ESKUBALOIA . Itxakok Roquetas hartuko du gaur, eta Akaba Bera Berak Mar Alacant, ABF Ligan

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Itxakok eta Akaba Bera Berak ABF Ligako partidak jokatuko dituzte gaur. Etxean ariko dira biak: Itxakok Roquetas hartuko du (20:15) eta Akaba Bera Berak Mar Alacant (19:30). Lizarrako taldeak du partida samurrena, Roquetas sailkapeneko behealdean baitago: hamargarren da, zortzi punturekin. Itxako, berriz, laugarren da, 23 punturekin. Bi taldeen artean dagoen 15 puntuko alde horrek ez du zalantzarako izpirik uzten: Itxakok ez luke inolako arazorik izan behar gaur bi puntuak lortzeko. Lizarratarrak, gainera, gogoz gainezka daude, joan zen larunbatean Orsan Elda liderrari irabazi ondoren. Gaur, beraz, bolada gozo horri eutsi nahiko diote. Ambros Martinek albiste bikaina jaso zuen herenegun, Veronique Demoniere taldearekin entrenatzen hasi baitzen. Erdiko frantziarrak lesio larria izan zuen denboraldi-aurrean eta orain arte ez du partida bakar bat ere jokatu. Oraindik, halere, ez dago jokatzeko moduan.

Akaba Bera Berak aurkari zuzen baten aurka ariko da: Mar Alacant. Bi taldeok eta Vicar Goyak lehia bizia dute bosgarren izateko, azken postua Europako lehiaketetan aritzeko. Egun, Vicar Goya da bosgarren (20 puntu ditu). Akaba Bera Bera eta Mar Alacant, berriz, berdinduta daude seigarren postuan, 17 punturekin. Donostiarrek irabazi egin nahi dute gaur. Ez hori bakarrik, ahal bada, gutxienez bi goleko aldeaz irabazi nahi dute, Mar Alacantek lehen itzulian lortutako emaitzari buelta emateko (23-21).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.