ABF Ligako zortzi talde onenak ariko dira gaurtik igandera Leonen jokatuko den Espainiako Kopan. Zortzi aukeratuen artean maila nagusian jokatzen duten bi euskal taldeak izango dira: Itxako eta Akaba Bera Be-ra. Bi taldeok urruti iritsi nahi dute lehiaketa horretan. Izan ere, datorren sasoian Europako Errekopan aritzeko txartel bat dago jokoan. Hala ere, Espainiako Kopan gertatzen dena gertatzen dela, Lizarrako taldea Europan ariko da datorren denboraldian, Liga bukatzeko lau partidaren faltan, Itxakok 11 puntu ateratzen dizkiolako Vicar Goyari, Europarako lehiaketak jokatzeko sailkapena ematen duen postuetatik at dagoen lehen taldeari. Donostiako taldeak ere eskura du helburua, hiru puntu ateratzen dizkiolako Vicar Goyari.
Itxakok eta Akaba Bera Berak aurkari oso bestelakoak izango dituzte gaur. Donostiarrak Orsan Eldaren aurka ariko dira lehen final-laurdenean. Argi dago Akaba Bera Berak ez zuela zorterik izan zozketan, Elda aurkari indartsua baita. Iaz Liga irabazi zuen, eta sasoi honetan ere lehen postuetan da: hirugarren da sailkapenean. Baina Reyes Carrerek antolatzen duen taldeak ez du ustekabea ematea baztertzen. Denboraldi honetan bi taldeok elkarren aurka jokatu dituzten partidak, gainera, oso parekatuak izan dira. Ligako estreinako partidan, Eldan (Herrialde Katalanak), 19na berdindu zuten. Donostian, berriz, 19-22 nagusitu zen Elda. Akaba Bera Berak goia jo nahi du eta finalerdietarako sailkatu. Han, ezustekorik ezean, Astroc Sagunt izango luke aurkari. Donostiarrek badakite Kopako finalean aritzea zer den. Hirutan lortu dute: 1992-1993, 1995-1996 eta 1996-1997 denboraldietan. Hirutan Osito L'Elianak txapelik gabe utzi zituen. Carrerek jokalari guztiak izango ditu prest Patri Pinedo izan ezik.
Aurkari samurra
Itxakok zorte hobea izan zuen zozketan, etxeko taldea egokitu baitzitzaion. Lizarrako taldeak ez luke arazorik izan behar aurrera egiteko, Leon baino hobea delako. Ligako sailkapenak ez du zalantzarako izpirik uzten: Itxako laugarren da, eta Leon zortzigarren, 18 puntu daude bi taldeon artean. Leonen aurka jokatu zuen hain zuzen Itxakok joan zen larunbatean Ligan, eta aise hartu zuen mendean: 31-22. Nafarrak, hala ere, ezin dira deskuidatu, Leonek etxean askoz hobeto jokatzen baitu. Bi taldeok Leonen (Espainia) jokatu zuten partidan, esaterako, Itxakok estu eta larri irabazi zuen: 27-28. Leon kanporatuz gero, Cementos La Union Ribarroja Ligako liderraren aurka jokatuko luke ia ziur finalerdietan.
Ambros Martinek hiru hutsune izango ditu: Mihai, Demoniere eta Martinenko. Ambrosek, halere, jokalari berri bat du bere aginduetara: Raquel Macias, herenegun fitxatutakoa.
ESKUBALOIA . Espainiako Kopan ariko dira gaurtik Itxako eta Bera Bera
Leon eta Orsan Elda taldeak izango dituzte aurkari final-laurdenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu