ESKUBALOIA. Bertze aukera bat du

Itxakok EHF Kopako finaleko joaneko partida jokatuko du gaur Lizarran, Leipzig taldearen aurka. Iazko finala galdu ondoren, oraingo aukera profitatu nahi du Lizarrako taldeak txapela janzteko

edurne elizondo
Iruñea
2009ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Ailegatu da ordua. Bigarren aukeraren ordua.Itxakok EHF Kopako finaleko joaneko partida jokatuko du gaur, Lizarran (Nafarroa), HC Leipzig Alemaniako taldearen kontra. Duela urtebete, Dinamo Volvograd Errusiako taldearen kontra galdu zuten nafarrek lehiaketa bereko finala. Zaila zirudien bigarrenez jarraian txapelketaren azken txanpara ailegatzea, baina Itxakok lortu du. Sasoi bikaina egin du. Joko sendoa erakutsi du, eta, batez ere, gorabeherarik gabekoa. Joko horrek finalean jarri du berriz ere Lizarrako taldea, eta, oraingoan, txapela irabazteko prest dira Itxakoko kide guztiak. Lezioa ikasi dutela azpimarratu dute azken egunotan. Badakitela finala galtzea zer den eta, orain, garaipenaren ordua dela. Bigarren aukera ederki profitatzeko ordua, alegia.

Lizarran dena prest dago gaurko norgehiagoka hartzeko. Iaz bezala, finalak ikusmin handia piztu du herritarren artean, eta balkoietan Itxakoren aldeko banderak jarri dituzte azken egunotan. Pabiloia lepo beteko dute, gainera, Lizarrako zaleek. Taldeko kideak bezala, iaz galdutako finalaren arantza ateratzeko irrikan dira jarraitzaileak ere.

Jokalarien artean, bakar batek ezin izanen du gaur pistara atera, arazo fisikoak direla eta: Silvia Araujok. Eskuin alboko brasildarra ez da garaiz osatu finalerako, eta aulkitik ikusi beharko du gaurko partida. Araujok hutsik utzitako tokia Petronica Melintek beteko du. Pibot errumaniarra ABF ligako azken bi jardunaldietan ere aritu da, eta sasoiko dagoela erakutsi du. Sasoiko dira, halaber, Nerea Pena eta Cristina Mihai. Zituzten arazo fisikoak gainditu dituzte, eta gaur jokatu egingo dute. Mihaik 33 urte bete zituen atzo, eta argi utzi du ospatzeko zer opari nahi duen: EHF Kopako txapela, noski.

Irabazteko aukera paregabea du Itxakok. Zaila da Europako final batera ailegatzea, eta are gehiago bi aldiz jarraian. Hori egin du Lizarrako taldeak, eta, hori lortu izana izan daiteke pizgarri nagusia. Europan, gainera, esperientziak anitz laguntzen du final batek sortzen duen presioari eta giroari aurre egiten, eta iazko bizipenak baliatuko ditu Itxakok hutsak ez errepikatzeko, zalantzarik gabe.

Taldea sendo dago, gainera. Denboraldia gogorra izan da, baina nekeari aurre egin diote nafarrek. Sasoi osoan gorabeherarik gabe jokatu dute, eta hori izan daiteke gaur arma nagusia. Euren jokoa egiteko aukera izatea izanen da gakoetako bat. Etxean ariko da Itxako, zaleen aurrean eta haien babesarekin, eta hori bere alde erabili behar du, halabeharrez. Betiko defentsa sendoa erakutsi, eta kontraerasoa profitatu. Ideiak argi izan pistan, azken finean.

Etxean handitzen den taldea

Etxean emaitza ona lortzea beti da garrantzitsua, baina are gehiago HC Leipzigen gisako talde baten kontra. 5.000 zale alemaniarrek sarrera erosi dute jadanik itzuliko partida ikusteko. Etxean handitzen den taldea da Leipzig, etekin handia ateratzen baitio bere pistari. Ederki dakite hori txapelketan alemaniarren aurkari izan diren taldeek, Leipzig etxetik kanpoko partida guztiak galduta ailegatu baita finalera. Hau da, etxean egin duen lanari esker.

Itxakok berak badaki Leipzigen kontra jokatzea eta galtzea zer den. Joan den urrian Lizarranjokatu zen Txapeldunen Ligako sailkapen ligaxkan aritu ziren nafarrak alemaniarren kontra. Itxakok galdu zuen, 24-28. Partida hartan deus ez zegoen jokoan, ez nafarrentzat, ez alemaniarrentzat. Podravka Vegeta Kroaziako taldeak bazekien ordurako Txapeldunen Ligan arituko zela Itxako eta Leipzig elkarren kontra aritu zirenean.

