Begiak itxita ametsetan, eta irekita ere, antzera. Pixkanaka-pixkanaka, taldea Lehen Mailara igo dela barneratzen ari dira eibartar guztiak. Jota Peleteiroren golarekin atzo iluntzean Alavesi 1-0 irabazi ondoren, Las Palmas-Recreativo partidako emaitzaren zain egon ziren guzti-guztiak, zelaian bertan. 2-0 aurretik zen Las Palmas bigarren zatian, baina Recreativoren hiru golekin eromena bizi izan zen Ipuruan. Zaleak eta jokalariak bat eginda, Gaizka Garitano entrenatzailea dene artean airera jaurtiz... Balentria ikaragarria egin du Eibarrek zelaian, eta zelaitik kanpo berretsi beharra dago orain. 1,7 milioi euroko kapital hazkundea egin beharra dauka klubak Lehen Mailako taldea izateko, eta horixe izango da hurrengo erronka.
Hemezortzi garaipen, hamahiru berdinketa eta bederatzi porrot. 67 punturekin, Bigarren Mailako lidergoa hartuta, liga amaitzeko bi jardunaldi falta direnean lortu du Eibarrek 27.000 biztanleko herri txiki bat munstro handien tartean sartzea. Eibar da gol gutxien jaso duen taldea —40 partidatan 27—, eta Jota Peleteiro aurkarien atzealde gehienak desorekatu dituen jokalaria. Eta, hain zuzen ere, bi errealitate horiek agertu ziren atzo. Geldiketa on-onak egin zituen Xabi Iruretak azken minutuetan, eta Jota Peleteirok sartu zuen partidako gol bakarra. Bi urteko tartean Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igota, esnatu ondoren ere ametsetan jarraitzea dagokio Eibarri. Osasuna Bigarren Mailara jaitsita, hiru euskal talde izango dira hurrengo denboraldian ere maila nagusian. Zilarrezko mailan, Alaves dabil larri, azkenaurreko postuan, 45 punturekin. Liga amaitzeko bi jardunaldi falta direnean, bi puntura dauka salbazioa. Sestao Riverrek, berriz, bi kanporaketa jokatu beharko ditu Bigarren Mailara igotzeko ametsa gauzatu ahal izateko. Atzo 2-2 berdindu zuen Albaceteren zelaian —3-3 joanekoan—, eta Bigarren Mailara igotzeko gol bakarrera geratu zen.