ESKUBALOIA. EHF KOPAKO FINALA. Kalean uso, etxean otso

Denboraldi honetan EHF Kopan etxetik kanpo jokatu dituen lau partidak galdu ditu Leipzigek. Etxean, ordea, beti irabazi du, eta kanporaketa erabakita utzi.

Julen Etxeberria.
2009ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Emakumezkoen eskubaloi talde gutxik bil ditzakete 5.000 zale pabiloi batean. Leipzig da salbuespen apur horietako bat. Eta Alemaniako taldeak zuku ederra ateratzen dio abantaila horri. Bestela, zaila da ulertzen nola irits daitekeen talde bat EHF Kopako finalera etxetik kanpo jokatutako partida guztiak galduta.

Leipzig Arena da balantza desorekatzen duen aldagaia. Hiriko pabiloi erraldoia irakiten dagoen eltzea bilakatzen da Leipzigek etxean jokatzen duenean. Aurkariak kixkali egiten dira han. Horren erakusle, denboraldi honetan EHF Kopan Leipzig Arenatik pasatu diren taldeei gertatutakoa. Storhamar (Norvegia), Baia Mare (Portugal) eta Issy les Moulineaux (Frantzia) bi, lau eta bost goleko aldearekin iritsi ziren, hurrenez hurren, Leipzigera. Bada hirurak lehiaketatik kanpo geratu ziren. Dinamo Volgogradek (Errusia) zorte handiagoa izan zuen zozketan, finalerdietako itzuliko partida etxean jokatzea egokitu baitzitzaion. Euren poza, putz. Kanporaketa hori ere Alemanian geratu zen erabakita, Leipzigek hamar goleko aldeaz irabazi baitzuen joaneko partida.

Gertuko adibideak ere badaude. 2004-2005 denboraldiko EHF Kopako final-zortzirenetan Akaba Bera Berak 37-35 irabazi zion Leipzigi joanekoan, Donostian, eta, itzulikoan, Alemaniako taldeak buelta eman zion kanporaketari, eta zazpi goleko aldeaz irabazi (33-26).

Itxako, beraz, jakinaren gainean dago. Badaki Leipzigek behera egiten duela etxetik kanpo jokatzen duenean. Eta hori baliatu behar du etxean irabazteko. Zenbat eta alde handiagoa egin, orduan eta hobeto, are gehiago itzulikoan, Leipzigen infernua zain duela jakinda.

Baina Leipzig ez da soilik pabiloi erraldoi bat. Pabiloia bezain handia du historia eta garaipen zerrenda Alemaniako taldeak. Datu bat. 1990ean osatu zen Itxakoren lehen emakumezkoen taldea. Ordurako, garaipen zerrenda hau zuen jadanik Leipzigek: Ekialdeko Alemaniako hamahiru Liga, bi Kopa, Europako bi Kopa eta EHF Kopa bat. Alemaniako taldea, baina, ez da iraganetik bizi, zuri beltzean irabazitako tituluetatik bizi. Oraina ere badu. Orain bikaina. Iaz, esaterako, Alemaniako Superkopa irabazi zuen, eta Alemaniako Ligako txapeldunorde izan zen. Aurten ere hori egiteko bidean da, Ligako finala jokatzeko sailkatu baitzen joan zen igandean. Liga erregularrean bigarren izan zen, Bayer Leverkusenen atzetik. 22 partida jokatu zituen: hamahiru irabazi, bi berdindu eta zazpi galdu. Itxakorenak baino estatistika eskasagoak dira -Lizarrako taldeak 23 partida jokatu ditu Ligan; 22 irabazi ditu, eta bakarra galdu-, baina Alemaniako Liga ABF liga baino koska bat gorago dago.

Talde bikaina

Heine Jensen entrenatzaile norvegiarrak kalitate handiko taldea du bere aginduetara. 19 jokalarietatik 17k jokatzen dute euren herrialdeko selekzioarekin. Ez dira, gainera, nolanahiko selekzioak: Alemania, Danimarka, Norvegia, Suedia, Polonia... sona handikoak guztiak. Leipzig oso talde homogeneoa da, eta orekatua defentsan eta erasoan. Alor horretan lehen lerroak du golak sartzeko ardura, bereziki bi jokalarik: Karolina Kudlaczek, erdiko poloniarrak -5,2 gol sartu ditu partidako Ligan-, eta Susann Mullerrek, eskuin alboko alemaniarrak -6 gol partidako-. Susann Mullerrek min handia egin zion Itxakori sasoi honetan, Txapeldunen Ligara pasatzeko ligaxkan. Lizarran (Nafarroa) jokatu zuten partida hura, eta bederatzi gol sartu zizkion. Leipzigen bigarren lerroa ere ez da herrena, eta hor Mette Ommundsen eskuin hegaleko norvegiarra (5,7 gol partidako) eta Natalie Augsburg ezker hegaleko alemaniarra (3,2 gol partidako) nabarmentzen dira. Atea ere ondo zainduta du, Henrike Milde eta Katja Schulke alemaniarrekin. Talde bikaina, azken batean. Itxako bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.