi da lehiatzeko ordua. Zer moduz zaudete?

Gogoz, eta, noski, apur bat urduri, denboraldi berri bat hasten den bakoitzean bezala. Oraingoan, gainera, urduriago gaude, Asobal ligan eskarmenturik ez duten jokalari asko iritsi direlako taldera. Hala ere, ilusio gehiago dugu, nerbioak baino.

Taldea aldatu duzue goitik behera.

Bai, eta horregatik gabiltza oraindik egokitzapen prozesuan buru-belarri. Baina hori normala da, ezin gara kexatu, bagenekien.

Egin dituzuen zazpi fitxaketetatik bakarrak du eskarmentua Asobal ligan. Horrekin arduratuta zaude?

Bai, noski. Ez da gauza bera Hungarian jokatzea eta Asobal ligan jokatzea. Dena da eskubaloia, baina hemen dena da ezberdina. Eta guztiaren gainetik, eskarmentu falta horrek atean nola eragin diezagukeen arduratzen nau, bi atezainak baitira berriak Liga honetan. Bata oso gaztea da [Igor Moyua], eta bestea kanpotik dator [Blaz Voncina], eta hamaika bideo ikusi dituzten arren, lehiaketak ematen dituen sentipenak bizi arte ez dugu jakingo nola erantzungo duten.

Horrelakoetan oso garrantzitsua izan ohi da ongi hastea.

Hala da, hori nahi dugu guztiok, ondo hasteak mesede egingo ziolako hainbeste aldaketa izan dituen talde honi. Baina egutegi zaila dugu aurretik (CAI, Cangas, Toledo, Alcobendas eta Ciudad Real), eta partida horietan punturik lortzen ez badugu, presak eta nerbioak azalduko dira.

Denboraldi-aurreko partidetan eginiko lanarekin pozik zaude?

Jendeak uste duena baino talde hobea garela erakutsi dugu, ez gara lagun koadrila bat, nonbait irakurri dudan bezala. Hala ere, gauza bat da denboraldi-aurrea, eta beste bat benetako lehiaketa. Lehiatzea baita zailena, eta hor ikusi nahi dut taldea.

Zein da sasoi honetarako helburua?

Mailari eustea. Hori da geure buruari exijitzen diogun gutxienekoa. Baina ez dut horretaz hitz egin nahi, partidaz partida joan nahi dut, are gehiago hain talde gaztea izanda. Lasai egon daitezen nahi dut. Nik fede handia dut, eta sinetsita nago Ligak aurrera egin ahala, taldeak gora egingo duela.

Talde gazteekin lana egiten ohituta zaude. Bidasoan antzeko taldea zenuen eskuetan.

Bai, eta horregatik diot ez dela komeni gazteei hasieratik presioa sartzea, eta sailkapenekin eta zenbakiekin jokalariak erotzea. Ez dut gustuko. Nik badut eskarmentua adin horri aurre egiteko, baina heldu gabe dagoen talde bati horrek kalte egin diezaioke.

Zer-nolako Arrate ikusi nahiko zenuke?

Zaleek argi izan dezatela: talde honek duen guztia emango du partida guztietan. Eta ziur naiz sasoi amaieran talde honek ondo jokatuko duela, hori egiteko ahalmena baitu.

Nola ikusten duzu Liga?

Ciudad Real eta Bartzelona daude goian, gero Ademar, Valladolid, San Antonio, CAI, Granollers... Eta hortik aurrera? Parekotasun handia. Itxura batean badirudi Toledo eta Cangas direla maila galtzeko hautagaiak, baina auskalo, inor ezin da lasaitu.

Ez litzateke gaizki etorriko behingoz klubeko arazo ekonomikoak konpontzea ezta?

Ez, noski. Iragan sasoian horrek dena baldintzatu zuen. Nola edo hala konpondu behar da arazo hori, bestela akabo.





Chechu Villaldea.San Antonioko entrenatzailea

«Sasoi honetako taldeak aurrekoak baino ilusio handiagoa du»

J. E. Donostia

Bi urtean bi talde oso ezberdin ezagutu ditu Chechu Villaldeak (Gijon, Espainia, 1966). Bata, jokalari handiena. Bestea, jokalari apalagoena. «Esperientzia aberasgarriak dira guztiak», aitortu du.

Ligari ekiteko bezperan, zer moduz dago taldea?

Ondo, Jurkiewicz eta Urdiales ez beste jokalari guztiak prest baitaude. Egia esan, badugu gogoa lehiatzen hasteko eta denboraldi-aurrean egin dugun lanak balio izan duen edo ez jakiteko.

Fitxaketa guztiak taldera egokitzea izan da buruhausterik handiena?

Bai, batez ere, defentsan. Ez da harritzekoa, bederatzi jokalari iritsi direlako taldera.

Zertan aldatu da taldea?

Iragan sasoiko taldeak eta denboraldi honetakoak ez dute antzik. Itxura batean, ilusio gehiago du denboraldi honetakoak.

Ilusio gehiago? Zergatik?

Lehen, maila eta sona handiko jokalariak zeuden taldean, eskubaloian ospea zutenak. Oraingoek, ordea, ez dute hainbesterako ospea. Hala ere, ziur naiz barruan duten guztia emango dutela eskubaloian izen bat izan ahal izateko.

Zer duzu gustukoago? Aurreko taldea ala oraingoa?

Biak. Argi dago diru eskasiak behartuta utzi behar izan ditugula joaten taldean zeuden hainbat jokalari bikain. Baina oraingo taldea ere erakargarria da.

Helburu zehatzik baduzue?

Asobal ligan, ahal dugun lan onena egin nahi dugu, eta Europako Errekopan, ahal dugun urrutien iritsi.

Ahal duzuen lan onena egin nahi duzuela diozu. Zein posturekin konformatuko zinateke?

Ez dakit. Ciudad Real eta Bartzelona beste taldeak baino koska bat gorago daude, beste Liga batean. Haien atzetik egon behar dugu Ademar, Valladolid, Granollers, CAI eta gu. Europarako sailkatzeko lehian egon behar dugu.

Errekopan lehiatzea aukera polita izan daiteke. Txapeldunen Liga jokatzea erronka gogorregia izan zitekeen.

Hala da. Jokalariak taldea uzten hasi zirenean jabetu ginen ez genuela Txapeldunen Liga jokatzeko taldea. Ez du merezi horrelako lehiaketa bat jokatzea lehen ligaxkan jada kalean geratzen bazara. Ez da errentagarria. Europako Errekopa, ordea, lehiaketa samurragoa da, eta uste dut lan polita egin dezakegula.

Zer-nolako San Antonio ikusi nahi duzu?

Partida guztietan borroka egiten duen talde bat, aurkariari beldurra ez diona, ondo jokatzen duena, baloia ondo mugitzen duena, sendo defendatzen duena... Guztiaren gainetik, ilusioa eta irabazteko grina duen talde bat.

Estiloa aldatuko duzue?

Bai. Biziago jokatuko dugu. Lehen banakotasun gehiago genituen. Orain, ordea, taldeko jokoa izango dugu makulu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.