Irujo-Merino II.a 22. Olaizola II.a-Begino 13

Esnatu bazen esnatu...

Aspeko bikoteak puntu garrantzitsua lortu du finalerdietan sartzeko, eta Irujok erakustaldia eman du bigarren zatian

Irujo dejada egiten, Olaizola II.a eta Merino II.a begira dituela, atzo, Iruñeko Labriten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Iraupena. 47 minutu.

Pilotakadak. 348.

Sakez. Irujok bi, eta Olaizola II.ak beste bi.

Markagailua. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-4, 4-4, 4-6, 9-6, 9-7, 10-7, 10-11, 17-11, 17-13 eta 22-13.

Bestelakoak. Leporaino beteta Iruñeko Labrit pilotalekua. Partida hasieran dirua urdinen alde.

Norbaitek ahaztuta al zuen nolakoa den Irujoren jokoa? Inor zalantzan al zegoen krisian ote zegoen? Kito. Azkar asko uxatu zituen Iberokoak duda guztiak atzo, Iruñeko Labriten. Esnatu bazen esnatu, ikuskizun aparta eskaini zuen norgehiagokaren bigarren zatian, eta Merino II.aren laguntza onarekin, ez zien inolako aukerarik eman Olaizola II.ari eta Beginori. Hasi eta buka. Zirt eta zart. Konfiantza hartu eta 12-2ko partziala eginez, txapelketako bosgarren puntua lortu zuen Aspeko bikoteak. Behetik gora datoz, zera esanez: erne gurekin.

Txapeldun handi batek soilik egin ditzaken gauzak egin zituen Irujok. Bera da bi minutuan partidari buelta emateko gai den pilotari bakanetako bat. Nahikoa izan zituen bi tanto konfiantza hartu eta istant batean neurketa erabakita uzteko. Sekulako abiaduran ibili zuen pilota, arnasa hartzeko betarik ere ez zion eman Olaizola II.ari, eta bide batez, azken hilabeteetako mamuak uxatu zituen.

Hori bai, lehen tantoetan ez zen ongi aritu, presaka eta oker baizik. Bikotea, baina, bi lagunek egiten dute, eta Merino II.a ere ez dago denbora alferrik galtzeko. Neurketa erdira arte laukoteko onena izan zen, eta Irujo ere berak sartu zuen partidan. Lehenengo txapelketa izanik, nabarmentzekoa da Villar de Torreko atzelaria egiten ari den lana. Ikusten da bera ongi dagoela, eta Irujok atzo bezala jokatzen badu, txapela irabazteko hautagai sendoak dira.

Eta kirolean sarri gertatu ohi den moduan, batzuk gora doazen bitartean besteek behera egiten dute. Bada, txanponaren alde horretan daude Olaizola II.a eta Begino. Urduri, oker eta euren mailatik oso urrun aritu zen Asegarceko bikotea. Begino nahiko txukun hasi zen, pilotakada ederrak jo zituen, baina berehala erori zen. Inoiz baino gehiago sufritu zuen, gainera, ezker horman baztertutako pilotekin, eta noski, horren meritua Merino II.ak du gehienbat. Sakeak eramaten ere ez zen ongi aritu Auzakoa.

Baina benetan bere mailara gerturatu ere egin ezinda aritu zena Olaizola II.a izan zen. Egia da lesio larri batetik atera berria dela oraindik, baina atzo baino askoz hobeto jokatu izan du Goizuetakoak. Datu bat horren erakusgarri: lau egindako eta sei huts egindako. Urtearen buruan gutxitan gertatuko zaio egindako tantoak galdutakoak baino gutxiago izatea, eta atzo egokitu zitzaion egun horietako bat.

Aurretik lanak ongi eginak dituzte Asegarcekoek, baina geratzen diren bi partidetatik bat irabaztea komeni zaie finalerdietarako sailkapena ziurtatzeko, eta batik bat, konfiantza hartzeko. Okerrik ezean, atzoko bi bikoteak azkeneko ligaxkan izango dira.

Bizkaitarrak, aukerarik gabe

Berasaluze VIII.a-Apraizek ez dute inolako aukerarik finalerdietan sartzeko, herenegun Xala-Barriolaren aurka 14-22 galdu ostean. Aspekoak, aldiz, matematiko sailkatuta daude azken ligaxkarako. Eta helburu horrekin, Gonzalez-Laskurainek ere puntu garrantzitsua lortu zuten Azkainen, Arretxe II-Zabalari 22-19 irabazita. Uste baino gehiago sufritu zuten irabazleek. Gaur, berriz, Titin II.a-Pascual eta Bengoetxea VI.a-Ruiz lehiatuko dira Logroñon. Galtzailea ia aukerarik gabe geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.