Gaur, egoera hagitz bertzelakoa da. Dena dago jokoan nafarrentzat. Txapela, sasoi osoan egindako lana. Hori argi eta garbi dute Lizarrako jokalariek. Argi dute, halaber, partida zaila eta gogorra izanen dela gaurkoa, eta sufritu beharko dutela helburua betetzeko. Aurrean, xede eta asmo bera duen taldea izanen baitute. HC Leipzig taldeko kideak herenegun gauean iritsi ziren Lizarrara. 120 lagun denera. Jarraitzaile talde bat ere etorri zen jokalariekin, eta gaurko bertze zenbait zale ailegatzekoak ziren.

Sasoi borobila izan daiteke Itxakorentzat. EHF Kopa ez ezik, ABF Liga ere eskura du. Mar-Alacanten pistan ariko da gaur Elda (19:00), eta berdindu edo galtzen badu, Itxako izanen da txapeldun. Pizgarri polita izanen litzateke hori Alemaniako itzuliko partidarako. Eldak irabazten badu, bertze aukera izanen du ostegunean Itxakok, Eldaren aurka ariko baita, haren pistan.



Conchi Berenguel.Itxakoko jokalaria

«Ea, behingoz, presioari aurre egiteko gai garen»

E. Elizondo. Iruñea

Kirolariek tituluak irabazi nahi dituzte, eta Conchi Berenguel ez da salbuespena (Almeria, Espainia, 1979). Finala hasteko gogoz da. Zaleen aurrean gozatu nahi du, eta txapela irabazita eskertu haien laguntza eta babesa. Presioari aurre egiteko prest da, eta, batez ere, Europan nagusitzeko.

Bigarren aldiz jarraian ailegatu zarete EHF Kopako finalera. Nolakoa izan da lehiaketa zuretzat?

Egia erran, laburra izan dela iruditu zait. Denboraldi hasieran Txapeldunen Ligako sailkapen ligaxkan aritu ginenez, kanporaketa gutxiago jokatu behar izan dugu, eta, ondorioz, labur egin zait lehiaketa. Anitz gustatu zait, gainera, talde gisa hobera egin dugula uste baitut.

Leipzig izanen duzue aurkari; nahiago zenuen berriz Dinamo Volgograden kontra aritu?

Neurri batean, bai, errusiarren kontra jokatu nahi nuen, mendean hartzeko, eta iazko arantza ateratzeko. Baina bi taldeak onak direla iruditzen zait, eta bat egokitu edo bertzea egokitu, argi zegoen finala zaila izanen zela.

Nola ikusten duzu aurkaria?

Talde zaila da, argi dago. Haien aurka aritu ginen Txapeldunen Ligako sailkapen ligaxkan, eta irabazi ziguten, lau goleko aldea atera zuten. Hala ere, partida hartan, ez haiek eta ez guk ez genuen ongi jokatu. Zaila izanen da. Baina jokatzeko gogoz gara.

Egunotan, zenbat aldiz oroitu zarete iazko finalarekin?

Saiatzen naiz ez oroitzen; nik aurrera egin nahi dut beti. Iaz, galdu egin genuen finala, eta horrek irakatsi digun lezioa baliatu nahi dut aurten. Ea, behingoz, presioari aurre egiteko gai garen.

Presioaren beldur zara, edo lezioa ikasi duzuela uste duzu?

Finala galtzen denean, beti bilatzen dira hamaika arrazoi, epaileen lana dela, jokoa, presioa... gauzak ongi ateratzen badira ziur naiz inork ez duela presioaren gaia aipatuko. Presioaren gaia bazter utzi nahi dut. Finala da, eta hagitz polita da final bat jokatzea. Are gehiago kanporaketako partida bat etxean jokatuta. Zaleak gure alde izanen dira, gure lana da ongi jokatzea, gozatzea, eta txapela irabazten saiatzea.

Sekulako denboraldia egin duzue. Zein izan da gakoa, zure ustez?

Ez da bakarrik sasoi honetako lana. Ohorezko Mailan hasi zenetik gora egin du taldeak etengabe. Ez da, beraz, urte bakar bateko lana bakarrik. Itxakon aritu diren jokalari guztiek eman dute zerbait, eta, denen artean, sendotu egin da taldea. Sasoi honetako ezaugarri nagusia gorabeherarik gabeko jokoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.