Esna ari da ametsetan

Jon Errastik Lehen Mailan jokatzeko desioa izan du beti, eta herriko taldean, Eibarren, lor dezake. Onartu du ikusten ari dela bere buruan aukera hori, baina argi dauka oraindik ez dutela lortu.

Jon Errasti, erdi-erdian, Diego Rivas eta Jose Morales ondoan dituela, denboraldi honetan, Alcorconen aurkako Kopako partidan, Ipuruan. A. CANELLADA / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Eibarko etxe batzuetan bada argazki bat, duela urte batzuk ateratakoa: Ipuruan egina da, eta umeen talde bat ageri da. Eibarko talderik txikiena zen garai hartan, eta jokalari haiei ilusioa nabari zaie aurpegian. Auskalo zertan ari zen pentsatzen bakoitza argazkia atera zienean, baina, baliteke, ondorengoa ere pentsatzea: «Lehen Mailan jokatu nahi dut, horixe dut desio eta ilusio». Argazki horretan dago Jon Errasti (Eibar, Gipuzkoa, 1988), eta egun hartatik urte batzuetara, ez zaio asko falta bere ametsa betetzeko.

Herriko taldean lor dezake, gainera, ametsa betetzea. Handia izan behar du horrek, eta handitasunez ari da bizitzen guztia: «Txikitako ametsa betetzeko aukera daukat, eta sekulako ilusioa egiten dit». Oso gogoan du zer pentsatzen zuen txikien talde hartan zela: «Lehen taldera igo nahi nuen, eta hemen nago». Aurreko denboraldian heldu zen herriko taldera, Realeko bigarren talderaino iritsi eta gero. Joan zen sasoian mailaz igotzea lortu zuen, eta orain ere gertu dauka: «Handia ari gara egiten. Sekulako balioa dauka honek guztiak, baina uste dut orain ez garela behar bezala jabetzen. Denbora beharko da egiten ari garen guztiari dagokion neurria jartzeko».

Bera ari da neurria jartzen bere baitan: «Sekulako meritua daukagu. Bigarren B Mailatik gatoz, eta aurrekonturik txikiena gurea da». Eibar igotzen bada, eta igotzen ez bada ere, Errastik oso argi dauka zein den taldearen ibili paregabearen oinarrietako bat: «Apaltasuna. Aldagelan denok berdinak gara, ez dago bat besteen gainetik». Eta, nola ez, ezin ahaztu beste zutabe sendo bat ere: «Lan handia dago atzean, egundoko lana egiten ari gara entrenamenduetan».

Eguneroko horretan murgilduta daude bera eta taldekideak, eta erabat kontzentratuta dabiltza, lanean ari direnean beste ezertan pentsatu gabe: «Lasterketa luze bat da hau, eta aurrera segitu beharra dago; hobe ez geratzea zer egiten ari garen begira». Laneko giroa da hori, baina jokalariak ere badu bere bakardadea, bere buruarekin bakarrik egoteko une hori, eta hor denetarikoak dira buruaren bideak eta irudiak. Errastik garbi azaldu du bere buruan zer dagoen: «Neure buruari esaten diot datorren denboraldian Lehen Mailan jokatuko dugula, nahitaez; ez dago besterik».

Zaleen berotasun handia

Taldekideak etortzen zaizkio gogora hitz horiek esan orduko, teknikarien taldea, eta, nola ez, zaleak: «Eibarreko zaleek merezi dute taldea Lehen Mailan ikustea, hainbat urtez Bigarren B Mailan ikusi eta gero». Ez da Eibarren bizi. Gasteizen du bizilekua, baina gurasoak, familia eta lagunak herrian dauzka. Kalean ibiltzen den aldiro, gertatzen ari dena adierazten diote herritarrek: «Txora-txora eginda dabil jendea. Esaten didate lortua dugula helburu nagusia, mailari eustearena, eta ez bagara igotzen lasai egoteko». Lasai egote horrekin ez dator bat, ordea: «Ez bagara igotzen desilusio handia izango da denontzat, inoiz baino gertuago daukagulako».

Jendartetik bakardadera berriz ere. Bakarrik dagoen une horietan, bere burua ikusten du zelai handietan jokatzen: «Handia izan behar du Bernabeun, Camp Noun, Anoetan edo San Mamesen jokatzeak». Beste irudi bat ere agertzen da askotan bere buruan: «Xabi Alonsoren aurka jokatu nahi dut. Eredu da niretzat; sekulako jokalaria». Oraindik ametsak direnak atera zaizkio barrutik, eta taldea dabilen bezala, normala da ametsetan hastea: «Sufritu egingo dute Alonsok-eta Ipuruan, beste talde denek bezala».

Baina esna segitu behar dute berak eta taldeko kide guztiek, eta oso esna dago eibartarra: «Ondo dago gauza polit horietan pentsatzea, baina hankak lurrean eduki behar ditugu. Oraindik bost partida falta zaizkigu, eta partidaz partida joan behar dugu». Onartu du luze egiten ari zaiola denboraldia azkenean: «Berez da luzea liga, eta, ametsa gauzatzeko aukera hain gertu edukitze hutsa, luzatzen ari da amaiera. Baina ilusioarekin gainditu egiten da nekea». Azkenaldian nekerik handienak Ipuruan dituzte: «Defentsako lan sendoa egitera etortzen dira orain taldeak Ipuruara, lehen ez bezala. Eta gehiago ari zaigu kostatzen partidak irabaztea».

Oztopo horiek nola gainditu landuko zuten asteon entrenamenduetan, serio demonio kon- tzentratuta ibiltzen diren tarte horretan. Behin lanak bukatuta, ordea, aldagela barruan, denetariko gaiez hitz egiten da. Igoeran noiz hasi ote ziren pentsatzen?: «Otsailean hasi ginen, Kordoban irabazi eta gero. Ondoren, bolada onari eutsi genion, eta aldea handitu genuen». Harrezkero, ametsetan dabil Eibar osoa. Errasti ere bai. Baina esna amets egiten segitu behar du eibartarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.