1. finalerdia

Espainia finalera, penaltietan

Hutsean bukatu da Portugalen eta bien arteko partida. Cescek sartu du penalti erabakigarria. Portugal lehen 90 minutuetan pixka bat gehiago izan da, luzapenean Espainiak hobeto jokatu du. Bideoa: Penaltiak [YouTube]http://youtu.be/FaHlLRc0mT0[/YouTube]

2012ko ekainaren 28a
21:08
Entzun

Espainia berriz ere Eurokopako finalean izango da, 2008an bezala. Orduan irabazi egin zuen. Orain ikusi egin behar. Irabazten badu, marka historikoa lortuko du, inork ez dituelako sekula irabazi nazioarteko hiru txapelketa segidan. Espainiak 2008an Eurokopa eskuratu zuen, 2010ean Mundiala.

Penaltietan sailkatu da finalera, Portugal kanporatuta. Partida hutsean bukatu da, eta Cescek sartu du penalti erabakigarria.

Penaltiak

- (Espainia) Alonsok huts. Rui Patriciok gelditu dio.
- (Portugal) Moutinhok huts. Casillasek gelditu dio.
- Iniestak gola.
- Pepek gola.
- Piquek gola.
- Nanik gola.
- Ramosek gola.
- Alvesek langara.
- Cescek gola.
- (Ronaldo zen hurrena botatzekoa).

Lehen 90 minutuetan Portugal pixka bat gehiago izan da. Oso goian egin du presioa aurreko hiru jokalariekin (Nani, Almeida, Ronaldo), zelai erdikoen babesa izan dute, eta Espainia ez da eroso izan jokoa sortzeko. Hori da honen dohain nagusietakoa, eta hori kenduz gero apur bat galduta sentitzen da, baloi luzeak-eta joz. Agian hori pentsatuta, Del Bosquek Negredo atera du titular, baloi luzeetan bizkarrez jokatzeko, baina formulak ez dio funtzionatu.

Dena dela, Espainiak berak sortu du lehen gol aukera garbia, landutako jokaldi baten bidez, 9. minutuan; baloia penalti puntu parean Arbeloari iritsi zaio eta ozta-ozta joan da kanpoa haren errematea.

Portugalek bigarren zatiko bukaeran sortu du aukerarik garbiena, kontraeraso batean: Ronaldok ezkerrez kanpora bota du.

Luzapenean, Espainia nagusi. Portugal nekatuegi zegoen; presio harekin ezin zuen segitu. Espainian luzapenean, batik bat, Albak, Iniestak, Pedrok eta Navasek sortu dute arriskua, baina Alonso eta Busquets zelai erdian nagusi zirelako hartu dituzte haiek baloiak nahikoa baldintza onetan aurrean.

Iniestak ia sartu du 1-0ekoa luzapeneko lehen zatian, eta Navasek ere okasio ona izan du bigarrengoan. Baina hutsean amaitu dute —txapelketako bigarren 0-0koa—. Penaltietan, Espainia finalera.

Beste finalerdia. Ostegun honetan: Alemania-Italia (20:45).

Finala. Igandean, Kieven (20:45).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.