ESKUBALOIA. EHF KOPAKO FINALA. Azken uzta biltzera

Itxakok EHF kopako finaleko itzuliko partida jokatuko du gaur Alemanian, Leipzig taldearen aurka. Etxean zortzi goleko aldea lortu zuten nafarrek, baina gaur irabaztera aterako dira pistara.

Edurne Elizondo. Berriemaile berezia. Leipzig.
2009ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Sasoiaren azken txanpa da uzta jasotzeko garaia. Ostegunean ABF ligako txapela lortu zuen Itxakok aurreneko aldiz, eta gaur, berriz, EHF kopakoa eskuratzeko aukera ezin hobea du, Alemanian, Leipzigen kontra. Azken uzta zain dute nafarrek, eta jasotzeko prest dira, azken izerdia botatzeko prest. Lau eguneko denbora tartean bigarren txapela dutelako jokoan. Aurtengo uzta historikoa izan daitekeelako Itxakorentzat.

Bigarren txapelaren eta Itxakoren artean partida bakarra dago. Partida bakarra gelditzen da. Eta partida horretan zortzi goleko aldea izanen du Lizarrako taldeak, etxeko norgehiagokaren emaitzari esker (27-19). Itxakoko kideek, hala ere, ahaztu nahi dute emaitza hori. Ahaztu aldea. Ahaztu finaleko partida bat jokatu dutela jada alemaniarren kontra. Hutsetik hasi nahi dute, kopa nork eramanen duen partida bakar batek erabakiko balu bezala. Gaurkoak.

Irabazi, irabazi eta irabazi. Bertzerik ez dago Ambros Martin entrenatzailearen buruan. Eldaren kontrako osteguneko partidan ere, garaipena ez zuten beharrezkoa Liga irabazteko. Berdinduta, eta galduta ere, izaten ahal ziren txapeldun. «Baina partida hil edo bizikoa balitz jokatu genuen. Jarrera hori behar da. Hori behar genuen Eldaren aurka, eta hori behar dugu alemaniarren kontra ere», azpimarratu zuen atzo, arratsaldean, entrenamendu saioa hasi aurretik.

Jokalariak behar duten hori lortzeko gai izanen direla ez du zalantzarik entrenatzaileak. Taldea «inoiz baino helduago» ikusten du Ambrosek. «Sumatzen zaio esperientzia». Ostegunean Liga irabazi zutela nolabait bazter uzteko gai ere izan direla nabarmendu zuen Itxakoko entrenatzaileak, burua gaurko partidan jartzeko. «Badakite bertze txapela lortzeko moduan garela, eta Ligaz haratago begiratzeko gai izan dira egunotan».

Osteguneko txapelak izan dezakeen eragina mintzagai izan zuen entrenatzaileak atzo. Eta mezu argia zabaldu zien jokalariei: «Liga irabazi izana ezin dugu lasaitzeko baliatu; eta Liga irabazi arren, halaber, apaltasunez atera behar dugu gaur pistara, lana oraindik ez delako amaitu, aurrean dena emanen duen aurkari bat izanen dugulako. Ezin gara lasaitu».

Aurkaria dena emateko prest, eta 6.500 zale alemaniarren alde. Itxakok hori bere alde baliatu behar duela erran zuen atzo Ambrosek. «Guk badakigu zer-nolako giroa izanen den pabiloian. Badakigu, halaber, Leipzigek nola jokatzen duen. Kontua da, Eldan bezala, partida ona jokatzea eta garaipenaren bidez aurkariaren zaleen txaloak eragitea. Hori da asmoa».

Denbora gutxi

Ambrosek bezala, Itxakoko jokalariek badakite gaurko partidak zer-nolako garrantzia duen. Sasoi bikaina modu ezin hobean borobilduko lukeen txapela dutela jokoan. Sasoian dira partidari aurre egiteko, eta jada pistara ateratzeko gogoz. Atzo bertan izan zuten Leipzigen pabiloiarekin lehen hartu-emana, entrenamendu saioan. Ordu eta erdi inguruko saioa egin zuten, gaurko partida jokatuko duten ordu berean, egokitzeko, ez baitaude hain goiz jokatzera ohitura. 15:15ean jokatuko da finala.

Ambrosek jokalari guztiak izanen ditu gaur pistara ateratzeko moduan. Ez dute denbora anitz izan partida prestatzeko, ostegunean Eldaren kontrako norgehiagoka jokatu zutelako eta ostirala Alacantetik Alemaniara bidean eman zutelako. Alacanteko hoteletik 09:45ean atera ziren Itxakoko kideak, eta gaueko 21:15era arte ez ziren ailegatu Leipzigekora. «Alemaniarrek aste osoa izan dute prestatzeko, baina guk ez. Hala ere, osteguneko partida entrenamendu ezin hobea izan zen finalerako», Ambrosen ustez.

