Txapeldun, eta handi. Eta handi denak, handiago izan nahi du. Txapeldunen Ligan du Itxakok orain, handitzen jarraitzeko aukera. Gaur jokatuko du lehendabiziko partida, Errumaniako Oltchim Ramnicu Valcea taldearen aurka. C multzoan dago Lizarrako taldea, errumaniarrekin ez ezik, Hungariako Gyori Audi Eto eta Errusiako Zvezda Zvenigorod taldeekin ere.
Ez da, inondik inora, multzo erraza. «Gure multzoan egokitu zaizkigun hiru aurkariak finalerdietaraino ailegatu dira Txapeldunen Ligan azken bi urteotan», azpimarratu zuen atzo Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek. Aurkariak kontuan hartuta, zaila izanen du Itxakok lehiaketan aurrera egitea. Gogor egin beharko du lan horretarako.
Onenen aurka jokatu behar izateak, hala ere, badu alderdi onik, Ambrosen hitzetan. «Gure indarrak neurtzeko balioko digu onenen artean aritzeak. Aukera polita da hori. Eta gu, gauzak ahalik eta ongien egiten saiatuko gara. Azken bi denboraldietan, Txapeldunen Ligan aritzeko borrokatu gara, eta, aukera hori irabazi eta gero, profitatu egin behar dugu». Entrenatzaileak, hala ere, argi utzi nahi izan du: «Bertze maila bat da Txapeldunen Ligakoa, eta orain arte aritu garen mailatik bi edo hiru koska gorago dago».
Egoera zein den argi eta garbi du Ambrosek. Baina zailtasunak zailtasun, mezu are garbiagoa helarazi zien jokalariei: «Konplexurik gabe jokatu behar dugu». Konplexurik gabe, eta helburu bakar batekin. «Irabazi. Hori bertzerik ez dugu izan behar buruan. Gol bakar batengatik bada, bost axola. Irabaztea da kontua. Besterik ez dugu izan behar buruan».
Burua irabazteko prestatzea, hori da gakoa. Buruari, hain zuzen, berebiziko garrantzia eman dio beti Itxakoko entrenatzaileak. Eta orain gehiago: «Lehiaketa honetan esparru horretan indartsu garela erakutsi behar dugu, partida bat irabazten edo galtzen laguntzen baitu buruak. Txapeldunen Ligan, gure alde baliatu behar dugu hori».
Jokalariak lehiaketari ekiteko gogoz direla azaldu zuen entrenatzaileak. «Gero eta hobeki ari gara, baina oraindik ez dugu goia jo. Errumaniarren kontrakoaren gisako partidek, hala ere, zeure burua behartzera bultzatzen zaituzte, eta hori ona izanen da guretzat».
Asteazkeneko Parc Sagunten kontrako partidaren ondotik, ostegunean arratsaldez bakarrik entrenatu ziren Itxakoko jokalariak. Atzo, berriz, goiz eta arratsaldez. Errumaniarrek ere arratsaldez egin zuten entrenamendu saioa Lizarrako kiroldegian.
Errumaniako selekzioa kasik
Oltchim Ramnicu Valcea izarrez betetako taldea da. Aurreko denboraldian Txapeldunen Ligako finalerdietara ailegatu zen. Badaki Europako lehiaketa bat irabaztea zer den ere: Europako Errekopa eta Superkopa irabazi zituen 2006-2007ko denboraldian. Errumaniako Liga, berriz, hamabost aldiz irabazi du, azken hirurak jarraian. Laugarrena ere bide onetik doa, Ligako aurreneko bost jardunaldiak jokatuta, Oltchim lider baita, partida guztiak irabazita. Joan zen asteazkenean, adibidez, nagusitasunez irabazi zion Rulmentul Brasov Ligako bigarren sailkatu eta Itxakoren aurkari izandakoari (31-25). Beraz, sasoiz eta konfiantzaz gainezka iritsi dira errumaniarrak Lizarrara.