Azken ahalegina egiteko orduada oraingoa Itxakoko jokalarientzat. Etxetik kanpo aritu arren, gauza anitz dute alde nafarrek, eta profitatu beharko dituzte. Batetik, zortzi goleko aldea. Bertzetik, Lizarratik etorriko diren zaleak. Gutxi izan arren, haien ahalegina biziki eskertu zuen entrenatzaileak. Hunkituta agertu zen Ambros. «Gauza handia da jendeak taldearen alde dena egiteko prest dagoela ikustea». Bigarren txapela haientzat nahi du Itxakok.



Nerea Pena.Itxakoko jokalaria

«Ligarekin ez dugu aski, eta EHF kopa irabaztera etorri gara Leipzigera»

E. Elizondo. Leipzig. Berriemaile berezia.

Jokalari gaztea da Nerea Pena (Iruñea, 1989), baina sasoi berean bigarren txapela lortzeko aukera izanen du gaur. Onartu du gauza handia dela hori bere ibilbidean, eta uneaz gozatzeko prest dela.

Itxakok iaz jokatu zuen EHF kopako lehen finala. Zu ez zinen taldean orduan. Hau aurreneko finala da zurezat. Zer erran nahi du zure ibilbidean?

Niretzat hagitz garrantzitsua da, helburu handia baita nire kirol ibilbidean. Iazko txapela galdu eta gero, inork ez zuen espero aurten bertze aukera bat izatea finalean aritzeko, baina lortu dugu. Uste dut sasoi honetan lortzen ahal genuen guztia eskuratzekotan gaudela.

Taldekideak mintzatu dira egunotan iaz galdutako final horri buruz?

Bai, bai, oroitu dira iaz gertatu zenarekin. Aurtengo finalean Dinamo Volgograd nahi zuten berriz aurkari, hain zuzen ere, iaz egindako hutsak konpondu ahal izateko. Jokalariek erran dute iazko final horretan ez zirela ongi aritu, gaizki jokatu zutela, eta arantza hori atera nahi zuten, gauzak bertze modu batera egin, eta irabazi. Dinamo Volgograden kontra ez, baina Leipzigen aurka bai izanen dugu iazko hutsak konpontzeko aukera.

Hasi zarete hutsak konpontzen. Zortzi goleko aldea lortu zenuten joanekoan. Itzulikoa hutsetik hasteko beharra azpimarratu du Ambros Martin entrenatzaileak, hala ere. Iritzi berekoa zara?

Bai, bai. Entrenatzaileak erraten duen bezala, Itxakok irabazteko jokatzen du beti, bertzerik egiten ez daki. Nik ahaztu nahi dut oraingoz lortu genuen aldea; gainera, polita izanen litzateke Kopa irabaztea etxean lortu genuen alde hori baliatzeko beharrik izan gabe, hau da, Leipzigen ere irabazita. Hori da gure asmoa. Aurkaria baino hobeki aritzea, eta nagusi izatea.

Denboraldia bukatzekotan da, baina oraindik sasoian zaretela erakutsi duzue azken partidetan. Nola lortzen duzue?

Une honetan bigarren txapela lortzeko dugun aukerak ematen digu aurrera jarraitzeko indarra, eta pistan dena emateko indarra. Denboraldiaren amaieran erabakitzen dira txapelak, eta hori sekulako pizgarria da jokalariontzat. Indarra edozein tokitatik ateratzen duzu halako egoeretan. Guri hori gertatzen ari zaigu.

Burua ere garrantzitsua da finaletan.

Bai, bai. Gu lasai gaude. Badakigu lanak ematen dituela sariak, eta irabazteko gogoz aterako gara pistara. Partidan erabat sartuta gaude jada. Irabazteko gogo hori da pizgarririk handiena guretzat.

Leipzigeko 6.500 zale izanen dira pabiloian; zer deritzozu?

Niri gustatzen zait jende anitz izatea pabiloian. Zaleak gure kontra badira, hobe. Niretzat hori pizgarri izaten da. Horrek erran nahi du zerbait handia dagoela jokoan.

Errazagoa da partida hau Liga poltsikoan izanda?

Ezberdina da, bai. Baina ABF ligarekin ez dugu aski. EHF kopa irabaztera etorri gara Leipzigera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.