Taldeko kideek Errumaniako selekzioa osatzen dute kasik. Entrenatzailea ere bera da taldean eta selekzioan: Radu Voina. «Beti elkarrekin aritzen dira», nabarmendu zuen Martinek. Partidak prestatzeko abantaila da hori haientzat, entrenatzailearen ustez. Aurkariaren kalitatearen inguruan, hala ere, zalantzarik ez du: «Hagitz lehiakorrak dira. Esperientzia handia dute Europako lehiaketetan; txapelketa irabazteko prestatzen dira, eta jokalariak lehen mailakoak dira. Anitz nabarmentzen ahal dira. Ionela Stanca pibota, adibidez, munduko onena da bere postuan».
Aurkariaren esperientziari, eta haren eraso eraginkorrari etakanpoko jaurtiketei egin beharko diete aurre gaur Itxakoko jokalariek, bertzeak bertze. Entrenatzailearen mezua ongi barneratu beharko dute pistara atera aurretik: konplexurik gabe jokatu behar dutela gogoratu beharko dute, alegia. Eta, gogoratu, halaber, merezimendu osoz daudela Europako hamasei talde onenen artean. Lortu dute nahi zutena. Txapeldunen Ligan dira. Gozatzeko ordua da.
Patri Pinedo.Itxakoko jokalaria
«Ederra da onenen kontra jokatzeko aukera izatea»
E. Elizondo. IruñeaAldaketa behar zuen Patri Pinedok (Amurrio, Araba, 1981), eta horregatik utzi zuen Akaba Bera Bera Itxakorekin sinatzeko. Ongi moldatu da; bertzeak bertze, Eli Pinedo ahizpa eta taldekidearen laguntzari esker.
Zer moduz moldatu zara?
Ondo. Ahizpa hemen egoteak asko lagundu dit. Jokalari gehienak lehendik ere ezagutzen nituen, eta ondo hartu naute. Gustura nago. Harreman polita dago jokalarion artean.
Harreman hori da Itxako hain indartsu egiten duten osagaietako bat?
Nik uste dut horrek baduela eragina gero pistan. Inportantea da giro ona izatea, eta guk badugu.
Txapeldunen Liga hastear da. Lehiaketa horretan aritzeko aukera izan da zu Itxakora ekarri zaituzten arrazoi nagusietako bat. Zergatik?
Jokalari guztiok jokatu nahi dugu Txapeldunen Ligan. Beste etapa bat hasi nahi nuen, eta Itxakok Txapeldunen Ligan jokatzeak bultzatu ninduen azken erabakia hartzera. Ederra da onenen kontra jokatzeko aukera izatea, Europako pistarik onenetan, eta aukera baliatu nahi nuen.
Beste etapa bat hasi nahi zenuela diozu. Amaitua zegoen Akabakoa?
Akaban oso gustura aritu naiz. Beti tratatu naute ondo. Baina garrantzitsua da tarteka aldatzea. Nik aldaketa behar nuen, eta horregatik etorri naiz Itxakora.
Itxakok Liga eta EHF Kopa irabazi zituen aurreko sasoian. Presioaren zama sumatzen duzue?
Zaleak laster ohitzen dira irabaztera. Aurreko sasoikoa ikusita, jendeak espero du sasoi honetan ere zerbait handia lortuko duela taldeak. Baina Txapeldunen Liga beste mundu bat da. Ez da erraza izanen.
EHF Kopan hartutako esperientziak eginen dio mesede Itxakori?
Ni EHF Kopan eta Errekopan aritu naiz, baina Txapeldunen Liga erabat ezberdina da. Askoz ere zailagoa da. Hala ere, poliki-poliki bagoaz, partidaz partida, nik uste dut zerbait ona lor dezakegula.
Oltchim Valcea izanen duzue lehen aurkari. Nola ikusten duzu partida?
Zaila izango da. Talde sendoa da errumaniarrena, oso indartsua. Defentsa oso gogorra dute. Guk gure armak erabili beharko ditugu, eta defentsa da gure arma nagusia. Hori erabili beharko dugu aurkariari aurre egiteko.
Etxean jokatuko duzue lehen partida , behintzat.
Bai, hori garrantzitsua da. Etxean aritzea pizgarri da beti guretzat. Garrantzitsua da gure jarraitzaileen aurrean hastea Europako bidea, eta haien babesa eta laguntza jasotzea.